Gaztetako idealak galtzen edo apaltzen joatea bizitzaren beraren zikloaren pasadizo bat besterik ez dela argudia genezake. Odola irakiten edukitzetik pixkanaka, txuriaren eta beltzaren arteko hautaketa alde batera utzita, matizazioak eta bakoitzak bere bide-orri propioa bilatzera pasatzea ez da mundu hobe bat amesteari utzi eta norberaren zilborrari soilik begiratzea. Egia berdaderoa eta fede absolutua duten eredu kolektibista bortitz askoren aurrean, mundua bakoitzaren askatasunetik eraiki daitekeen biderako ere balio digu, atzean uzteko Platon, Aristoteles eta Hegel ditxosozkoak irudikatutako gizarte ideal eta perfektuak, diferentzia gustatzen zaigu, eta diferente pentsatzen duenak gehiago entretenitzen gaitu berdin-berdin pentsatzen duenak baino. Askoz interesanteagoa eta, batez ere, aberasgarriagoa da. Helburu erraldoiak utzi ondoren, plazer txikiak mantentzen gaituzte tente, tragoxka horiek, kafe eta mahai baten bueltan noizbehinka bizitzen ditugun une zoragarriak.
Dena perfektua. Segurtasun dosi handiarekin eraiki ditugu gure bizitzak. Baina, noizbehinka, amets gaiztoren bat izaten dugu. Gure bide hauek krudelkeriaren bideak ere badirelako: bakoitzak bere arazo ekonomikoei, sozialei, intelektualei eta kulturalei irtenbidea bilatzen die, eta besteez ahaztu egiten da. Seko ahaztu, gainera.
Horretan nenbilen, urtarrileko asteburu batean, konkretuki, larunbat arratseko ardo txuri dastaketa alaian. Oraingoan, aspaldian hitz egin ez nuen txikitako lagun bat inguruan nuen. Ez dakit nola izan zen eta nondik etorri zen gaia, baina... Durangon kutxa automatiko batean hildako etxegabearen inguruan hasi zen hizketan. Nik arrazoi serioak ditut herriko kontuetan deskonektatua egoteko, baina jarraitu egin nion hizketaldia, ardo goxoaz lagundurik, etxegabeen problematikan murgilduko nintzelakoan. Baina, ez. Izoztuta utzi ninduen. Aho zabalik eta deskolokatuta. Txikitako gure ezagun bat da Durangoko kutxa automatiko horretan hil dena. Azalpenak bilatzen saiatu nintzen, baina berehala konturatzen zara alferrikakoa dela.
Ardoa presaka edan, eta zure lagunei mezuak bidaltzen aurkitzen zara. Konfirmazioa berehala etortzen zaizu, etxegabea ez da sustrairik gabeko etorkin bat, kaleetan beldurra ematen diguten usain txarreko arropa multzo ibiltari identifikatu gabeko horietako bat. Ez. Gure ikastolako gelako mutil bat. Azkoitiarra. Futbolean artista handia, eta Lagun Onak taldeko aurrelari bikaina izandakoa. Gutako bat. Urola bailara sakratuko gizaki bat.
Bob Dylan etorri zait burura, Like a rolling stone, harri ibiltariak garela, orain goian eta gero ezerezean baina... ez, hau ez da AEBak, ez dira Filadelfiako edo San Frantziskoko kaleak, hemen gizarte babesa eraikia dugu Beveridge eta Keynesi esker. Giza eskubideetan eta duintasunaren errespetuan oinarritutako gizarte europar batean. Nola da posible gurean pertsona bat kutxa automatiko batean hiltzea? Nola da posible denok beste aldera begiratzea? Nola da posible burokrazia madarikatua alde batetara utzita behar duenari laguntza bideratu gabe geratzea? Nola da posible gu heriotza hauetara ohitzea eta soilik gure ezagun batena denean idaztea?
Gaixo gaude, ez dago besterik. Ez gaude baliabide falta eta laguntzea ezinezkoa deneko argazki baten aurrean. Ez. Baliabideak badaude, baina, arrazoi asko medio, behar duenari ez zaizkio iristen. Zibilizazioaren eta kulturaren zulo beltz erraldoia. Itsututa gaude, eta gure gaixotasunak ez digu uzten ikusten elkartasuna derrigorrezkoa dela, besteengan pentsatzea eta, batez ere, besteekin bizitzea dela gure bizitzaren ardatza. Bestela, gure amaieran, ez dugula ezer utziko.
Zoritxarrez, ez da azkena izango. Baina, egin dezagun beharrezko dena berriro horrelakorik ez gertatzeko. Geuregatik. Etxegabe bakoitza kaleko hotzetik salbatzen dugunean geure burua salbatzen dugulako. Berandu izan baino lehenago. Tamalez, berandu da Jaime Lizarralde izeneko batentzat.
Nola da posible?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu