Batzuei buruhauste zaizkie «nor da euskalduna?» edo «zer da euskalduna izatea?» galderak, «nor da frantsesa?» edo «zer da espainola izatea?» ez bezala. Euskalduna izatea (artikulu honetan ez gara sartuko euskalduna/ euskal herritarra ñabarduretan) zer den definitzen ahalegintzerakoan,beti dator norbait «baina» batekin. «Baina badira euskaldunak eta espainolak direnak, edo euskaldunak eta frantsesak»...
Baina nor dira aldi berean espainol eta euskaldun edo frantses eta euskaldun sentitzen diren horiek? Nola ulertzen dute euskaldun izatea? «Euskalduna eta espainola naiz, Espainian sortu nintzelako eta badirelako urteak Euskal Herrian bizi naizela, beraz biak dira nire herriak». Ados, Euskal Herrian bizi (eta beharbada hazi) izanagatik, zergatik behar du ukatu bere sorterria? Hori, migratu duen edozeini onartzen zaio. Pakistandarra eta ingelesa, txinatarra eta kanadarra, marokoarra eta frantsesa... Beren burua harrera herriko hiritar edo herri horretako herritarren naziokide gisa agertzen badute, harrera herriaren naziotasuna onartzen dute.
Euskal Herrian nortasun bikoitzaren galdera beste bat da. Euskal Herrian galdera horri erantzuten zaio—azken urteetan behintzat— norbanakoaren nortasun-biografia eta genealogiatik. Amerikako Estatu Batuetan euskal emigratuen hirugarren eta laugarren belaunaldikoak ere sentitzen dira, beren gisan, nolazpait euskaldun. Baina, oroz gainetik, estatubatuar. Baita lehen belaunaldiko emigratuak ere.
Zergatik da norbait euskalduna eta espainola/frantsesa aldi berean? Londresen bizi den pakistandarra ingelesa edo San Frantziskon bizi den hirugarren belaunaldiko euskalduna amerikarra den bezala? Gurasoetako bat alemana eta bestea frantsesa duena bezala? Hots, aitortzen duelako Espainia/ Frantzia eta Euskal Herria bi nazio bereizi direla? Ala uste duelako Euskal Herria Frantziako edo Espainiako eskualde bat dela? Alegia, uste duelako euskalduna izatea espainola edo frantsesa izatearekin lotuta dagoela; azpi-nortasun bat dela? Euskalduna delako dela frantsesa edo espainola? Normala iruditzen zaiolako Espainiako edo Frantziako polizia Euskal Herriko bazterretan ibil dadin? Naturala zaiolako Frantziako edo Espainiako banderak ikustea gure lurrean?
Nortasunari buruzko galdera horri erantzun indibiduala ematen diogulako egiten dugu huts auzi honetan. Bakoitzak baditu bere genealogia, ibilbidea eta maitasun istorioak. Horiek guztiek eragiten dute norbanakoaren nortasunean. Baina «euskalduna zara ala espainola/frantsesa» galdetzen denean, ez gara horretaz ari. Galdera kolektiboki ulertu behar da, eta ikuspegi kolektiboarekin erantzun behar zaio. Hots, norbait izan daiteke Espainian sortua (edo Errumanian, Marokon, Bolivian...) baina Euskal Herriaren naziotasuna —eta beraz independentziarako eskubidea— aitortzen duena. Kontua da ea kontsideratzen dugun Euskal Herria beste edozein nazio independenteren pare. Euskaldun izatea hala kontsideratzen bada, bakoitzaren naziotasun bikoitzak ez dira garrantzitsuak auzi honetan.
Genealogiak, ibilbide profesionalak eta sentimentalak beti Euskal Herriarekin lotu dituzten horiek ematen duten erantzuna ere izan liteke «euskalduna eta espainola/frantsesa». Kasu honetan, erabat argi dago hautu politiko bat dela, eta Euskal Herria beste baten azpian ikusten dutela (aitortuta edo, hain segur, aitortu gabe azpiratze hori indarkeriarekin egin zela, milaka eta milaka euskaldun hil dituztela mendez mende eta abar). Euskal Herria «Espainian» edo «Frantzian» delako uste badu espainola edo frantsesa ere badela, euskalduna izatea frantsesaren edo espainolaren azpi-kategoria bat dela, espainola edo frantsesa da oroz gainetik. Hau da, bi nazioren arteko lurralde eta autoritate gatazka dagoen tokian gatazka horretan ez sartzea edo gatazka hori ukatzea, de facto, nazio menderatzailearekiko bat egite bat da. Ez da, hain segur, hautu politiko kontziente edo hausnartu bat: anitzez eragin handiagoa dute Frantziak eta Espainiak dituzten baliabide guztiek pentsamendu hori errotzeko, eta sinetsarazteko hautua norberarena dela eta indar harremanek, legeek, administrazioak, kultura politikek, ekonomiaren antolaketak eta politikak ez dutela eraginik horretan.
Indibidualismoa muturrerainoeramaten ari garen honetan (klimalarrialdiaren ondorioak konpontzea norbanakoaren ardura omen da, ez kolektiboa, ez enpresa handiena, ez erakunde publikoena... eta denekin horrela), azpimarratu behar da nortasunaren galdera ez dela galdera indibiduala. Gai kolektiboa da. Lur batean bi nortasun —lur horretako berezko herri bat eta lur hori okupatzen duen beste bat— gatazkan baldin badaude, zapaltzaileari komeni zaio galdera kolektiboa saihestea. Gatazkarik ez dagoen lekuetan, galdera indibidualak hainbat interes soziologiko izan ditzake, baina ez du zalantzan jartzen bertako lurreko eta lur horri dagokion nortasun kolektiboa. Eta gatazka dagoen tokian, galdera kolektiboa ukatuz isiltzen da gatazka, edo galdera indibidualari garrantzia kenduz ekartzen da auzi politikoa erdigunera.
Halaber, norbanakoaren ikuspegia erdigunean jartzearen arrazoiak balio liguke ulertzeko zergatik ezin ditugun askatu herri honetan pil-pilean dauden beste korapilo batzuk ere.
Nortasun bikoitza Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu