Nori ematen ahal dio botoa kristauak?

2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Abortua defenditzen duenari ezin dio botoa eman kristauak». Estatu espainoleko apezpikuen batzordekideak horrela mintzatu dira. Eta botoa ez emateko arrazoia, honako hau: bizia defenditzen ez dutelako, edo eta xehekiago, biziaren aurka jokatzen dutelako. Argudioak aski mardul eta sendoa dirudi. Teori arloan, behinik behin, nik ez diot hutsik ikusten. Bizia ondasun nagusia denez, ez du merezi ondasun hori zaintzen ez duenaren alde bozkatzea; are gehiago, gizatasun legeak berak ezinezkoa bihurtzen du biziaren aurka ari denari botoa ematea.

Zehaztapenen mailara jaitsiz gero, berriz, ez naiz hain eroso sentitzen, nolabaiteko zalantzak goibeltzen bainau. Ea lortzen dudan goibel horren nondik norakoa azaltzea. Apezpikuen erranaren arabera, teorian bizia defenditzea deitzen duguna, xeheki, errealitatean, abortuaren aurka jokatzea da. Eta, bai, hala da. Baina ez da hori ikuspegi partziala? Erran nahi baita, ez da hori errealitatearen zati baten ikuspegia? Izan ere, bizia anitz modutara lagun daiteke eta anitz modutara kaltetu. Biziari eraso egiteko bidea anitza da, defenditzeko ere anitza den bezala. Jaten ez ematea, ondasunen banaketa desberdina, aberatsen alde jokatzea, ez da biziaren kontra aritzea? Zerk eragiten du, ba, munduan, herrien arteko ondasun banaketa desberdinak baino hildako gehiago? Zerk egiten dio kalte handiagoa jendearen bizitzari, aberats eta behartsuen arteko desberdintasunak ez bada? Apezpikuen argudioari jarraituz, aberats eta handien aldeko alderdi politikoari ez dio kristauak botorik ematen ahal.

Eta guduak bultzatzea, gudurako tresnak egin eta saltzea, ez digu inork erranen biziaren aurkako jokabidea ez dela. Jende eta Estatu aberatsen kutxak sosaz betetzen dituen armagintzak, hondamendia zabaltzen du hainbat eta hainbat eremutan, behar-beharrezko hornidurarik gabe dauden herrietan gehienetan. Zenbatekoa da gerrateek eragiten duten ingurugiroaren kaltetzea, hildako biztanleen kopurua, herrien eta herritarren arteko harremanak pozoitzea, bertze bizi-baldintzak oztopatzea? Izan daiteke zalantzarik, biziaren aldeko argudioa erabiliz gero, gudu eta armagintzaren alde dagoen alderdi politikoari ez zaiola botorik ematen ahal?

Eta inork ukatuko ote du herrien norberatasuna zanpatzea eta baztertzea, herrien kulturak eta hizkuntzak desagerraraztea, bertako kulturaren gainetik bertze kultura inposatzea, inork ukatuko ote du hori biziaren kontra jokatzea dela? Apezpikuek diotenez, ordea, Espainiaren batasuna arriskuan paratzen ahal duten nazio Horrelako jarrera defenditzen duten alderdi politiko eta agintariak horrela ikusten ari gara, eta beraiei ez diegu, kristauok behinik behin, botorik eman beharko. Aipatutako biziaren alde jokatu beharreko arrazoiagatik. Ez dira, bada, kultura eta hizkuntza jendearen biziaren alderdiak? Ez dira kristauarentzat Jainko kreatzailerengandik sortuak, eta bere babesa dutenak? Nola egiten ahal diote eraso errealitate horri?

Apezpikuek aipatzen ez dituzten zehaztapen horiek bihurtzen dute, hain zuzen ere, partzial eta alderdikoia beraien ikuspegia eta baiezpena. Eta zehaztapen horiek sortzen dizkidate zalantzaren goibelak, nahasbidea dakartela uste baitut. Nor ez da ohartzen, izan ere, zehaztapen partzial eta alderdikoia deitu dudan horren ondorioez? Zera gertatzen baita, abortuan biziaren defendatzaile sutsu agertzen diren alderdi politiko batzuk, bertze arlotan biziaren etsaiak direla; zera alegia, armagintza, desberdintasun ekonomiko eta herrien zapalkuntzaren aldekoak direla; ikuspuntu kontserbadoreko taldeak, hain zuzen. Zehaztapen bakarra eginez, ordea, abortuarena, apezpikuek talde horiei bozkatzea gomendatzen dutela iduri du, eta kontraerran garbian erortzen direla, gomendioa biziaren izenean egiten dutenez gero.

Abortuan biziaren alde gogorrago jokatzeko arrazoi bat aipatzen da, batzuetan, gizaki sortu berria errugabe eta indargabea dela. Baina Ruandan armadunengandik iheska eta jatekoa ezin ahoratuz dabiltzan biztanleak ez ote dira errugabeak eta indargabeak? Hori, azkenaldian entzunenetakoa den egoera bat aipatzeagatik. Ez dut uste, hainbertze lekutan gosearen eta gerratearen hatzaparretan harrapatuta bizi direnak, errudunak eta indartsuak direla erratera inor ausartuko denik. Ez ote dute aski argirik apezpikuek, hain azterketa nire iduriko okerrak argitaratzeko?

Nori eman behar diogu botoa? Gutxienez, hautesleak ez nahasten saiatu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.