Non duzue Naparra? Itzuli!

2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Joan den ekainaren 11n, 34 urte bete ziren anaia, José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra-Bakunin, azken aldiz ikusi zutenetik, Ziburun (Lapurdin). Batallón Vasco Españolek bere gain hartu zuen haren bahiketa eta hilketa. Gorpua oraindik ez da agertu.

Lehenengo eta behin, frantziar justiziaren aurrean salatu genuen haren desagertzea. Frantziako agintariek, ordea, oso ikerketa urriak egin zituzten. Azkenean, 1982an artxibatu egin zuten kasua.

1999ko urrian, berriz, senideok erabaki genuen kasua Espainiako Audientzia Nazionalaren aurrean salatzea, eta kereila izapidetzeko onartu ziguten: anaiaren desagertzea ikertzeko eskudunak zirela ebatzi zuten. Alabaina, instrukzioa hasi eta ikusi ahal izan genuen ez zeukatela inolako asmorik 1980ko ekainean gertatutakoa argitzeko. 2004ko martxoan, Ismael Moreno instrukzio-epaileak behin-behineko largeste eta artxibatze autoa eman zuen. Autoaren oinarrietan, gainera, ukatu egin zuen desagertzean delitu zantzurik eman zenik, are gutxiago delitu terroristarik. 2004ko urrian bertan apelazio errekurtsoa jarri genuen. Hau ere ezetsi egin ziguten (Ángela Murillo izan zen Apelazio Auzitegiko lehendakaria).

2006an, aita Patxikuk utzi egin gintuen, semea ondoan izan gabe. Horrek kemena eman zigun aurrera egiteko, —bereziki, ama Celesi—: ingurukoen berotasuna, babesa eta bultzada jaso genituen.

Eta, halako batean, 2013. urtea heldu zen. Urte horretako irailaren 23 eta 30 bitartean Jazmina Dzumhur eta Ariel Dulitzky, Bortxazko edota Borondatearen aurkako Desagertzeetarako NBEren Lantaldearen kideetako bi, Espainiar Estatuan egon ziren. Bidaia horren xedea zen aztertzea Espainiar Estatuak desagertzeen eremu horretan aurrera eramandako ekimenak, bereziki borondatearen aurkako desagertzeen biktimei zor zaien justiziari, egiari, konpontzeari eta memoriari dagokionez. Izan ere, Pertsona oro bortxazko desagertzeen aurka babesteko Adierazpena loteslea da Espainiar Estatuarentzat: bete egin behar ditu bertan jasotako guztiak.

Dulitzky, bere laguntzailearekin batera, Gasteizera etorri eta bortxazko desagertzeen biktimen elkarteekin batu zen. Batzar hartan gu ere egon ginen, eta bertatik bertara eman ahal izan genion Joxe Mielen kasuaren berri. Aurretiazko txosten bat helarazi genien; txosten horretan oinarrituta, eta definizioarekin bat zetorrela ikusita, lantaldeak aholkatu zigun banako demanda aurkeztea. Hala egin genuen, eta, Egiari Zor Fundazioaren laguntzarekin, demanda hori lantaldeari ofizialki aurkeztu ere egin genion Giza Eskubideen Kontseiluaren 25. sesioan, Genevan egin zena, 2014ko martxoan.

Hau da, beraz, anaiaren bortxazko desagertzea argitzeko gure esku daukagun azken tresna. Ez da nahikoa gertatu zena aitortzea. Beharrezkoa da ere Estatuari errieta egitea, ez duelako ezer ere egin desagertze hori saihesteko, eta gerora ere ez duelako gertatutakoa onartu. Hau ez da konpontze-mekanismo soila: ezer ere ez dela ondo egin aitortzeko bidea ere bada.

Joxe Migelen banako demandak bere bidea egingo badu ere, lantaldearen behin betiko txostena Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean aurkeztuko da datorren irailean.

Anaia Joxe Mielek 22 urte zituen desagertu zenean. Ni 17 urte betetzear zegoen nerabea nintzen. Bizitzaren bi herenak eman ditut irudikatzen anaiak, bahitzaileen eskuetan zegoela, pairatutako egoera latza —gogoratu, bestela, Joxi eta Josean—. Bestalde, desagertzetik etengabe egon naiz borrokan, anaia ahanzturan eror ez dadin, gertatutakoa argitu dadin. Azkar batean esaten da, baina artean, hamabi mila laurehun eta hamazortzi egun igaro dira, bisiestoak barne.

Beste hogeita hamalau urte igaro behar al dira Joxe Mielen gorpua ager dadin, lurperatu zuten tokian bertan? Nire ilobak izango al dira horren lekuko, frankismoaren sarraskien biktimekin gertatzen ari den bezalaxe? Beharrezkoa izango al da gertatutakoa argitzeko ardura beste estatu batzuetako epaitegiek bereganatzea, era horretan Espainiako eta Frantziako Estatuak lotsarazita?

Epaitegiz epaitegi egindako bidaldian behin eta berriro ukatu digute ikerketa serio, egiazko, eraginkor eta aurrez aurrekoa izateko aukera. Ezeztatu egin digute gertatutakoa ezagutzea eta, hainbat urteren buruan are larriagoa dena ere: gorpua non dagoen jakitea. Maite ditugunak gogora ekartzeko eskubidea bera ere delitu bihurtu duten garai hauetan, lantaldeak espainiar estatura etorri zenean bilatzen zuen gauza bera eskatzen dugu guk ere: justizia, egia, konpontzea eta memoriarako eskubidea. Hori da gure gizarteak eskatzen duena, bake justu eta duinez jantzitako etorkizuna eraiki ahal izateko.

Non duzue Naparra? Itzuli!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.