Norabidea aldatzeko, gelditu

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian merkantzien lurreko garraioaren sektoreak 10.138 enpresa zituen 2009. urtean, eta gehienak bost ibilgailu baino gutxiago zituzten garraiolari autonomoak ziren. Lau urte geroago, sektoreak 1.400 garraio enpresa galdu ditu, eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo hilabeteetan garraio enpresak desagertzeko erritmoa azkartuko da, eta urtea amaitu baino lehen garraio sektorearen laurden batek jarduera bukatutzat joko du. Aldi berean, sektoreko lan baldintzak jasanezin bilakatu dira, eta sarri askotan sasi-esklabotzarekin zerikusi handiagoa dute, lan duinarekin baino. Hala, kanpoko baita tokiko ehunka garraiolariak ere garraio kooperatiba faltsuetan lan egiten ari dira, eta askok hilero 14.000 kilometroko lana egin ondoren 300 euro ziztrin eramaten dituzte etxera. Bitartekariak izugarri ugaldu dira, eta garraiolariaren lanaren %30-%50 artean eramaten dute kamioirik eraman gabe. Halaber, oso gutxi dira lanaren truke prezio duinak kobratzen dituzten garraiolariak, kostuak estaltzea lortzen dituztenak eta euren negozioaren etorkizuna bermatu ahal dituztenak.

Egoera honetan, garraiolari autonomoak ezin gara esku gurutzaturik egon. Aberastasuna eta lan duina sortzen dugunok eta gure etekin ekonomiko apurra gure herrian inbertitzen ditugunok ordezkatuak izaten ari gara, eta gure ordez flotistak, bitartekariak eta multinazionalak gailentzen ari dira, autonomoak eta soldatapeko gidariak esplotatuz prezioak jaistea lortzen dutenak eta lana kentzen digutenak. Ezin dugu etsi. Ezin dugu onartu gure herriko sare produktiboan ezinbestekoa den sektorea espekulatzaileen eskuetan uztea.

Maiatzaren 30ean euskal sindikatuek eta gizarte mugimenduek Greba Orokorrera deitu genuenean kide batek esaten zuen bezala, galtzaileen itxaropen bakarra borroka kolektiboa da. Herri honetako langileak, autonomoak zein soldatapekoak, langabeak, etxe kaleratzeen biktimak, iruzurrak jotakoak, ikasleak, lan etorkizunik ez duten gazteak, erretirorik gabeko erretiratuak, langabezia saririk gabeko langabeak…. dugun bide bakarra indarrak batu eta inposatzen zaizkigun politikei aurre egitea da eta, aldi berean, alternatiba soziala eta ekonomikoa eraikitzea herritarren gehiengoaren zerbitzura.

Alternatiba horren gakoetako bat merkantzien lurreko garraioaren berezko erregulazioa da, euskal garraiolari autonomoaren autoeraketa eta garraioaren egitura autogestionatuak bultzatu eta lagundu beharko lukeena. Liberalizazioaz mozorrotu den garraio sektorearen abandonuak ekarri du Hego Euskal Herrian garraio politika propioa ez garatzea. Hala, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek Europan eta Madrilen garraioaren lobby-ek markatzen dituzten neurriei itsumustuan jarraitzen diete, garraiolari autonomoa desagertzea bultzatzen dutela kontuan hartu gabe. Merkantzien lurreko garraioaren sektorea kontrolatzeko flotistek eta multinazionalek zabalik duten borrokan politika dute haien alde.

Haatik, miseria inposatu nahi diguten elite politiko eta ekonomiko ustelduen biktimek aukera bat dugu modu kolektiboan, bateratuan eta elkartasunez jokatzen baldin badugu, eta garraiolari autonomook gure sektorearen etorkizuna bermatuko duen alternatiba ekonomikoaren eta sozialaren aldeko borrokan ezinbesteko papera jokatu ahal dugu. Azken finean, oraindik ere garraioa gure esku dago, eta, horrenbestez, gure esku dago ere gauzak aldatzeko aukera. Kamioiak mugitzen baldin baditugu, egungo norabide berean mugituko da Euskal Herria, baina kamioiak gelditzen baldin baditugu, norabide aldaketa behartu dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.