Duela 45 urte, 1976ko uztailaren 23an, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur bahitu zutenek hitzordu-tranpa bat jarri zioten, eta bertara joan zenean bahitu eta desagerrarazi egin zuten. Eta berrogeita bost urte luzez etxekoek gorpuaren bila ahaleginak eta bi egin dituzten arren, desagertua jarraitzen du.
Bahitu zutenean, ETA politiko-militarreko buruzagia zen, eta erakundeak ez zuen lortu argitzerik nork jarri zion hitzordu-tranpa hura, Perturrek ez ziolako inori esan nor ikustera zihoan. Tranpa jarri aurretik bahitzaileek haren konfiantza osoa irabazi zutenaren seinale. Horrela lortu zuten inongo arrastorik ez uztea, baina horrexek berak salatzen du, hain zuzen ere, bahitzaileen nortasuna, soilik zerbitzu sekretukoek baitzuten hitzordu-tranpa hura hain ondo antolatzeko gaitasuna. Soilik beraiek burutu zezaketen lan zikin hura batere arrastorik utzi gabe.
Zerbitzu sekretuetakoak oso iaioak dira halakoak antolatzen, eta ondoren beti egin izan dute gauza berbera: gerra zikineko ekintzak izan direla ukatu eta erantzukizuna eskuin muturreko taldeei edo barne-liskarrei egotzi. Hamaika aldiz baliatu dira gerra zikinak alboan daraman joko zikin horretaz, eta kasu hartan ere berdin jokatu zuten. Emaitza ezin hobearekin, gainera, gaur egun, oraindik ere, jende askok zalantzak baititu benetan gertatuari buruz. Bai, oraindik ere uste dute ez dagoela seguru jakiterik Pertur barne-liskarren biktima izan zen edo ez, hain izan da eraginkorra kasu horren inguruan zabalduriko intoxikazio kanpaina.
Hasieran erabili zituzten gezurrak Pertur bahitu aurretik zabalduriko gezurretan oinarriturikoak izan ziren. Adibidez, Donostiako La Voz de España egunkari frankistak bahiketa baino hiru hilabete lehenago, 1976ko apirilaren 8an, zabalduriko bat, zeinaren arabera ETAren adar militarra izan zen Pertur bahitu zuena.
ETAren adar militarreko buruzagitzat zuten Tomas Perez Revillaren kontra atentatu bat burutu zuten Donibane Lohizunen pare bat aste lehenago, eta egun horretan La Voz de España-k zabalduriko berriak zioen Perturri egozten ziola Perez Revillak atentatu haren ardura eta haren kontra «errepresalia egokiak» hartzeko asmotan zebilela.
Hara zer zioen, zehazki, La Voz de España-k: «Erabilitako armak—Mariettak—, munizioa —Geko markakoa— eta atentatua egiteko modua adar politiko-militarreko ekintzaileen ohikoak dira. Perez Revilla frogak biltzen ari da atentatua gauzatu zutenen kontra errepresalia egokiak hartzeko asmoarekin. Moreno Bergareche, Pertur, jotzen du atentatuaren arduradun».
ETAren adar politiko-militarrak orduan erabiltzen zituen armen artean zegoen Marietta, bai, baina espainiar zerbitzu sekretuentzat lan egiten zuten mertzenario batzuek ere arma berbera erabiltzen zuten, eta, gerora frogatu ahal izan zenez, espainiar Poliziak AEBetan erositakoak ziren, gainera.
Espainiar zerbitzu sekretuek euskal errefuxiatuen kontrako atentatuak egiteko eman zizkien Marietta haiek mertzenarioei, eta horretarako erabili zituzten Iparraldean. Ez horretarako bakarrik, ordea, Vittorio Occorsio italiar epaile antiterrorista ezaguna erailtzeko ere erabili baitzuten, 1976ko uztailaren 10ean, Pertur bahitu baino bi aste lehenago.
Italiar Poliziak atzeman egin zuen atentatuan erabilitako Marietta, eta espainiarrek egindako hanka-sartze bati esker laster jakin ahal izan zuen espainiar Poliziak AEBetan erositako sorta batekoa zela. Izan ere, arma haiek kanoiaren kanpoaldean zituzten zenbakiak besterik ez baitzituzten ezabatu, ez zekitelako barnealdean ere markatuta zeudela. Armen jatorria argitu ondoren, italiar epaileek azalpenak eskatu zizkieten behin eta berriro espainiar agintariei. Alfer-alferrik, ez baitzuten batere erantzunik jaso.
Pertur desagertu zenean oraindik argitu gabe zegoen espainiar Poliziak AEBetan erositako Marietta haiena, eta horregatik egotzi zioten haren desagertzea ETAren adar militarrari, baina laster ohartu ziren gezur harekin ez zutela urrutira joaterik, eta, adar militarraren ordez, politiko-militarreko kide bat jarri zuten jomugan, Migel Angel Apalategi Apala. Hark erail omen zuen Pertur, buruan tiro eginez, Mercedes auto baten barruan.
La Voz de España izan zen, berriro ere, gezurra zabaltzeari ekin ziona, eta orduko hartan lortu zuten, lortu zutenez, gerora indar handia hartu zuen beste gezur bati bidea irekitzea. Pertur bahitu zutenak harekin tirabirak zituzten adar politiko-militarreko bi kide izan omen ziren: Apala eta Pakito Mujika.
Bada, egia da haiek izan zirela Pertur bizirik ikusi zuten azkenak, hark eskatuta Donibane Lohizunetik Behobiaraino eraman baitzuten autoan, baina horrek zerbait erakusten badu zera da, bi etakide horiek ezin zezaketela inolaz ere zerikusirik izan Perturri Behobian jarri zioten hitzordu-tranparekin. Zerikusirik izan balute, egingo zuketen azkeneko gauza Perturri baiezkoa ematea izango baitzen hark galdegin zienean ea Behobiaraino eraman ahal zuten beren autoan. Edozein aitzakia erabiliko zuketen eskaerari uko egiteko, elkarrekin ikus ez zitzaten.
Nik dakidanez behintzat, inork ez du zalantzan jartzen Pertur hitzordu-tranpa baten bidez bahitu zutela, inork ez, eta horregatik zaizkit hain ulertezinak jende askok Apala eta Pakitori buruz dituen susmoak. Zeharo bateraezinak iruditzen baitzaizkit, batetik, segurutzat jotzea hitzordu-tranpa izan zela bahitzaileek erabilitako metodoa, eta, bestetik, bi etakide horiekiko susmoak izatea.
Bada garaia susmo horiek alde batera utz ditzaten!
Nork bahitu zuen Pertur?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu