Idazlea

Nori komeni zaio gerla? Nori ez? Zergatik?

2025eko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mundu guztiak daki, edo jakin beharko luke, nor zen Wellington mariskala: goi mailako militar britaniarra, Waterlooko batailan Napoleonen aurkako armadako buruzagi. Badago esaldi bat, ustez berak esandakoa: «Bataila bat galtzearekin antz handiena duena, bataila bera irabaztea da».

Hamarnaka mila soldadu hil ziren bataila famatu hartan. Oro har, hau da, desertoreak, zaurituak eta preso egindakoak barne, ehun mila baino dezente gehiago izan ziren biktimak, modu batean edo bestean bi bandoen artean banatzekoak. 

Mende bat geroago, Lehen Mundu Gerla jazo zen. Hildako soldaduak milioika izan ziren orduan eta, aurrekoan bezala, irabazle eta galtzaile artean bana litezke, erdi bana ia. 

Hori guztia ikusita, dudarik ez dago Wellington mariskalaren esaldi hura zentzuz beteta zegoela, bere garaian eta baita geroago ere. 

Futbol partida batetik irtetean, ikusleek «irabazi dugu» edo «galdu dugu» esan ohi dute, partiduaren emaitzaren arabera banatzen dira eta. Asko dira, gainera, bi motetako lehien artean, hots, kirola eta gerla, nolabaiteko paralelismoa ikusten dutenak, eta gerla bera futbol partidua bailitzan interpretatzen dute. Baina benetan esan dezakegu gerla baten ostean gizakiak irabazle eta galtzaileen artean banatzen direla? Edo gehiago oraindik: hori al da batzuk zein besteak bereizteko irizpide zuzena? Uste hori oso hedatuta badago ere, Wellingtonen esaldiak bestelako ikuspegia ematen digu. 

Bazen ingeles aberats bat, finantzetan aditua nonbait. Uso mezularien sistema bati esker, beste inor baino lehenago enteratu zen Waterlooko batailaren emaitzaz. Batailaren aurreko egunetan Londresko burtsa kili-kolo zegoen: britaniarren garaipenak igoera izugarria ekarriko zuen; baina porrotak, era berean, jaitsiera erabatekoa. Zer egin zuen orduan aipatu aberats hark? Kapital osoa burtsan inbertitu korrika eta presaka. Garaipenaren berria Londres osoan jakin zenean, haren dirua biderkatu egin zen. Gizon hori tipologia baten adibiderik behinena da: gerla batetik onuraduna. 

Nortzuk dira onuradun horiek, bada? Esate baterako, arma salerosleak, merkatu beltza kontrolatzen dutenak, era batean edo bestean gerlak lapurretak egiteko ematen duen aukera aprobetxatzen dutenak… legez zein legez kanpo, gerlari esker aberastu direnak. Zeren eta gerla, beste gauza askoren artean, negozioa baita.

Eta zein motatako pertsonak sar daitezke kategoria horretan? Oro har, diruz aberatsak edota nolabaiteko botere edo influentzia dutenak egoera larri batetik atarramentua lortzeko.

Beste kategoria bat, noski, biktimarena da: biktimek, gutxi-asko, beti galtzen dute zerbait gerlan. Bizitza, senideak, gorputz atalen bat, osasuna, lanpostua, etxebizitza, ondare materiala… Izan Napoleonen edo Wellingtonen soldadu, izan frantses armadakoa edo Alemaniako Kaiserrena, gehien-gehienetan jende xumeak izaten dira kategoria horretan. Zenbat aldiz ikusita gaude, film zein nobeletan, gerla handi baten ostean kaleak soldadu izandako eskale elbarrituz beteta? Batek, akaso, garaipenaren kontsolamendu makala izango du; besteak, ordea, hori ere ez. Baina, halere, biak elbarritu, biak eskale, biak biktima.

Hirugarren kategoria, bizirik atera direnek osatzen dute. Edo, zehatzago esanda, galera larririk izan ez dutenek. Galera gutxi edo batere ez, irabazpenik ezta inolaz ere. Gustatu nahiz ez, gerla egoera batean pertsona xumeek izan dezakegun zorterik onena kategoria honetan sartzea da. Ez gehiago.

Gerla eta kirol lehiaren artean bada beste desberdintasun nabarmena. Gerlan araurik ez, etsaia suntsitzeko denak balio du eta: hilketak, torturak, bortxaketak, gosea, gezurra, traizioa, iruzurra… Nekez topa dezakegu gaitz horietatik guztietatik erabat errugabea zen armadarik. Eta kontrakoa ematen badu, egin kontu ez dela izango egiaren ondorioa, propaganda egokiarena baizik.

Garrantzitsua da pertsona xumeok uler dezagun, gerlarik izatekotan, gure bandoak galdu ala irabazi ez dela izango guretzat funtsezkoena, baizik eta gerlaren ondoren biktimen ala bizirik atera direnen kategorian sartuko garen. 

Mao Zedong txinatar buruzagia, ordea, ez zen iritzi berekoa. Hark bi kategoriatan banatzen zituen gerlak: iraultzaileak eta kontrairaultzaileak. Horren arabera, gerla iraultzaile batean garaipenak onura kolektiboa ekarriko zion jende xumeari. 

Eman diezaiogun Mao lehendakariari zalantzaren pribilegioa. Baina, arrazoi izango balu ere, ez dugu ahantzi behar historian izandako edozein iraultza beti gerla bati (edo bati baino gehiagori) lotuta egon dela: Frantziar Iraultza, Irlandako independentzia, Sobietar, Txinatar edo Vietnamdar epopeiak… guztietan biktima xumeen kopurua izugarria izan da, baina behe mailako giza klaseek garaipenetik lorturikoa, bestalde, maiz lausoturik geratu da, iraultza bukatu eta urte gutxira.

Hala eta guztiz ere, azken honek ez gaitu zertan kezkatu une honetan, zeren eta epe ez oso luzean aurreikusten den gerlak ez baitu, inolaz ere, iraultzaile izateko trazarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.