Nork inkubatu du arrautza?

Pastor
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Aurten 25 urte bete dira Olof Palme hil zutenetik, eta indarkeriak Eskandinavia astindu du berriz, oraingoan Norvegian. 1986ko otsaileko 28an ezezagun batek Suediako lehen ministroa tirokatu zuen Stockholmen, politikaria emaztearekin zinematik irten eta gero. Palme aurrerakoia zen: presio fiskal handia ezarri zion kapitalari eta demokrazia soziala garatu zuen, herritarrei guk hemen nekez ezagutuko ditugun zerbitzuak eskainiz. Etorkinei, esaterako, bidea eman zien jaioterritik irakasle bat eramateko Suediara, estatuaren diruaz seme-alabei ama hizkuntza irakasteko. Gamla Stanen, Stockholmeko alde zaharrean, ibiltzen ziren hegoamerikarrek azaltzen zizuten hori guztia —orduko Suedian anitz ziren Txile, Argentina eta Uruguaiko iheslari politikoak—. Palmek demokrazia industriala ere bultzatu zuen: langileen ordezkaritza enpresetako administrazio kontseiluetan, kasu. Hego Afrikako apartheid-aren kontra jardun zuen gogor, eta AEBen politika inperialistaren aurka —Sobiet Batasuneko askatasunik eza ere kritikatu zuen—.

Izan zen Palmeren hilketaz poztu zenik, eta ez soilik eskuinetik. Nire lagun batek «sozialdemokrata zikina» deitu zion hilketaren berri izan bezain laster. 1975ean, Suediako lehen ministroa zen garaian, Stockholmeko kaleetara irten zen Palme, itsulapikoa eskuan diru eske, Francok hiltzera kondenatutako borrokalariekiko elkartasunez. Alta, lagun haren ustez, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideren alde egin zuenak heriotza merezi zuen, sozialdemokrazia sistema kapitalista apaintzeko tresna baitzen. Pentsatzen genuenok iraultzak testuinguru historiko eta baldintza sozio-ekonomiko jakin batzuetan baizik ez direla ematen eta, bitartean, justizia sozialaren alde egitea aurrerapausoa dela susmagarriak ginen.

Norvegiako atentatuen egileak Islamaren eta Europaz kanpoko etorkinen kontra ezer ez egitea leporatu dio Jens Stoltenberg sozialdemokrataren gobernuari. Erraza da erasotzailea zorotzat jotzea, baina zoro horrek ez du burua galdu fantasiak puztutako ameskerietan. Zoroak gizartean hedatua den pentsaeratik edan du. Haren mezua ez da arrazakeria klasikoan oinarritzen; arriskutsuagoa da. Izan ere, arraza edo herri batzuk beste batzuk baino gutxiago direla esatea defendaezina da gaur. Inork gutxik onartuko du kanpotik etorritako herritarren gaitasun intelektual edo fisikoak orokorrean gureak baino eskasagoak direla. Untermensch-aren teoriak ez du saltzen. Kultura desberdinetako kideak elkarrekin bizi ezin daitezkeela aldarrikatzeak, ostera, bai. Kasu honetan, kanpokoa ez da gu baino gutxiago, diferentea baizik, eta arriskutsua, gure bizimoduari erasotzen diolako. Horren arabera, erlijio, balio eta eredu kultural diferenteek kalte egiten diote bizikidetzari. Ez da zaila halako mezuak gizartean txertatzen, Ingmar Bergmanek Ormens ägg —Sugearen Arrautza— filmean nazismoaren sustraiei buruz erakutsi zuenez. Ildo horretan, eraso horien gaineko erantzukizun morala ere aipatu behar da, Daniel Poohlek, Expo arrazakeriaren aurkako aldizkariko zuzendariak, nabarmendu duenez. Eskuin-muturrak musulmanak kriminalizatzen baditu erasotzaile islamisten erlijioa dutelako, musulman eta etorkinen kontrako mezuak hedatzen dituen eskuina eraso arrazisten erantzulea da, haien pentsaera bera duelako. Mezu arrazistak hedatzeak sugearen arrautza inkubatzen du, eta orduan errazagoa da hura noizbait lehertzea.

«Ez dago herrialderik halako erasoetatik guztiz babestua denik», esan du Norvegiako lehen ministroak atentatuei buruz. Stoltenbergek «demokrazia eta gizatasun handiagoak» agindu ditu. Oso inozoa izan behar da Norvegian ezertxo ere aldatuko ez dela pentsatzeko, baina bertako gobernuaren lehen erreakzioak itxaropentsuak izan dira. Kohesio soziala, hezibidea eta errespetua aipatu ditu. Gizarte guztietan dago indarkeria hondar bat, politikoa, ekonomikoa, soziala. Agerikoa, edo ezkutukoa, sinbolikoa. Indarkeria, gatazka hori behar bezala kudeatzen jakitea da gakoa; gizarteko kontraesanetaz jabetzea eta denontzako elkarguneak bilatzea dugu konponbide inperfektua. Horretan etsi gabe jardutea erraza izango ez dela jakin arren. Denak susmagarri bihurtzea, lortu ezinezko erabateko segurtasunaren aitzakiaz askatasun zibilak gehiago murriztea, ez da bidea. Gorrotoa eta odol egarria hedatzea ere ez. Horretaz, esanguratsua izan da egunotan Espainiako zenbait hedabideren mezua: norvegiarrek oso kondena samurrak ezartzen omen dituzte, hilketa bakoitzeko hiru hilabeteko zigorra besterik ez du jasoko hiltzaileak ... Badirudi Espainiako kode penal krudela esportatu nahi dutela. Hauxe erantzungo nieke: aukeratzen hasita, nahiago dut sistema bat, halako sarraskiaren egileari 21 urteko epai irmoa ematen diona, kutxazain automatiko bat erretzeagatik 10 urteko kondena, behin betikoa, ezartzen duena baino.

Olof Palmeren hilketa ez zen inoiz argitu. Susmo gehienek nazioarteko eskuin-muturra egin zuten erantzule. Mundua aldatu egin da geroztik: globalizazioaren aurpegi atzerakoiena dugu nagusi, eta Palmek garatutako neurri sozialak oraintxe bertan sinatuko lituzkete, begiak itxita, haren heriotzaz poztu ziren iraultzaileek —bulego eder batean eserita ez daudenek, behintzat—. Gu ere aldatu gara: garai haietako susmagarriok eszeptikoagoak gara, baina oraindik segitzen dugu pentsatzen justizia sozialaren aldeko edozer egitea aurrerapausoa dela gizateriarentzat. Nire orduko lagun horrek, iraultzarik odoltsuena nahi zuenak, EAJko karneta du egun. Bozka egunetan jeltzaleen ordezkari ibiltzen da, tarteka, Bizkaiko herri batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.