Karmelo Landa
Europarlamentari ohia

Norako bandan Europa

2025eko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Okerreko bidetik eraman nahi gaituzte. Europaren berrarmatze plangintza agintzen digute, baina zergatik eta zertarako? Noren alde, noren aurka, noren aginduetara? Berrarmatze erraldoi eta oso garesti hori ez da bakerako bidea, ez du Europaren defentsan lagunduko, ez du bloke nagusiekiko autonomia erraztuko. 

Armagintza, bakea eta gerra zein nazioarteko seguritate baldintzak sakon eta modu independentean aztertzen ditu Stockholmeko Nazioarteko Bakerako Ikerketa Institutuak(SIPRI), eta hauxe dio: nazioarteko geopolitika okerreko bidetik abiatu dela eta horrekin batera arma nuklearren arriskua areagotuz doala azken garaiotan, batez ere ojiba nuklear operatiboen ugalketaren kausaz. Guztira 12.121 dira, eta hauen %90 AEBen eta Errusiaren eskuetan daude gaur. 

Zenbat eta arma gehiago erosi AEBei, orduan eta indartsuago Trumpen agintea eta ahulagoa Europa. Ukrainako gerra garatu den bitartean, %155 igo da Europak AEBetan erositako armategia. Gauzak horrela, balizko 800.000 milioiko inbertsio europar horretatik zatirik handiena, halabeharrez, AEBetako arma konpainietara joango da, Trumpen inperialismo gordina indartzera.

Europako Parlamentuaren aurrean mintzatu berri da Jeffrey Sachs iparramerikar aditu konprometitua, Bakearen geopolitika hitzaldi entzutetsuan.

Munduak orain bizi duen egoera latz eta arriskutsu honen jatorria, neurri handi batean, Amerikako Estatu Batuen politika inperialista berrituan aurkitzen da. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna  disolbatu zenetik, 1990-1991 urteetatik, «agintari estatubatuarren konbentzimendua da mundu hau estatubatuarra dela eta beraiek nahi dutena egingo dutela mundu osoan», dio Sachsek. AEBen jokabideak arrazoia ematen dio: bloke sobietarra desegin eta Varsoviako Ituna desagertu ondoren ere, Clinton presidente amerikarrak,  NATOren indartzea eta ekialdera zabaltzea erabaki baitzuen 1994an, Errusia isolatu eta ahultzeko asmoz. Ondorengo presidente guztiek bide berari ekin diote. Hungaria, Polonia edo Txekiar Errepublika NATOn sartu zituzten, eta gero Baltikoko errepublikak, Errumania, Bulgaria, Eslovenia eta Eslovakia. Gainera,  2002an  Estatu Batuek aldebakarreko erabakiz abandonatu egin zuten Arma Nuklearren kontrolerako Ituna, eta 2019an gauza bera egin dute Maila Ertaineko Arma Nuklearrei buruzko Itunarekin.  

Europar Batasuneko buruzagiek ere horretan lagundu dute, NATOren hedapenaz batera EB bera paraleloan zabalduz; 2008an onartu zuten bai Ukraina bai Georgia izango zirela hedapen politiko eta militar horren hurrengo urratsak. Putinen Errusia bete-betean sartu zen joko horretan, Ukrainaren inbasio militarra burutu, gerra latza azken hiru urteotan luzatu eta ehunka mila ukrainar erailez. 

Orain, Trump nagusi, AEBek Putinekin tratua nahi dute, galtzaileen bandoan ez agertzeko. Estatu Batuen inperialismo gordinak lotsa guztiz galdu du Donald Trump horren presidentziapean. Trumpek Netanyahuren eta Israelgo gobernu sionistaren genozidioa hauspotu eta bere egiten du. Ez du ezkutatzen bere Amerika handi egiteko asmo inperialen barruan, Groenlandia, Kanada eta Mexiko mendean hartu eta bereganatzeko gogoa ere hor duela. Ez du ezkutatzen Txinaren hazkundea geldiarazteko estrategia duela,  gerra aukeratzat hartuta. Nabarmen utzi du Europa bera erabili eta gero bazterrean uzteko erabakia ere.

Horrela, Trumpek agerian utzi du Europako agintarien morrontza eta inperialismo estatubatuarrarekiko zerbitzuko langintza. Behartu ditu Von der Leyen, Macron edo Sanchez bera Europaren autonomiaren eta defentsa estrategia propioaren aldeko diskurtsoak egin eta Europa osoaren berrarmatzea aldarrikatzera. Baina hori guztia funtsik gabeko berbaro hutsala baino ez da. Egia balitz, ezer baino lehen inperialismo iparramerikarrari lotzen dizkion kateak moztu beharko lituzkete, maila militarrean, teknologikoan edota  energetikoan, besteak beste. NATOren egitura desegin. Estatu Batuen base militarrak eta era guztietako interbentzio militarrerako egiturak Europako lurraldeetatik atera. Nazioarteko zuzenbide arauak betearazteko era guztietako erakundeak indartu, blokeen egitura arriskutsu honetatik bestelako mundu-gobernantza baketsura abiatuz. Gerra-estrategiatik bake-estrategiara aldatu, Israelen genozidio jarraitua geldiarazteko neurri eraginkorrak hartuz. Ukrainaren inbasioa eta gerra odoltsua geldiarazteko bide politiko propioak ireki. Ez dute halakorik egiteko asmorik ere agertu. 

Euskal herritarrok gure jarrera propioa indartu eta agertu behar dugu, lehenengo etxe barruan, bertoko alderdien aurrean. EAJren «atlantismoa», adibidez, etxekalte eta inperialismo amerikarraren mesederako bihurtzen da beti. Oraintsu Pradales harro itzuli da Estatu Batuetatik IBM ordenagailu kuantikoa maletan, ohartu gabe IBM Trumpen gobernuaren parte dela gaur eta aukeran teknologia kuantiko europarra ere badela. EH Bildu bera ere Pedro Sanchezen euskarri sendoa bihurtu da, Sanchezen politika europarra berrarmatzearen aldekoa den honetan. 

Euskal Herria nazio gisa agertu behar da ahots propioz hemen eta Europan edo Munduaren aurrean. NATOren aurka lehen eta orain, inperialismo guztien aurka gaude eta nazio bizi eta libreen alde, deitu Palestina, Ukraina, Sahara, Katalunia, Galizia edo Euskal Herria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.