mertxe mugika

Norbanakoak eta hizkuntza politika, elkarlanean

2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoan euskara izango dugu hizpide, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez. Izan ere, egun horietan egingo da, lehen aldiz, Euskaraldia egitasmoa. Alabaina, nire iritziz, komenigarria da aztertzea asmo eta ekimen horretara heltzeko bidean gertatu diren hainbat kontu.

Aspaldiko kezka da euskararen erabilera ez datorrela bat ezagutzaren hazkundearekin; halaber, euskararen normalizazioan ari garenon artean, ohiko komentarioa da lan egiteko moldeak aldatu edo berraztertu egin behar direla, eraginkorragok izan gaitezen. Bestetik, azken urteotan, behin eta berriro errepikatu da «elkarlan» hitza, bai euskararen aldeko aurkezpen guzti-guztietan aipatu ere, auzolanarekin batera. Aldaketa-garaia dugu, beraz.

Bide horretan, AEKren ikuspegian argi egon da, eta dago, euskararen geroa guztion artean marraztu behar dugula, eta ideia hori ondo baino hobeto islatu da Korrikaren azken hiru edizioetako mezuetan:

18. Korrikan, Eman euskara elkarri leloa erabili genuen: dakienak ez dakienari irakatsi, ulertzen duenak dakienari erabiltzeko aukera eman, herri-agintariek denei ikasteko abagunea eskaini... Euskarak denona eta denontzat izan behar du; denon ardura, kohesiorako lehengaia eta tresna.

19. Korrikan, Euskahaldun hitza zabaldu genuen. Euskal Herria euskalduntzeko, norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi beharra dugu, kontura gaitezen euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahaleginak, eta areago dezagun gure ahalmena auzolanean. Egin eta eragin.

20. Korrikan, BATzuk leloaz baliatu ginen. AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets: hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua. Justizia-kontua da hizkuntza gutxituek irauteko babesa izatea eta hiztunen eskubideen defendatzea; hortaz, beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia da euskara aukera-berdintasunean bizitzea, egunero eta eremu guztietan, herritar guztiok merezi baitugu antzeko aukerak izatea, egunero eta plaza guztietan.

Horiexek mezuak: integratzaileak, aktibazioa bilatzen dutenak; norbanako, talde, erakunde eta eragile guztientzat. Mezuak baino garrantzitsuagoa da, ordea, harago joateko deia; gure hizkuntza berreskuratzeko lanean, denok izan behar dugulako beharrezko eta protagonista. Elkarlana eta auzolana, AEK-k sarri aipatuak, denon artean burutu behar ditugu; argazki bat baino gehiago izan behar dute.

Bide horretan, pozgarria da, beste ekimen batzuen artean, Euskaraldia gauzatzen ikustea, AEKren nahiekin bat egiten duelako eta, zergatik ez aitortu, Korrikak ereindakotik ere elikatzen delako. Batetik, argi dugu azken Korrikaren elkarlanerako deiak eta Santiago zubiko ekimen bateratuak erraztu egin dutela bidea; bestetik, bistan da Egiako, Lasarteko eta bestelako egitasmoek, Euskaraldiaren aitzindariek, edan dutela Lorea Agirrek 19. Korrikako azken mezuan ahalduntzearen alde egin zuen dei hartatik.

Beraz, aurrekari horiek guztiak aintzat hartuta, argi daukat Euskaraldia bultzatu beharreko egitasmoa dela, egunero ari garelako lanean belarriprestak eta ahobiziak prestatzen, beraiei zor diegulako euskaraz bizitzeko aukerak sortzea eta hedatzea. Gainera, uste osoa daukat Euskaraldiak ekarriko dituela lan egiteko bestelako moldeak, sareak eraikitzeko baliagarria izango dela eta beste tresna indartsu bat bihurtuko dela euskarari prestigioa emateko.

Hala ere, ezin gara itsutu. Euskaraldia erabilera indartzera dator, baina ezagutzaren unibertsalizazioa ezin da bazterrean geratu; ezin dugu inola ere bigarren mailan jarri, egina balego bezala. Lehenik, ikasteko aukerak bultzatu behar dira, ahalik eta belarriprest gehien lortzeko; ondoren, horiek ahobizi izatera animatu behar ditugu. Horrez gain, euskarak beste beharrizan batzuk ere baditu: oraindik esparruak irabazi behar ditu, eta horiek ez dira etorriko norbanakoak ahaldunduz baino. Konpromiso orokorragoak behar dira; finean, unea da hizkuntza-politika publikoa eta integrala abiatzeko.

Abagune honetan, Euskaraldiak ez du 2018. urtera mugatu nahi, eta 2019an beste helmuga bat izango du: erakundeetan ere 11 egunez euskaraz aritzea. Uste dut hortxe jokatuko dela normalizazioari begirako partidarik garrantzitsuena. Izan ere, norbanakoak une zehatzetan aktibatzea erraza izaten da, baina gakoa entitateen aktibazioan dago, epe luzerako aktibazioan. Itzela litzateke 2019ko neguaren atarian, adibidez, EiTBko talde osoak 11 egunez programazio gehiena euskaraz eskaintzea, edota kazeta nagusien orrietan euskarazko orriak ugaritzea, herri eta hirietako kultur egitarau osoa euskaraz izatea, kiroldegietako ikastaroak euskaraz egiteko aukera edukitzea, elkarte gastronomikoetan euskaraz egitea bilerak, enpresetan eta Administrazioko edozein bulegotan euskaraz egitea lehenbiziko hitza eta euskaraz jarraitu ahal izatea...

Orduan bai, Lorea Agirrek esan zuen bezala, izango gara nor. Orduan, euskara erdira, plazara, ekarriko dugu, guztion artean, denon eraginez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.