Nork ateratzen dio etekina hondakinak erretzeari?

2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Urteak daramatzagu hondakinen errauste planten beharra dugula entzuten. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Zabalgarbi eraiki zuen, eta orain handitzea eskatzen du. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak, sortu den kontrako iritziari eta aurkeztu diren alternatibei —atez ateko bilketa, adibidez — kasurik egin gabe, Zubietako errauste plantaren proiektua planteatu eta bultzatu du. Azken berriak Nafarroatik datoz, non hondakinen kudeaketarako plana onartu berri duten. Plan horrek gaikako zabor bilketa lurralde osora zabaldu aurretik errauste planta bat eraikitzea planteatzen du; Montejurrako mankomunitateak egiten zuen organikoaren bilketa selektiboa ere deuseztatu egingo du.

Baina gezur asko daude «behar» horren atzean. Teknologia egokiarekin hondakinen %100 birziklatu daitezke, atez ateko zabor bilketatik hasiz. Errauste plantaren jarraitzaileek atez atekoaren aurka erabiltzen duten aitzakia nagusia zabortegiaren beharra da. Ez dute esaten, ordea, erretzen diren hondakinetatik sortzen diren errauts eta hondakinentzat errauste plantak ere zabortegia behar duela.

Hondakinen balorizaziotik (erretzetik) ateratzen den energia berriztagarria dela ere esaten dute, hondakin organikoak errez sortzen den energia berriztagarritzat hartzen baitu Europar Batasunak, nahiz eta gas naturala erretzea baino kutsagarriagoa den. Energia berriztagarria iturri agortezinetatik edo birsortzeko gaitasuna dutenetatik ateratzen dena da. Erretzen diren hondakinak, birsortu daitezkeen material nahasketa bat dira (plastikoa, beira, egurra, papera, materia organikoa…). Hondakin horiek birziklatuz erregeneratzen dira. Erre eta errauts bihurtzen baditugu, jada ezingo dira errekuperatu. Gainera, hondakin hezeak eta energia kalorifiko gutxikoak erretzeko gas naturala gehitzen zaie; beraz, sortzen duten energia, neurri handi batean, gas naturaletik eratorria da.

Errauste plantaren defendatzaileek esaten duten beste gezur bat: «Errauste plantaez da kaltegarria». Ez da egia. Eragin handia du osasunean eta ingurumenean. Hondakinak erretzeak kutsatzaile toxiko asko sortzen ditu, eta errautsetan kontzentratzen dira, eta atmosferara ere igortzen dira. Kutsatzaile toxiko horien artean daude dioxinak, furanoak, merkurioa, beruna, metal astunak, gas azidoak eta arnastu daitezkeen partikula ultra finak. Toxiko horiek jaiotzatiko malformazioak, fetuaren malformazioak, immuno-sisteman, hormona-sisteman eta nerbio-sisteman nahasteak, kalte neuronalak, eta arnasa eta bihotzeko gutxiegitasunak sor ditzakete, besteak beste.

Eta, hori guztia jakinda, nola jarraitzen dute Euskal Herriko administrazio gehienek errauste planta defendatzen? Erantzuna ez da berria: horren guztiaren atzean gutxi batzuentzat soilik onura dakarren negozioa dago, betikoentzako negozioa.

Negozioa hau diru iturri bat baino gehiago izateko dago antolatua. Lehen pausoa azpiegituraren eraikuntza, martxan jartzea eta mantenimendua esleitzea da. Hori obra publiko handi guztietan gertatzen da. Eraikuntza enpresak, kontsultorak eta zerbitzu enpresek eratzen dituzten enpresa talde handiei azpikontratatzen zaizkie. Haiek eramaten dute lan mota horietarako jartzen den diru publiko guztia. Bigarren onura erraustegi plantaren aktibitatetik dator. Lehenik, mankomunitateek eramaten duten zaborra jaso eta erretzeagatik kobratzen dute. Eta, ondoren, haiek «berreskuratze energetikodun balorizazioa» deitzen dutena dator. Izatez, gas naturala gehituz hondakinak erre eta sortutako elektrizitatea energia berriztagarri gisa saltzean datza, eta legeak haien negozioa babestu eta energia berriztagarritzat hartzen duen arren… ez da berriztagarria! Energia berriztagarria sortzearen onura enpresek diru publikotik jasotzen dituzten diru laguntzetan eta saltzerakoan petrolioa, gasa eta ikatza erabiliz sortutako energiaren aurrean duten lehentasunean dago. Negozio biribila!

Jarduera horren inguruan muntaturiko lobby ekonomikoari ez zaio interesatzen hondakinak gaika jasotzea eta ahalik eta gehien birziklatzea, horrela ez baitzuten zer erre izango eta negozioa bukatuko bailitzaieke. Eta administrazioek ez dute interes orokorra defendatzen; alderantziz, interes ekonomikoen zerbitzura daude. Horregatik ez dute 3Reen alde egiten: gutxitu, berrerabili eta birziklatu. Birziklatze tasa handitzea posible da hondakinak gaika jasoz gero eta gaur egun birziklatzen ez diren materialak birziklatuz. Horregatik, ELAk exijitzen du benetako hondakin gutxitze eta birziklatze politikak eta errauste planten proiektuak behin betiko bertan behera uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.