Irakaslea

Non jartzen den begia

Eñaut Intxaurraga Uriarte
2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sustrai Colinari entzun nion lehenengoz bertso baten irakasle bakazional kontzeptua. Nire kuadrillakoei astero entzuten diet: «Ze ondo bizi zareten. Eta txarrena da ez dakizuela, ez zaretela jabetzen. Badakizue beste batzuk zelan bizi garen? Etorri lurrera, mesedez». Nire inguruko guraso asko eta askori ere maiz entzuten diet: «Zenbat irakasle eskas eta alfer dauden! Nolako mina egiten duten! Onartezina da!».

Ni ere irakaslea naiz. Badakizue zer egiten dudan horrelakoak entzuten ditudanean? Arrazoia ematen diet. Badakizue zergatik? Nire ustez, arrazoia dutelako gauza askotan. Eta grebatan parte hartu dudan jakin nahi duzue? Bada, bai, greba deialdi guztietan hartu dut parte. Eta kritika horiek denak onartu eta nola izan dezakedan greba egiteko azala galdetuko didazue. Badakizue zein den nire erantzuna? Greba ez genukeela irakasleok bakarrik egin behar. Greba guraso garen guztiok egin beharko genukeela. Eta guraso ez direnek ere bai.

Ikasleak ez daude ondo. Eta ez gara irakasleak erdigunean jarri beharrekoak. Ardatzean ikasleak jarri behar ditugu.

Jarraitu aurretik, idatzi hau egitera eraman nauena zer den azaldu nahi dizuet. Inguruan irakasleen kontrako jarrera hedatu xamar bat arnasten dela sumatu dut, eta, jarrera hori desaktibatzen ez dugun bitartean, jai daukagu irakasleok. Eta hori baino okerragoa dena: jai daukate ikasleek.

Arreta ikasleengan jarri orduko, irakasleei buruz hitz egin nahi nizueke. Irakasleak sailkatzeko modu eder bat irakurri nuen behin. Hona hemen: Irakasle eskasek esan egiten dute; irakasle onek, azaldu; irakasle oso onek, irakatsi; eta bikainek... inspiratu.

Inspiratzen duten irakasle gutxi izango dira, baina esate hutsera mugatzen direnak ere ez dira asko. Gehienek azaldu edo irakatsi egiten dute, sinetsidazue. Hogei urtetik gora daramatzat nik irakasle lanetan eta zintzo diotsuet: ezagutu ditudan irakasle gehienak euren lanarekin konprometituta daude. Lan handia egiten dute. Enpatikoak dira, langileak dira, eragin egin nahi dute euren ikasgeletan, irakatsi egin nahi dute, ikasarazi alegia. Ezin ditugu zaku berean sartu irakasle guztiak, ez litzateke justua. Egurra eman behar zaiola azal gogorra duen irakasleari? Bai, duda barik. Kanporatu. Kide asko, agian, lepora etorriko zaizkit. Bada, datozela. Hala ere, esan dudan bezala, ez da egia irakasle gehienak alfer hutsak direla. Nire begiek ez dute hori ikusi.

Nago gakoa, hain zuzen ere, begia non jartzen dugun dagoela. Irakasle eskasen jardunean jartzen duzuenok begia, arrazoia zuen alde izango duzue, beti. Nik begia beste nonbait jartzera animatzen zaituztet. Ikasleen ongizatean. Bai, jarri ezazue begia hor, mesedez. Berriro diot, ikasleak ez daude ondo. Eta ikasleen beharretara iritsi nahi duen irakaslea salduta dago, erabat. Garaiak aldatu egin dira eta gero eta beharrizan berezidun ikasle gehiago daude gela bakoitzean. Pantailek egiten duten kaltea izugarria da. Guraso garenok beldurrak jota gaude. Ezin ditugu seme-alabek bizi dituzten sareko mugimendu guztiak kontrolatu. Gure seme-alaben osasun mentala arriskuan dago. Erabaki sendoak eta ausartak hartu behar ditugu-dituzte. Berehala.

Jarri zaitezte mesedez ikasle eta irakasleen larruan. Tiktok-eko bideo ustez erakargarrietan minutu erdiz arreta mantentzeko gai ez diren ikasleei nola eskatuko diegu sei orduz maisu-maistren irakaspenei jarraitzeko. Ezinezkoa zaie. Ezin diegu eskatu ere egin. Arreta defizit izugarria daukate. Eta irakasleoi ere ezin diguzue hori eskatu. Irakasle onena ere ez da gai gaur egungo 25 ikasleren aurrean jarri eta eraginkorra izateko. Arreta behar-beharrezkoa da irakaslearen azalpenei jarraitzeko, beharrezkoa da edozein kontzeptu ulertzera heltzeko, beharrezkoa da irakurtzeko, beharrezkoa da ikasteko.

Eta zer esan ikasleen adierazpen eta ulermen mailaren beherakadaren inguruan? Kezkagarria da egoera. Eta zer egiten du Hezkuntza Sailak sistemaren ahulgune bakoitzaren aurrean? Behin-behineko adabakiak erantsi. Horrela ezin dugu errealitaterik irauli. Irakasleok jostun lan onak egitea nahi baduzue, gela bakoitzean ikasle gutxiago izan behar ditugu, nahitaez. Osasun mentala prebenitzeko eta artatzeko laguntzaile gehiago behar dira, nahitaez. Hizkuntza errefortzu sendoagoak behar dira, nahitaez...

Gurasook, zuen laguntza behar dugu, ezinbestean. Arrazoia daukazue gauza askotan, baina ikasgeletako errealitatea dena da. Eta ikasleak dauden moduan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.