Normalkuntzarenak egin du

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Hitz eginaz errealitatea deskribatzen dugu, baina hizkuntzak errealitatea moldatzeko, gauzak egiteko, gaitasuna ere badu. Horrela esan zigun J. L. Austin filosofo ingelesak How to Do Things with Words lanean (1962). Ideia hori bete-betean aplikatzen zaio botere egiturek erabiltzen duten hizkerari. Legeek gure bizitza moldatzen dute, zer gizarte motatan bizi behar dugun ezartzen digute, ebazten dute zer egin behar dugun eta zer ez, zer den zuzena edo okerra, zigorrik merezi dugun ala ez... Horren adibide, azken hamarkadetan EAEn elite politikoak euskaldunoi ezarri digun hizkuntza politikan daukagu, bera baldintzatu, mugatu, duen legedian.

Legedi horretan «euskararen normalkuntza» jarri zen helburu modura. Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea izena jarri zioten legeari. Hautu hori ez zen inozoa izan. Hitz horrekin euskararen presentzia anomaliatzat jo zen, eta espainierarena edo frantsesarena normaltzat. Legeak egin behar zuena, beraz, euskara normalizatzea ei zen.

Horrek oso egoera erosoan jarri zuen elite politikoa, baina menpekotasunera kondenatu gintuen euskaldunok. Normalizatzea neurtezina izanik, elite politikoa izango zen erabakitzen zituena eman behar ziren urratsak, balioesten zituena emaitzak, eta erabakitzen zuena zer den euskara normalizatua egotea eta zer ez. Horrela, euskara elite politikoaren atzamarretan geratu zen, eurendako erosoa izango zen legedi baten pean, oso egokia inori konturik eman beharrik ez izateko, eta kontuak euskaldunoi eskatzeko, gu anomaliatzat jo eta gero.

Espainiako Konstituzioak mugak jarri bazizkion euskarari, normalkuntzarekin euskal politikariek, mugak zabaldu beharrean, estutu egin zituzten, Espainiatik murriztuta zetorrena etxekoek murriztuagoa utziz legedi hertsitzaile batekin.

Ez zitzaion euskarari lehentasunezko hizkuntza estatusa aitortu EAEn; ez zen helburutzat jarri euskaldunon presentzia unibertsalaren aitortza bermatzea egunerokotasunaren dimentsio guztietan, ezta euskararen gutxieneko ezagupen unibertsala segurtatzea ere, edo belaunaldi berrietan komunikazioko lehen hizkuntza bihurtzea.

Legediaren helburua ez zen herritar guztiengan eraspen sentimenduak iratzartzea euskarekiko, edo euskara altzoa eta orea bihurtzea elkar aitortzan oinarritutako erkidego bizitza errepublikazale, harmoniatsu eta demokratiko batean. Aitzitik, euskara talka gune batean jarri zen, gizartearen periferian, normalizatu beharra zuten herritar batzuen bizkarrean: arnasguneetan, eskoletan, komunikabide sistemaren bazterrean, eta ez gure euskal errepubliken bihotz eta zainetan.

Okerrena dena, euskaldungoak bereganatu egin du helburua, normalkuntza, eta mantra: euskara ez da politizatu behar, euskara ez da ezarri behar, euskara ez... Horrek elite politikoari bere burua zuritzeko bidea eman dio, eta gure artean errudun sentipena zabaldu du estalinismoaren errezetari jarraituz: «Ez da politikarien errua, errua nirea da», «politikariek ez, nik egin behar dut gehiago», «ni gaiztoa naiz euskara ezarri nahi dudalako modu ez demokratiko batean», «politikariak, lider maitagarriak, onak dira, ni naiz petrala»... Euskara bahitu, eta errudunak gu garela sentiarazi nahi izan digute, eta horrek balio izan du ere euskaldunok desaktibatzeko, gure ametsak eta ilusioak zapuzteko.

Berrogei urte joan dira, eta anormalak izaten jarraitzen dugu, ez da ezer aldatu alde horretatik; jarraitu behar dugu aldarrikatzen, mobilizatzen, eskubide batzuk erregutzen... eta zarata gutxi ateratzen. Gainera, euskarak prozedura demokratikoen galbahetik pasatu behar du eten gabe, erdarek ez bezala. Legedi hertsitzaile horretatik irten nahi izatea demokraziaren aurka joatea litzateke, norbanakoaren (erdaldunaren) askatasunaren aurka, berdintasunaren aurka, emaitza ekonomiko batzuen aurka, eskubide sozial eta sindikalen aurka, migrazionismo ideologiko eta kulturaniztasun artifizialistaren aurka. Ba al dago hori dena baino gauza okerragorik?

Elite politikoak aitortu du emaitzak ez direla harro egoteko modukoak; ez da gutxi! Baina emaitzak kazkarrak direnean, neurri eraginkorrak eta ausartak hartu behar dira.

Lehenik, euskara ekarri behar da berriro jokaleku politikora, eta legedi berria mamitu behar da. Legedi horren abiapuntuan euskarari lehentasunezko hizkuntza estatus politiko propioa aitortu behar zaio, erdarek estatus politiko predemokratikoa duten bezala. Legedi horren helburua izango da euskara lehentasunezko komunikazio hizkuntza bihurtzea; bermatu behar du ezinbesteko eta gutxieneko euskararen ezagupen unibertsala, baita euskaldunon presentzia unibertsalaren aitortza ere.

Beharrezkoa da euskararen erabilera legea ere, gure egunerokotasunean kontuan hartuko gaituena: lanean, aisialdian, jendarte hartu emanetan, komunikabide guztietan... Euskararen eta euskaldunon presentziaren aitortza, besteak beste, eragileen konpromisoaren eta betebeharraren magalean jesarriko da, eta ez subentzio huts sistema batean.

Hirugarrenik, hezkuntza murgiltze eredu bakarreko sisteman oinarritu behar da, euskara lehentasunezko hizkuntzatzat joko duena. Bakarrik horrela euskaldunok eta euskara ez gara eskuin-ezkerreko gure politikari liberalen menpe egongo, baizik eta modu errepublikazale eta demokratiko batean garatuko dugu gure norbanako eta erkidego bizitza, menpekotasunik gabe, askatasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.