Nola ez idatzi Kukutzaz, nahiz eta dagoeneko jende askoren hitzek hesia paratu behinolako fabrika kalamastra parean. Hitz doiak, argumentuz zamatuak, hiri-tolesduretan sortuak, han-hemen entzunda eta irakurrita zirt edo zarteko atakan. Nola ez idatzi, kalean nork bere kasa jardutea arte bilakatu zaigunean.
Ekainaren hondarrean kukutzakoen lib dub-a ikusi ahal izan genuen gaztetxean bertan. Elkargunera orduko sumatu genuen zer pentsatua emango zigula. Bideoak eraikineko barrenak erakutsi zizkigun. Ez solairuak, guneak, gelak eta tailerrak bakarrik. Harago begiratzeko gonbita zekarren. Eta behatze horretan, halako batez, geure buruari galdetu genion nolakoak izango ziratekeen Guggenheimeko eta Alondegiko bideoak. Nolakoa, kasu, udal lib duba. Ez da broma.
Nola ez ekarri akordura George Perec. Espazioa zalantza hutsa da, zioen idazle paristarrak. Etengabe markatu behar dugu, seinalatu. Ez da gurea, konkistatu beharrean gaude. Eta, hala ere, ez dugu sekula menperatuko. Kukutzako bideoa ikusten dugularik, balirudike huraxe adierazi nahi digula: Kukutza duda hutsa da. Ekintza hutsa. Behin eta berriz gertatzen den akzioa, alegia, harremanak, joanak (eta etorriak), harat-honatak, sormenari bideratutako energia, etengabean, gelditu barik. Zirkina, finean, proiektu sozial batean.
Harremanak adieraztea zaila izaten da beti, subjektuen lengoai baten barruan mugitzen baikara. Subjektua beti dago ekintzaren aurretik. Subjektuak (gizajendea, animaliak, gauzak, tokiak, Kukutza) ekintzen euskarri beti. Hori da, azken beltzean, Aristotelesen logika. Baina zorionez artea dugu. Eta arteari esker, bideoari esker, ekintzak gain hartzen dio subjektuari. Eta hori da, bere xumean, lib dubaren ekarpena: ulertarazi giza harremanetan sortzen dela Kukutza. Besoz beso ari zaigula kultura. Eta horrela eratzen, gorpuzten eta errotzen dela hiria.
Nola ez aitatu hiria. Inora ezean omen dabilen honetan hiriak modan daude. Sariz eta aipamenez bete zaizkigu Bilbo, Gasteiz eta Donostia. Kukutzak, jakina, ez dio loriarik ekarriko hiriari, baina gaztetxeaz ari garenean hiriaz ari gara, zer duda egin. Zerk sortzen duen hiria hain zuzen ere. Erakunde publikoek izaera bereko espazioei atzera ere begiratzen hasi direnetik, hiritarra lausotzen joan da erremediorik gabe. Erakunde publikoak hiriaren jaun eta jabe ageri dira gaur egun. Hiritarrak, neurri batean, barneratu du hiria erakunde publikoen ardura baino ez dela.
Gero eta zarra-zarrago jotzen duen uste horri aurre egitera dator Kukutza. Eta hura bezala Bilbon dauden beste proiektu batzuk. Hiria, duda hori, gure zain dago, hiritarrok legitimaturik gaude sortzeko. Badakigu ez duguna mendean hartuko, baina ezin digute eraikitzeko eskubidea ukatu, ezin diogu ukorik egin. Hiria (Kukutza) pertsonen arteko solasa da, akzioa, talka. Etenik gabeko mugimendua. Hiria (Kukutza) indar-eremua da, tentsio-gunea, desioen esparrua, sentimenduen aldea. Hiria (Kukutza), itxura morfologikotik haratago, lurralderik gabeko lurraldea da. Hiritarrok (kukutzatarrok) sortzen dugu atergabe gure bultzadekin, gure ufadekin, gure hatsarekin, gure pausoekin. Espazioan eragiteak bihurtzen gaitu hiritar (kukutzatar). Bestela ere bai, gizon-emakumeon akziorik ezean, ez da hiririk (Kukutza).
Nola ez aritu kulturaz. Lip duba ikusi baino lau egun lehenago, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, komunitateko gobernuaren desioaren kontra, interes kulturaleko espedientea ireki zion Albeniz antzoki ospetsuari. Epaiari esker bertan behera geratu ziren hura eraisteko nahia eta haren orubean etxebizitzak eraikitzeko asmoa. Kukutza ez da kasu bera, noski, baina Albenizek jarraitu beharreko bidea erakusten die azken urteetan kultura-industriak sustatu dituztenei: gizarte-sareen alde egin eta kultura-patrimonioa babestu.
Iraila heldu da. Lehen egunotan joan den sasoiari begira gelditu gara, gogoz besteraturik. Ez du luze jo, ordea, berehala gure oneratu gara. Izan ere, maite egiten dugu ikasturte berriaren atalasea. Gure bizitzetara zer edo zer berria ailega daitekeelako esperantza izaten dugu beti. Irailean nonahi ikus ditzakegu aurkezpenak, aldaketak, proposamen berriak, asmoak, ametsak. Baita eten ez diren ohiko jardunen segidak ere. Kukutzak, arestian jakinarazi duenez, denetik dakarkigu: ohiko ikastaro, tailer, dinamika eta espazioekin batera, erresistentziari eusten jarraituko du. Armiarma-gizaje honek badaki, ondo jakin ere,deus gutxi espero daitekeela urte askotako auzolana baino ordu batzuetako lasterraldia gurago duenarengandik. Bilbo bere buruaz miraturik dago azkenaldion.
Gonbitaren aurrean, dena esanda zegoela erantzun genion gaztetxeko lagun bati. Oker handiagorik. Besterik ez bada, nola ez ekarri lurraren sozializaziora hurreratu nahi gaituzten Oriol Bohigas arkitektoaren hitzok: Defenditu beharko genuke lurra kasik komunitatearen kontzesioa delako ideia: aldi baterako uzten dizu, eta begiratzen dizu baldintza onartezin batzuetan ez saltzeko. Gonbitaren aurrean, bada, nola ez endredatu Errekaldeko amaraunean. Nola kitatu zorra egunen desziurrean.
Nola ez idatzi Kukutzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu