Lander Majuelo.

Nork ez du bere ama maite?

2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Berriz ere egin du. Oraindik ere frogak biltzen gabiltza, baina lortu du laugarren aldiz jarraian. Begirada gardenaz irribarrea osatu, bi hitz bota eta inor konturatu orduko hil du hautagai sozialdemokrata. Beste behin. Alemaniako hauteskundeak Angela Merkelek nahi duenean hasi eta amaitzen dira. Irabazi du berriro, inoiz galdu ez duela. Bi esaldi behar izan ditu, bozak, Europa eta mendebaldeko gidaritza dantzan jartzeko. Ia halabeharrez, ogi bila jaitsi eta ezagunen batek zerbeza bat hartzera gonbidatuta ezer kontatu behar duenaren antzera. «Ezin gara jada gure lagunez fida. Europarrok etorkizuna gure eskuetan hartu beharra dugu». Krak. Hautsi dira SPDko bihotzak.

Partida hasi baino lehen amaitu. Bi une horien artean koroatu du bere burua Merkelek. Eta kapitalaren ultrak, zoratzen. Prentsa serioa txaloka, eskuak puskatu beharrean, progresoaren esperantzari musugorri. Bera artean lasai, Gena Rowlands balitz bezala dabil atril atzean, eskuak airean higitzen dituela, maitasun osoz dena hautsi edo berreraikiz. Garagardoari trago bat eman, agur ere esan gabe Martin Schulzen zerraldotik jaitsi eta bueltan doa ogiarekin etxera. Eta denak atzetik. Alemaniaren eta Europaren aldekoak, Trump eta brexit-aren aurkakoak. Alderdi guztiek osaturiko koalizio handia. Nork ez du bere ama maite? Irailean hauteskunde orokorrak eginen dituzte, Merkelek jada irabazi baditu ere, gainontzekoei garrantzitsuena parte hartzea dela adierazte aldera edo. FDPko liberalak Bundestagera bueltan sendo datoz, eta eusten badiote, Merkelek haiekin koalizioa lotu eta ez du SPD ezertarako beharko. Helmut Kohlek kantziler gisa osatu 16 urteak berdintze bidean da. Burdinazko lasaitasunaren aroa.

Bere aurkako alternatiba ezak nabarmentzen du Merkel batetik, eta konfiantza amaigabearen truke eskainitako botere ekonomiko eta barne egonkortasunak bestetik. Ezaugarri zehatza du, besteen proposamenak onartu ez eta ostera bereak balira bezala aurkeztu eta betetzea. Europa zen Schulzi geratzen zitzaion azken gaia, eta hori ere ostu dio. Merkel ideologiaren hedadura familiarra da, mugitu nahi arren estu hartzen zaituen zaintza, «freskatu du, hartzazu txaketa» agindu politikoa. Bere hoztasunak enpatia sortzen du, ereindako krisiz krisi datorkio fidagarritasuna. Suntsitu eta eraiki, ez du muga ezagutzen. Nahi gabe dena konpondu edo laguntzeko beharrez dena hautsi. Esku leun eta higatuak. Antinomia protestante bat. Datozkion arazo guztiak desegitea lortzen du, berdin ehunkada mila errefuxiatu berean hartu edo beste milaka batzuk libiar itsasoan itotzen utziz. Euroaren haustura, Grezia, migratzaileen etorrera, ultraeskuina, Schulz efektua. John Cassavetesek gidoian idatzi bezala: Denak fuera. Obamak utzitako lekua betetzera dator.

Zergatik ausartu da orain hitzok esaten? Macronek dakar lehen bidea. Frantziako hauteskundeetan ikusi du Merkelek Europar Batasunari eta elite politikoei egin salaketen gogorrak ez duela marra gorria gainditzen. «Nahi bezainbeste gorrota gaitzakezue, beste aukera faxismoa da». Bozak gureak dira. Herren bada ere, salbu da Europa. Aurrera, beraz, erreformekin. Botere dena kantzilerrari. Alemaniak Europar Batasuna behar du, bere iraganarekin bakarrik ez geratzeko. Historia zabalago bat, mamu propioei lurpean eutsiko badie. Peter Falk zen Genaren eragina maitatzen ikasi zuen bakarra, baina ez da etorri. Frantziari eskua, beraz; beste inor ez dago. Macron babestu, hauteskunde legegileetan erraz irabazi eta Le Pen apurka gutxitu dezan. Gidaritza partekatu bat, EBZ zuzentzen Deutsche Bankeko buru Jens Weidmann jarriz. Europa bai, baina Deutschland First.

Beste arrazoia Trump da. NATOren azken bilkura jasan eta gero, AEBetako presidentearen osteko garaia prestatzen hasi da Merkel. Bere garaipena eta brexit-a ez ditu onartu, eman badira ere. Trumpek bere agintaldia lehertu edo amaituko ez duelakoan dago. Ziur aurkeztu du bere burua esparru transatlantikoaren eta kapitalismoaren zuzendari izateko. Desira eta errealitatea. Influentziapean. Hau da auzia. Schulz hiru hauteskunde federaletan jana zuela, eta Europar Batasuna berdin nahieran zerabilela, gehiegi arriskatu da Merkel. Bozak eta Europa lotzeaz gain bi esaldiz munduko botere orekak kolpatu baditu. Eta Alemaniari beti zaio zaila nazioarteko harremanen balantzan bere pisua onartzea. AEBen atzetik ez dabilen Europar Batasunik ez da. Putin eta Erdogan inguruan, brexit-a kobratu gabe, esparru arabiarra hautsiz doala. Oilarrak edonon, etsai gehiegi. Azken asteotan Txina eta Indiarekin bildu da kantzilerra, irrikitaldian, baina ekonomiaz harago, urrun ditu herrialdeok.

Uztailean guztiak Hanburgora gonbidatu ditu. G-20 bilkura eta Gena Rowlands hariak higitzen. Bi esaldien eraginean datoz denak. Kaleek sutan jasoko dituztela argituko da Angela Merkelen dema. Ziurtasun eza da nagusi, mapa zaharrek ez dute balio. Apurtuz doaz paisaiak, biharko geografia ezin dugu asmatu. Merkelek ez du sekula galdu. Bakarrik dator, baina, oraingoan, eta inoiz baino harroago. Ez al dira batzuetan bi hitz sobera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.