Noizbehinkako giza eskubideak eta tortura

Jon Gurutz Olaskoaga, Pedro Ibarra Guell
2016ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Uztailaren 7an eta 8an izan da, EHUren udako ikastaroetako baten barruan, Ararteko erakundeak babestutako batean, Europa, ¿tierra de asilo?: desafíos y respuestas izenburukoan, non Alvaro Gil Robles aritu baita hizlari gonbidatu.

Komeni da historia apur bat egitea Alvaro Gil Roblesen inguruan. Giza Eskubideen Europako Kontseiluko komisario zelarik, 2001ean, txosten bat egin zuen Europako Ministroen Batzorderako eta Parlamentu Biltzarrerako, eta oihartzun handia izan zuen nola Eusko Jaurlaritzak ospe guztia kendu zion, «partziala eta zorroztasunik gabea» zela adierazita. Txosten hartan, Ermuko Foroaren eta Basta Yakoen tesi guztiak zeuden bilduta, baita orduko euskal erakundeen kontra egindako hainbat gaitzespen larri ere.

Parterik garrantzitsuena, hala ere, Estatuko instituzioetan eman tratu txarren eta egin torturen ingurukoa da. Argi mintzo da Gil Robles:

«Jakinekoa da, behin atxilotu eta gero, sistematikoki torturak salatzea izan dela—egitate edo zantzuen aldiberekotasuna gorabehera, halako praktikak aldi berean gertatu zirela egiaztatzeko— ETAko militante ororen betebeharretako bat; hala ondorioztatzen da erakunde terrorista horretako militanteek okupaturiko etxeetan atzeman eta jardunbide judizialetan eskura jarri izan dituzten agirietatik.

»Eta helburua, ETAko buruzagiek agiri horietan beren militanteei azaltzen dietenez, zera baino ez da: segurtasun indarrak ezegonkortzea, eta, haiekin batean, baita sistema eta erakunde demokratikoak ere, eta babesa eta elkartasuna bilatzea mugimendu independentistaren aldekoen artean eta, harago, baita gazte sektore erradikaletan eta euskal gizarteko hainbat sektoretan ere, zeintzuek, arrazoi historikoak direla bitarteko, ez baitute joerarik polizien bertsioa onartzeko».

2005ean, Gil Roblesek beste txosten bat egin zuen, aurrekoaren osagarri, eta, hura bezala, Europako Ministroen Batzorderako eta Parlamentu Biltzarrerako. Txosten horretan ere, honela dio berriro torturaz ari dela:

«ETAko militanteek eta haren ingurunekoek egin tortura salaketak, sarri askotan, ez dute inolako funtsik, eta, oinarri-oinarrian, arrazoi politikoei erantzuten diete, hala nola zuzenbide estatuari eta, oro har, erakunde demokratikoei zilegitasuna kentzeko zioari.

»Nik neuk —baita bisitaldi honetan elkarrizketatu ditudan GKEek ere— konbentzimendu osoa dut tratu txarrak gertatu gertatzen direla gaur egungo Espainia demokratikoan, noizean behin eta modu ez-sistematikoan. Egia da, halaber, zuzenbide estatuak badituela beharrezko bitartekoak pertsona atxilotuen osotasun fisikoari eta duintasunari kalterik dakarkieten jokabideak ikertzeko eta zigortzeko».

Honaino Gil Roblesek 2001ean eta 2005ean zioena. Eusko Legebiltzarrak eskaturik Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza egiten ari den ikerketek argitu dutenez, 4.000tik gora izan ziren tortura kasuak 1960-2013ko aldian; kalkulu horietan oinarriturik, pentsa liteke Etxeberria irakasleak eta itzal handiko espezialista talde batek zuzenduriko txosten horretan zera ezartzen dutela: baieztapen zientifikoa eta zorrotza dela torturak etengabeak direlakoa, eta ez noizbehinkakoak.

Aurreko hori kontuan izanik eta ezjakintasuna argudiatu ezinik, pentsa liteke Gil Roblesek zilegi zuela bere planteamenduak zuzentzea. Baina ez dirudi hala izan denik, uztailaren 7an bertan tokiko egunkari bati eman zion elkarrizketari erreparatuz gero, behintzat, non hauxe erantzun baitzuen polizia gehiegikerien inguruan Eusko Jaurlaritza lantzen ari den lege proiektuari buruz galdetu ziotelarik:

«Aitortu egin behar zaio halako gehiegikeriarik benetan sufritu duen orori. Hori gauza bat da, baina oso besterik da berridaztea historia, lehendik idatzia dagoena. Denak ez gara berdinak, eta gertatu den guztia ere ez da gauza bera».

Erantzun adierazgarria, batetik, ez baitirudi sinesgarri irizten dienik hark berak gehiegikeria deritzenei, eta, bestetik, bai baitirudi aintzat hartzeko modukoa irudituko litzaiokeela historia berridaztea, benetan gertatua argitzea. Denok berdinak ez garelakoak, berriz, baliteke erreferentzia egitea giza eskubideen urraketak giza eskubideen urraketatzat jotzen direla halakoak nork sufritzen dituen horren arabera. Orain ere, bada, ezinago argi eta garbi dago Alvaro Gil Roblesek jarrera negazionista duela torturaren inguruan, eta enpatiarik batere ez torturak sufritu izan dituztenekin.

Horra hor Gil Roblesen jarrera eta iritzia. Lezertua jaunak gonbidaturik aritu da, zeina Gil Roblesen bulegoko zuzendari aritu baitzen 2004tik, eta Roblesekin bat baitator ETAko militanteek torturen eskuliburua darabiltelako teorian. Eskuliburu hori, nolanahi ere, ez du inork ikusi sekula. 2015eko azaroaren 7an, ordurako ararteko zela, honela adierazi zuen tokiko egunkari batean egin zioten elkarrizketa batean:

«Talde terroristako pertsona orok, atxilotua zelarik, bazekien tratu txarrak salatu behar zituena». Paragrafo amaieran, baina, honela dio:

«Era berean, ez zituzten ongi ikertu kasu guzti-guztiak, eta hori behin eta berriz esan izan du Giza Eskubideen Auzitegiak, eta horregatik kondenatu izan dute behin baino gehiagotan Espainia. Herrialde batek ez baldin baditu ikertzen torturengatiko salaketak, hark berak egin izan balitu bezala da».

Ia 40 urteren buruan bada ere, Espainiako torturen inguruko egia bere bidea urratzen ari da, besteak beste, Eusko Legebiltzarraren ekinbide horri esker. Ondorioetatik argitzen da egiturazkoa izan dela eta erantzukizun zuzena izan dutela Poliziak eta Guardia zibilak, Barne Ministerioak eta tortura kasuak ikertzeari uko egin dioten magistratuek. Horri erants dakioke, halaber, nekez iritsi izango ziratekeela halako maila ikaragarrietara torturak salatzeko betebeharra zeukaten baina halakorik salatu ez dutenen elkarlan aktiborik izan ezean.

Noiz itxiko den Espainiako torturen eta 4.000 torturatu baino gehiagoren inguruko orri beltz hori? Soil-soilik, biktimei kaltea erreparatzen zaienean, polizia etxeetan egin deklarazioetan bakarrik oinarritutako zigorrak berrikusten dituztenean eta egileen erantzukizunak argitzen dituztenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.