Nafarroan indarrez erantzun genion hirugarren mailako probaren inposaketari, eta oraingoan, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ikasleen txanda heldu da.
EAEko hezkuntza saila aste honetan hasi da hirugarren mailako proba diagnostikoak burutzen. LOMCEk agindutako probak, hain zuzen ere. Hezkuntza sailak ez du ausardiarik izan gauzak aldatzeko, eta men egin dio Madrili, kanpora begira beste irudi bat emanez.
Maiz entzun behar izan dugu legea ez betetzeak ondorio kaltegarriak ekarriko lizkigukeela. Baina LOMCE betetzeak, LOMCE aplikatzeak gure seme-alabei, gure ikasleei, gure herriari ekarriko dion kalteaz jabetzen al gara? Guk uste dugu merezi duela gure eskubide kolektiboak defendatzea eta aldarrikatzea modu eraikitzaile batean. LOMCE gelditu egin behar dugu, eta gure hezkuntza sistema propioa eraiki.
Nafarroako eta EAEko gobernuak LOMCEren aplikazioa modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabalduz aritu dira. Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak azterketak egiten hasi diren egunean bertan baieztatu du probak egiten hasiak direla. Hori bai, orain arteko jarrerarekin jarraituz, ez du esan non eta noiz egingo diren.
Jarrera horrekin haien helburua lege honen kontrako mugimendua ekiditea baldin bazen, justu kontrakoa lortu dutela esan behar diegu. Gasteizetik «lasaitasun» mezuekin desmobilizazioa lortu nahian ibili badira ere, azken egunetan oso argi ikusi dugu hezkuntza komunitatea gai dela inposaketa hauen aurrean elkartu eta erantzuteko.
Entzun, entzun dugu Cristina Uriarte andereak esandakoa: ez dira errebalidak, diagnosi probak dira, 30 ikastetxeetan bakarrik egingo da... Eta hori guztia egia bada ere, erdipurdiko egiak gezur galantak izaten dira. Proba horiek LOMCEk edota Heziberrik inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausoa dira. Hezkuntzan egin nahi dituzten beste aldaketa guztiak bermatzeko ezarritako errebaliden lehen pausoa, hain zuzen ere. Eta horrek ikaragarri arduratzen gaitu.
Uriarte andereak, aldiz, ez omen ditu entzun eragileek eta hezkuntza komunitateak LOMCE legea onartu baino lehenagotik adierazitako kontrako iritziak. Nonbait, hezkuntza komunitatea osatzen dugunok ez dugu sekulan proba horien kontra ezer adierazi. Heziberrin ere proba horiek agertzen direla eta inork ez dugula ezer esan dio. Lotsa behar da gero horrelakorik esateko. Hasiera-hasieratik, LOMCE oraindik aurreproiektu bat besterik ez zenean, kritika nagusien artean errebalida sistemaren ezarpena egon da. Hain zuzen ere, gure hezkuntza sistemaren kontrolerako tresna delako.
Sortzen elkartetik garbi adierazi dugu, dagoeneko, hirugarren mailako probei aurre egin behar zaiela. Eta garbi dugu eztabaida ez dagoela pedagogikoki zentzua duten ala ez (eta ez dute), adina egokia den ala ez (eta ez da)... Ikasleak bereizteko eta gure hezkuntza kontrolatzeko tresna dira. Gure curriculumaren garapenari ateak ixteko tresna. Proba horiek gure ikasleen etorkizuna eta ikastetxeetako bizitza gehien baldintzatuko duten alderdia dira.
Izan ere, ebaluazio sistema baten barruan kokatu behar ditugu. Ez dira proba isolatu batzuk. LOMCEk edota Heziberrik ezartzen duten kanpo proben sistemaren barruan kokatzen dira.
Beraien esanetan, horien helburua eskola porrota ekiditea da. Baina hori ere ez da egia. Benetako helburua oso bestelakoa da: ikasleen bereizketa eta homogenizazioa, ikastetxeen arteko lehia, ikastetxeen autonomia murriztea, gure curriculuma ezabatzea...
Eta guk beste eskola eredu bat nahi dugu: ikasleen beharrak aintzat hartuko dituena, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinei garrantzia emango diona, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzungo duena... Ikuspegi pedagogiko batetik, LOMCEk ezartzen duenaren kontrako norabidea hartu beharko luke gure hezkuntzak.
Baina nahi dugun hezkuntza eraikitzeko eta inposaketei aurre egiteko, guztiok elkarlanean aritu behar dugu gure herriak nahi eta behar duen Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko. Eta guztiok esaten dugunean, ez gara bakarrik hezkuntza komunitateaz ari. Hezkuntzan denok dugu zer esan eta zer egin. Hezkuntza ez da bakarrik irakasle, guraso eta ikasleei dagokigun gaia. Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe...). Hezkuntzak lehentasun soziala izan behar duela pentsatzen dugu.
Garbi izan dezagun zer-nolako herritarrak nahi ditugun: edukiz betetakoak, lehiakorrak eta baliorik gabekoak, edo pertsona kritiko, autonomo, anitzak...
Nafarroako eta EAEko administrazioei, LOMCEren aplikazioa geldi dezaten eta hezkuntza komunitatearekin hausnarketa eta eztabaidari atea ireki diezaioten eskatu nahi diegu, gure errealitatetik eta gure beharretatik euskal Hezkuntza Sistema Propio baten oinarriak eraikitzeko.
Argi dugu inposaketen aurrean errebeldiaz erantzuteko eskubidea eta beharra dugula. Horregatik, herritar guztiei deia egin nahi diegu herri, auzo eta eskoletan burutzen eta burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko. Gu ere han egongo gara.
Nolako hezkuntza, halako herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu