Duela 30 urte, Maastrichteko itunari buruzko bozketan, ezezko hiru boto baino ez ziren izan Espainiako Diputatuen Kongresuan, gu bionak eta Jon Idigoras handiarenak. Itun hark Europa eraikitzeko zuen egiturazko garrantziagatik erabaki zuen ezker abertzaleak eztabaidan eta bozketan parte hartzea. Ukatutako nazio gisa ezarri nahi izan genuen gure posizioa, onartu gabeko nazio gisa, eta, era berean, Europako eredu politiko eta sozioekonomikoan sumatzen genuen noraezaren aurrean, jarrera ideologikoa bateratu nahi izan genuen.
Garrantzi handiko eztabaida zen. Hori dela eta, zenbait estatuk erreferendum espezifikoak egin zituzten. Beste estatu batzuetan, berriz, parlamentuen esku geratu zen erabakia, tartean Espainiako estatuan. Felipe Gonzalezen gobernuak erreferenduma alboratu zuen, Euskal Herria bezalako herrietan Europa munstro burokratikotzat hartzen hasiak baikinen. Bistan zen gero eta protagonismo handiagoa zuten lobby ekonomikoek baldintzatzen zutela batasunaren arkitektura organikoa (merkatarien Europa). Eszeptizismo hori areagotu egiten zen Europako Gutun Sozialaren edukiei eta sindikalismoaren zereginari uko egiten zitzaielako eta nazioen eta eskualdeen protagonismoa gutxiesten zelako, estatuen rol monopolistaren kaltetan.
Hala, ezker abertzaleak, egun batzuk lehenago Labe Garaien birmoldaketagatik protesta egiteko burdinazko martxan parte hartu ondoren, erabaki zuen bere gogoeta Espainiako Kongresura eramatea, itun hark batasun-ereduan zein neoliberalismoaren bilakaeran ondorioak izango baitzituen Europako herrialde guztietan. Erabakia Espainiako Parlamentuak hartzean, euskal herritarroi erabakitzeko aukera ukatzen zigutela salatu genuen. Funtsezko gai horrez gain, Herri Batasunak nabarmendu zuen Maastrichtetik sortzen ari zen Europako Batasunak arkitektura instituzional burokratiko bat artikulatuko zuela, eta Europako proiektuaren legitimitaterako hilgarria izan zitekeela. Era berean, itun hark zenbait joera neoliberal hedatzeko markoa ezarriko zuen, Estatuaren papera (sektore publikoak) ahultzeaz batera, lan-merkatua desarautu eta ongizate-estatua deiturikoa higatzeko. Eta esan genuen, halaber, Europako nazioak eta eskualdeak ez zirela proiektatuko estatuetatik kanpo nortasun instituzionalez. Hala ere, HBren ezezko hirubotoek eta IUko zazpi diputatuen abstentzioak aurre egin zioten Maastrichtek esan nahi zuenari.
Ildo horretan, gogora ekarri behar dugu EAJk Itunari baiezkoa emateko erabili zuen justifikazioa. Anasagastik esan zuen itun hark egunen batean atea ireki ziezaiokeela Europa federal bati. Eta hil ala bizikoa zela ere esan zuen, eskuin muturreko mugimenduen eta sistemaren aurkako taldeen hazkundea zela eta. Bada, Maastrichtekin oso urrun dago Europa federala, eta, alderantziz, itunaren ostean eratutako eredu demokratiko eta sozialak euroeszeptizismoa areagotu besterik ez du egin, eta Italia, Polonia, Hungaria eta Bulgaria gobernatzen ari den eskuin muturraren hazkundeari bide eman dio.
Orain, hiru hamarkada geroago, iragarpen horiek berretsi egin dira, eta etorkizun kolektiboa eraikitzeko erregai politiko eta sozialik gabe gelditu da Europako proiektua. Begi bistakoa da herritarrak proiektu horretatik aldenduta daudela, ez bakarrik brexit-agatik, baita ere herri-borondatea usurpatzen duten eliteek makina politiko-ekonomiko hori nabarmen fagozitatzen dutelako. Herritarrek uste dute Europako eredu honetan egiturazko defizit demokratikoa dagoela. Bestalde, gizarte- zein eskubide-desberdintasunak ugariak dira, Europaren baitan abiadura desberdinak daude, eta ibilbide horretan desitxuratu eta galdu egin da sozialdemokrazia. Doktrina neoliberalari jarraituz ezarri dira politika makroekonomikoak (moneta, aurrekontuak...), eta lobby ekonomikoen indar gaiztoak sarkasmoz aritu dira nuklearra eta gasa energia berdetzat hartzean, Parisko eta Glasgowko aurrerapenak sabotatuz. Kanpo-politika, Ukrainako gatazkan ikusten dugun bezala, NATO-AEB tandemak usurpatu du, geopolitika berriari heltzeko autonomia estrategikoa indargabetzean. Eta, azkenik, estaturik gabeko nazioak ez gaituzte aintzat hartzen subjektu politiko gisa, eta bide demokratikoak ukatzen dizkigute herritarroi, geure etorkizuna askatasunez, modu baketsuan eta demokratikoan zehazteko orduan (Europako Argitasun Legea).
Horregatik, 30 urte geroago, galdera egokia hau da: norantz doa Europara? Erantzuna da inertziaz eta zerumugarik gabe dabilela, benetako zonbi politiko bat bezala. Ibilbide-orririk gabeko proiektua da, eta kolokan dago krisi ekonomiko ziklikoen arabera, nazioarteko egoeraren baldintzen arabera edo Frantzia eta Alemania estatu traktoreen barne-bilakaeraren arabera. Azkenaldian ekonomia alorrean izan diren aldaketa batzuk (Europako funtsak) norabide-zuzenketatzat har badaitezke ere, ez dute erronka kolektiboa onbideratzeko nahikoa dimentsiorik, ez eta Europako egungo proiektuaren desegituratze gero eta handiagoa geldiarazteko indarrik ere.
Iparrorratzik gabeko Europa honetan, ziurgabetasuna gero eta handiagoa da. Bien bitartean, Euskal Herriak bere emantzipazio nazional eta sozialaren prozesuan murgilduta jarraitzen du, proiektu nazional betean aurrera egiteko borrokan, Europa sozialean eta herrien arteko lankidetzan aritzeko borondatez, zibilizazio-erronkei aurre egiteko eta aldaketa sozialak zuzentzeko gai den Europa demokratiko bati ekarpena egiteko prest. Hemen gaude emantzipazio prozesu betean, azken hamarkadetako ahaleginari esker irekitako bidean aurrera egiteko borondatez. Eta Bilbon ere egongo gara hilaren 12an, Abante! esateko.
Nora doa Europa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu