Nondik nora?

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Duela ia hogei urte Ibarretxe lehendakariak Estatutu Politikoaren proposamena iragarri zuen Lizarra-Garaziko ildoari jarraituz. Ezker abertzalearen akats taktikoak kapitalizatuz, 600.000 boto lortu zituen, eta Estatu espainiarrarekin harreman eredu berria definitu zuen. Hiru urteko kudeaketa instituzionalaren ostean, eta aktibazio sozialik gabe, Gasteizko Legebiltzarrak proposamena onartu zuen (2004), jarrera kritikoa zuen ezker abertzaleko zazpi legebiltzarkideetako hiruren ezinbesteko botoekin. Proposameneko «estatu libre elkartua» jauzi kualitatibo gisa har zitekeen, Estatuarekiko harremanen oinarrian erabakitzeko eskubidea (aldebikotasun konfederala) eta autogobernua blindaje-mekanismoekin marrazten baitzen. Planak bide laburra egin zuen: 2005eko otsailean, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen PP, PSOE eta IUren botoekin, ordena konstituzionalari desafio egiten ziolakoan.

Ondorengo hauteskundeetan Ibarretxek bere planari eutsi zion, baina kontsulta-eskaera iraungi zen, alderdia kudeaketa politikotik aldentzean. Testuingurua 2009ko bozetara arte mantendu zen. Bitartean, Loiola eta Zuricheko bake-prozesu saiakerak huts egin zuen, eta estrategia-aldaketa azkartuko zuen. Estatuak, berriz, Ajuriaenea hartzea erabaki zuen (PSE-PP gobernua) ezker abertzalea legez kanpo utzita. Ordurako, Josu Jon Imazek utzia zuen ontzi jeltzalea, Petronorrera joanda, eta Ortuzar-Urkullu bikoteak alderdiaren estrategiaren ziaboga hasi zuen.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ostean, independentismoak 2011n sekulako emaitzak lortu ondoren, Urkulluk aldarrikatu zuen Ibarretxeren Plana 2012ko hauteskundeetan, erretorikoki, hautesle abertzaleak bereganatzeko, baina zeharkako adostasunak bilatzeko saiakerak egitasmoa debaluatu egin zuen. Harrezkero, edukiez eta denborez hitz egitetik, dinamika maltzurren lekuko izatera igaro ginen, asmo honekin: jendartea desaktibatzea, Estatuaren mende etengabe jarraitzea estatutuaren negoziazio amaigabeetan katramilatuta segituz.

Are urrunago joan ziren, ezker independentistarekin herri-akordioak eratzeari uko egitean gehiengo sozial eta instituzional bat egituratzeko. Lizarratik baterajotze abertzalea eskatzen zuen gehiengo horrek, autonomismotik burujabetzara igarotzeko eta proiektu nazional baten aldagai estrategikoak indartzeko. Eskema hori, ordea, Nafarroa Garaian baino ez zen indarrean jarri, partzialki, EH Bilduk Uxue Barkosi babesa eman baitzion UPNk gidatutako Erregimena geldiarazteko.

2012-16 legealdian, autogobernu ponentzia eratu arren, Urkullurentzat «ez zen unea». Lehentasuna krisi ekonomikoa omen zen, ekonomia politikatik bereiziz, pedagogia subiranistak egiten ez duen moduan. Bigarren legealdian, autogobernu ponentzia berria eratu zen, prozesu gogaikarri bat baliatuta —ez zedila Proces-arekin kutsatu!—, Oinarri eta Printzipioen inguruko oinarriak EH Bildurekin adostu ondoren, gaia adituen batzorde batera bideratu zuen. Han, denborak finkatzeke, bere bazkide estrategikoaren (PSE) marjinen mende gelditu zen EAJ. Gero, pandemiak linbo politiko batean utzi zuen estatus berria. Beraz, Urkulluren hirugarren legealdi honetan, Ibarretxe Planetik hogei urtera, galderak hauek dira: non gaude? Nora eraman nahi gaitu EAJ honek?

Non gaude? Autonomismoari lotuak jarraitzen dugu, mendekotasun nabarmen batekin, are gehiago krisi pandemiko honetan. Erabaki asko, hala nola askatasuna eta mugikortasuna, txertoak eta Europako funtsen kudeaketa, hainbat oztopo ezartzen dizkigun markoari gehitu behar dizkiogu: lan-erreforma, Mozal Legea, zorpetze esparrua... eta tartean, beti-beti ageri da esparru judizial espainiarra. Bitartean, Estatuak eskumenen bat transferitzen du tarteka, bere lurralde-eredu agortua iraunarazteko. Orain, pandemiak eragindako etenaren ostean, Katalunian gobernu independentista eratu eta Sanchezen beharren ostean, saihestezina da lurralde-gatazka agenda politikoan sartzea. Dena den, Ortuzarren arabera, «ez dago aitzakiarik lurralde-gatazkari ez heltzeko». Berari ere erreferentzia egingo dio, bere alderdiak hamar urte baino gehiago baitaramatza «ez da unea» esaten.

Nora? Norekin? EAJren aukera marko autonomikoan jarraitzea da, estatutuaren erreforma batekin —jauzi politika txiki bat—, nagusitasun instituzionala bermatzen dioten bazkideen neurrira, ezker independentistarekin akordio bateratuak egiteari uko eginda. Zeharkako gehiengoen aldeko aldarrien atzean, deserrigintza prozesu oso bat dago, Ibarretxe Planaren oinarrizko edukiei uko eginez eta EH Bildurekin adostutako Oinarri eta Printzipioei bizkarra emanez. «Espanian eroso» famatuaren bertsio gaurkotua dugu egungo «kogobernantza», indarrean den autonomismoari beste pintura geruza bat emanez estatutuaren gauzapena gehiago luzatzeko. Begi-bistakoa da.

Joera horrek, era berean, doako deskalifikazio eta manipulazio kanpaina politikoak eragin ditu independentismoaren aurka (Corrugados, Ertzaintza…). Azken batean, bere kudeaketa zalantzan dagoen honetan eta Madrilen funtzionalitate politikoa ahuldua duen honetan, burujabetzaren aldekoen bategitea ezinezkoa dela justifikatu nahian ari dira.

Hala ere, lurralde-ereduari buruzko eztabaida atzeraezina da, eta ezker independentistak tresna politiko kaudimendun eta koherente gisa kokatu nahi du bere burua, autonomismotik burujabetzarako ibilbide juridiko- instituzionala gauzatzeko, gure borondatea hipotekarik gabe erabaki ahal izateko, aldaketa sozialari eta gobernantza-eredu bati lotuta beti­ere. Konpromiso horrek ekintza instituzional eta sozialean isla izan beharko du datozen hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.