«Nazka-nazka eginda nago horrenbeste zerga ordaindu beharraz, eta okerrena da aberatsak libratu egiten direla!». «Ez izan tentela eta egin nik bezala: ahalik eta gutxien ordaindu Ogasunari!». «Gutxienez, emaitza onak ikusiko balira behar ditugun zerbitzuetan…». Horrelako edo antzeko adierazpenak esan izan ditugu edo entzuten dira askotan gure inguruan.
Eta Foru Ogasunetik esaten digute: «Gure zerga-sistema tresna egokia da aberastasuna sortzeko eta, aldi berean, beharrezkoa zaigun finantza-nahikotasuna ematen digu Gipuzkoako politika publikoak sostengatu eta indartzeko».
Ugari dira, halaber, erreforma fiskala beharrezkoa ikusten duten iritziak. Baina ez datoz guztiak bat erreformaren norabidearekin: batzuk zuzeneko zergak jaistearen alde daude, hala, norberak deritzona egin dezan bere diruarekin. Hori bai, aldi berean, zerbitzu publikoak kalitate handikoak eta, haien beharra denean, erabiltzen errazak izatea ere eskatzen dute, esate baterako, COVID-19aren pandemiaren kasuan edo Mediterraneo aldeko hainbat tokitan jasandako euriteen ondorio suntsitzaileen aurrean. Baina, komenigarria ote da hori? Zer-nolako gizarte-eredua dugu buruan?
1. Nolakoa izan behar duen. Gastuari buruz aritu garenean aipatu dugun bezala, hiru araugintza-eremu sartzen dira jokoan, eta batzuetan ez dira elkarrekin uztartzen errazak izaten: Europar Batasuna, Estatua eta Autonomia Erkidegoa-Lurralde Historikoa; gainera, egungo indar-erlazioa ere kontuan hartu beharra dago, hartzen diren irizpideak errespetatu edo aldatu egingo baitira legebiltzarreko gehiengoak hala erabakitzen duenean.
Lau printzipiotan oinarritu beharko da: nahikotasuna, hau da, aurreikusitako gastua estali ahal izatea, defizitik sortu gabe, salbu eta jarduera ekonomikoa sustatzea interesatzen denean, aldez aurretik onartuta sortutako defizita krisitik ateratzean estaliko dela; malgutasuna, alegia, zerga-sistema aldatu beharrik ez izatea sektore pribatuaren diru-sarrera aldaketei behar bezala erantzuteko; ekitatea, zergapeko orok bizi duen egoeraren arabera ordain dezan; progresibotasuna, biztanleen artean gertatzen diren gehiegizko errenta-desberdintasunak murriztuz joateko xedearekin.
Parlamentu bakoitza izango da, finkatutako helburuei jarraikiz, aplikatuko den zerga-sistema onartuko duena, hala zuzeneko zergak, nola zeharkakoak eta egitate zehatzak zergapetzen dituzten beste batzuk.
2. Zailtasunak. Lehenik eta behin, aitortu beharra dago, gure garaiotan, ikuspegi indibidualista nagusitzen dela nabarmen gizarte-bizitzan, gizabanakoaren eskubideak inolako interferentziarik gabe erabili ahal izatea aldarrikatzen baita. Horregatik kritikatzen dira gastu publikoak hartu dituen dimentsioak, Administrazioa bihurtu baita egungo lehen enplegatzailea, hala funtzionarioen nola kontratatutako langileen kasuan.
Jendeak kontrakoa uste badu ere, EBko zerga-bilketaren batezbestekoa baino 5 edo 6 puntu azpitik gaude, eta Europa iparraldeko herrialdeekin alderatuta, aldea dezentez handiagoa da. Gastuak nahitaez gora egiten duenez, defizit handia dakargu arrastaka, eta horrek asko baldintzatzen du politika ekonomiko-soziala, eta oztopo nabarmena izango da etorkizuneko hainbat belaunaldirentzat, zorra eta haren interesak ordaintzeak izango duen kostuagatik. Baina hori ez da egungo egoerari egotzi behar zaion zerbait, Espainian, izan ere, 15 urtean, zorra BPGren %40tik %115era igaro baita.
Zuzeneko zergak dira, izatez, ekitatea eta progresibotasuna hobekien bermatzen dituztenak, baina, ikuspegi indibidualistatik jarduera publikoa gutxiagotzea aldarrikatzen da —‘Gutxieneko Estatua’ deitzen zaiona—, eta, progresibotasuna murrizteaz gainera, beherapen fiskala eskatzen dute, defizita handitu gabe, eta horrek, jakina, gastuak murriztea eta premia kolektiboei erantzun ezin izatea dakar; eta gastuari eusten bazaio, berriz, defizita eta hipoteka handitu egingo zaizkie hurrengo belaunaldiei.
Horri guztiari iruzur fiskal irekia eta kolusio bidezkoa gehitu behar zaizkio, hau da, edozein lege-zirrikitu erabiltzen duena zergen ordainketa saihesteko edo jaisteko. Azken hori ez dago legez zigortuta, baina ez da onargarria etikaren ikuspegitik.
3. Zerga-erreforma on baten alde. Ez da erraza zehazten, egoera bakoitzean, zein diren mantendu beharreko zergak, betiere, biztanleria osoaren hobekuntza integralari begira, egoera okerrenean dauden pertsonena, bereziki.
Kontzientzia pertsonalari dei egiteaz gainera, elkartasuna izan dadin bizikidetzaren oinarri, guztiz premiazkoa da eskandaluzko desberdintasun sozialei aurre egin eta jokabide berekoiak ez onartzea, ez pertsonalki, ez eta kolektibo gisa ere. Iruzurra eta kolusioa gaixo dagoen gizarte baten sintomak dira, hala egiten duenaren nola onartzen duenaren kasuan.
Espainiako zerga-sistema disfuntzionala eta eskasa denez, konpromisoa hartu da Bruselaren aurrean erreforma fiskal sakon bat egiteko, nahiz eta duela sei hilabete baino gehiago adituek aurkeztutako txostena alde batera utzia izan den. Oso zabalduta dagoen iritziaren aurka, beharrezkoa da presio fiskala handitzea eta zerga-sistema legezko zulo horietatik askatzea, horiek baitira, hain zuzen ere, sozietateen gaineko zergarekin eta BEZarekin batera, iruzurrerako bide erabilienak. EAEn hitzeman dute urteko lehen seihilekoan egingo dutela, baina oraindik ez dakigu erreforma hori noraino iritsiko den.