Non daude gelditu genituen arkumeak?

2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Pasa den abenduaren 17an, Gabon aurreko kontsumoaren sukar bete-betean ginela, Frantziako estatuarekin mugan arkumez betetako kamioi bat gelditu genuen. Ekintza haren bidez, gure lurraldera arkume kopuru handia sartzen ari zela salatu genuen, bertako ekoizleei konpetentzia handia eragiten ziena; izan ere, bitartekari batzuek beren etekina handitzeko baliatzen dute, eta artzainei ordaintzen dieten prezioa jaisten dute. Horrez gain, arkume horiek Nafarroako merkatuan salduko zirela salatu genuen, eta kontsumitzaileak engainatuak izango zirela, ez baitago etiketetan informazio gardena jartzera derrigortzen duen araurik.

Horregatik guztiagatik, geure buruari galdetzen diogu non dauden gelditu genituen arkume horiek. Saltoki handietan bila ibili gara, eta Nafarroako arkumea IGPz markatutako arkume haragia izan ezik, gainontzeko arkume haragiaren jatorria zein den jakitea ezinezkoa egin zaigu. Izan ere, nahikoa da estatu batean animalia bat hiltzea jatorria adierazten den lekuan «Origen Espan?a» jartzeko, eta berdin dio non jaio den, baita non hazi den ere. Honek ezin du horrela segitu, gaur egun ekoizleari trazabilitatea zehatz-mehatz egin dezan exijitzen baitzaio eta horrek ahalbidetzen baitu arkume horren ibilbidea zein den ezagutzea artzainarekin dagoen bitartean. Baina behin hiltegira iristen denean eta arkume haragi horrek merkatura salto egiten duenean, kontsumitzaileari ez zaio informazio hori guztia adierazten. Horregatik, uste dugu egungo araua eskasa dela eta engainurako bidea zabalik uzten duela, eta nola ez, bertako produktua defendatzeko aukerarik ez duela ematen.

Beraz, gure aldarrikapenak ez dira auzoko artzainen kontrakoak, haiek ere lan modu estentsiboan egiten baitute eta baserri familiarretan lanean aritzen baitira. Baina bada modu intentsiboan lanean ari diren enpresen aurka, masan ekoizten dutenen kontra, besteontzako salneurria baxatuz ari direnen aurka. Bitartekari batzuen kontra ere bada, baita saltoki handien kontra ere, batere gardenak ez diren politikei esker kontsumitzaileak engainatzen baitituzte, eta nola ez, inkontziente hutsa den sistema baten kontra, zeinak oso egoera zailean baititu gure artzainak urte askoan. Horiei guztiei esan nahi diegu adi garela eta gardentasunaren izenean bukaerara arte borroka egingo dugula.

Baina etiketa garbien aldeko aldarria ere bada, oinarrizko hiru datu jasoko dituenaren aldekoa: alde batetik, non jaio den abere hori; bestetik, non hazi den; bi kasu horietan probintzia, herria eta artzainaren erreferentzia jaso beharko litzateke. Eta hirugarrenik, non hil den, hiltegia zehatz-mehatz adieraziz. Datu horiek oinarrizkoak dira, merkatuak jakin dezan zer ari den kontsumitzen. Datu horiek, gainera, arkume hori dastatzen duen pertsonaren eta ekoitzi duen pertsonaren arteko erlazio ederra sortuko dute, herriarekiko erlazioa, kulturarekiko, larreekiko, abereekiko... Era horretan gehienetan erabat urbanoak diren eremuak landa eremuko errealitate zehatzekin harremanetan jarriko dira, zubiak eraikiko dira bi eremuen artean, osagarriak izango direnak eta azkenaldian elkarren berri gutxi dutenak. Horrez gain, kontsumitzaileen komunitatea bera ere katearen beste aldean sortzen duen errealitateaz ohartuko da, eta landa eremuan bizitza mantentzearen alde egingo du, ekosistema baten alde, baita kulturaren alde ere. Horregatik guztiagatik, eskumena duten administrazioei eskatzen diegu elikagai guztietan gardena den etiketatua exijitu dezaten.

Azkenik, kontsumitzaileei dei egin nahi diegu gardentasuna merkatu iritsi bitartean erosketa kontzientea egin dezala. Modu estentsiboan ekoitzitako bertako produktuen aldeko apustua egin dezala. Galdetu dezala eta informa dadila arkumearen edo beste edozein elikagairen jatorria zein den, esaterako, kalitate markei erreparatuz (adibidez, Nafarroako arkumearen IGPa). Era berean, kontsumitzaileei eskatu nahi diegu harremanik zuzenena aukera dezatela, ekoizlearekin berekin edo merkataritza txikiaren bidez; izan ere, ekoizleek sarritan denda txikietan zuzenean saltzen dute beren produktua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.