Nolako helburua, halako estrategia eta buruzagitza

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Zirt edo zart, ez dago beste aukerarik. Espainiarekin hautsi eta Errepublika soziala aldarrikatu, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik aurrera eginez, azken hilabeteetan erroturiko erakunde, mugimendu sozial eta politikoak zutabe izanik»[...] «Halako talka batean garaipena inoiz ez da gauza segurua, baina egoerari aurre egin ezean, porrota da seguru».

Kataluniako errepublikaren aldarrikapenaren bezperan idatzi nituen hitzak. Harrezkeroztik ur asko igaro da gure bi herrietako zubien azpitik. Alde batetik, independentismoak eutsi egin dio inposatutako hauteskundeen erronkari eta Generalitatea berreskuratu. Horrek berebiziko garrantzia du aurrera begira. Alabaina, aldi berean ahulezia galanta azaldu du estrategiaren aldetik eta trinkotasuna galdu du batasun politikoaren alorrean. Bestetik, Espainiako estatuaren aldetik gogorrenak etortzeko daudela nago, 78ko Erregimenaren aldeko indarrek azaldu duten adostasun kezkagarria ikusirik.

[...] Iraultza irribarretsuaren lehen urratsak arrakastatsuak izan ziren gehiengo bat metatzeko eta molde baketsuekin estatua larrugorritan uzteko. Baina estrategia hori bi arazoekin topatu da: Estatuaren oldarrari aurre egiteko ahulezia, eta nazio esparruan ez dela gai izan garai batean ezkerreko espainiar-katalanismoaren eremuak ziren auzo eta herriak bereganatzeko. Jakina, En Comu-koek badute erantzukizuna sektore horren deriban, baina baita independentismoaren ahuleziak gai sozialetan ere.

Independentismoa bidegurutzean dago. Aurreko estrategia amaitu dela esan dut, eta berria asmatzeko zailtasunak ez dira noranahikoak. Batetik, amaitu den fasean ezin izan da «Errepublika soziala aldarrikatu» ezta «erresistentzia zibilaren bidetik aurrera egin». [...] 155aren aplikazioak ekarritako porrot taktikoa gogorra da, baina bestea gogorragoa izan zitekeen, eta une honetan independentismoa burua ezin altxa egongo zen. Zorionez, gauzak ez daude horrela. Zirt edo zart egin izanak horretarako balio izan du.

Puigdemontek Errepublikaren sinboloa izaten jarraitzen du, eta gai da Estatuaren ahuldadeak agerian jartzeko eta garaipentxo mediatikoak lortzeko, sua pizturik mantentzeko. [...]

Irudimentsua da bi Generalitate sortzea: lurraldekoa eta erbestekoa, paraleloak. Bata, Errepublikaren aldarriari eutsiko liokeena kontra-botere sinboliko eta erreferente mobilizatzaile bihur litzatekeena hiritargoan errotuko balitz; eta bestea, Generalitate legala, estatuak onartua, eraikuntza nazionalaren eta sozialaren aldeko gestio on bat egiteko erabiltzea (orain arte ez bezala). Bi taktika, estrategia bat. Konplikatua ondo uztartzeko baina kitzikagarria. Biak ala biak, zer egin desberdinekin eta zailtasunak zailtasun elkar elika dezaketenak.

Barneko Generalitatea, legala, egungo baliabideak gehiengo sozialaren aldekoa, independentziara erakartzea helburu izango duena; eta bide batez, legalitatearen marra gorriak igaro gabe, mugaren ertzean mugitzen jarraitu beharko duena, estatuarekiko harremanak tentsionatuz eta, okasioak okasio, ondo neurtutako pase foralak eginez.

Kanpokoa, Errepublikarena borrokarako ispilua, herri erakunde, eta era askotarako komiteen konplizitateaz kontra-boterea eraikiz joango dena, batzuetan legalitatean eta beste batzuetan ilegalitatean. Talka horretan sortuko diren presoen askatasunaren aldeko mugimendua indartuko duena. Presoak! Independentziaren alde kosta ahala kosta, hala jeltzaleen antzeko autonomismora itzultzen dira. Hor datza independentismoaren gakoa.

Irribarrea, alaitasuna, biolentzia eza eta abar mugimendu horren ezaugarri izan dira. Ondo legoke bere horretan jarraitzea, baina intsumisioa, desobedientzia, indarkeriarik gabeko kale borroka... ekar lezakeenarekin uztartuz. Jano jainkoaren bi aurpegiak azalduko dira ezbairik gabe. Izan ere, izan ziur estatuaren zigorrak gora egingo duela, eta horren jabe ez den mugimendu independentistak ez du aurrera egingo.

Mugimendu sendo, estrategikoki argi, erdi epera eta luzera antolatzeko gai izango dena da Kataluniako independentismoak duen erronka. Batez ere bere ezker hegalarentzat. Mugimendua diogunean, eutsiko dioten buruzagiak ere esan nahi dut.

Uler dezaket zigorra baztertzeko egin diren zenbait damu aitorpen. Aurrera begira, nago kaltegarria litzatekeela atxilotzen dituzten bakoitzean buruzagiak damu eta ukazioetan murgiltzea. Kaltegarria irudiaren aldetik eta batez ere injustua, herritar eta aktibista asko eta asko izango baitira zigortuak damurako aukerarik gabe. Eta denak izan behar dira berdinak, etsaiaren aurrean eta batez ere herriarengan. Nolako borroka, halako borrokalariak, eta buruan daudenak areago! Gandhik intsumisio ez-biolentoa bultzatu zuen, baina tinko eutsi zion bide horrek ekarri zizkion zigorrei.

[...] Espainiak arazoak ditu, baina ez behar beste. Beraz, higadura edo posizio borroka estrategia izan beharko du Kataluniakoa, behintzat epe jakin baterako. Jakina, beti dago ezohiko gertakizunak eztanda egitea eta une horretan jauzi egiteko aukera izatea.

Bien bitartean, barne sendotasuna indartu beharko du eta, bide batez, Estatua higatzeko barne (sektore subiranista ez-independentistekin) eta kanpo (erabaki eskubidearen aldeko espainiarrekin) aliantzak sortu 78ko erregimena ahultzeko.

Estrategia horrek alde batera utzi beharko ditu eztabaida antzuak, hala nola Podemosek mahai gainean jartzen duena (Estatua ahuldu arte itxaron, mesedez, nazionalismo espainiarra indartu ez dadin) edo askotan abertzaletasun hertsi batetik esaten dena: geu geureari eta Espainiakoa bost axola! Geu geureari, eta gure martxan, jakina! Baina baita estatuko nazio zapaldu eta benetako herri ezkerrarekin zenbat borrokatan elkarbanatuz ere. Aipatu artikuluan nioen: «PP garaile aterako balitz, kontra-erreformaren gau beltzaren atarian geundeke; Estatuaren gaurko krisi soziala eta politikoa modu atzerakoian itxiko lukete, bere ezaugarri erreakzionarioenak sendotuz eta indartuz. Espainia beltzak berriro irabaziko luke eta, Kataluniako herriak ez ezik, Espainia gorriak eta guk ere, jai-jai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.