Erosiko ditugu aurten ere nobela potoloak, urte guztian apalean egongo diren historia liburuak eta jarriko ditugu begi-belarriak berrienen eta salduenen rankingean. Atentzioa ematen dit egunotan ateratzen diren liburu kargamentu andanak, jendea nola ateratzen den Durangoko azokatik eskuak bete poltsa edota bestelako liburu dendetan dauden liburu tontorrak. Denok Gabonetako erregalu perfektu eta kunplitzailearen bila, eta nago, data hauek iristean, adreilu lodikote hauek eskuan ditugula ez ote dugun pentsatzen literaturarekiko «urte honetakoak behintzat egin ditugu», gainontzeko hilabeteetan produkzio literariorik egongo ez balitz bezala.
Azoka edo denda ondoan egiten diren elkarrizketa horietan deigarria egiten zait, halaber, erostunen artean beti egoten dela nobela historikoren baten izenburua puri-purian. Arrakasta handiko generoa da, inongo zalantzarik gabe, baina dagoen eskaintza inoizko handiena izango da. Ni jada galdu egiten naiz, historiaurreko neanderthal eta homosapiens-en elkarbizitzak, erromatarren traizioak eta botere egarriak, katedralen eraikuntza amaigabeak, Euskal Herriko Erdi Eroko intrigak, Gerrate Mundial odoltsuak, erlijoaren historiako kontraesanak, Espainiako Gerrate Zibileko dramak...
Fikzioa sortzeko osagai eta tresna politak ematen ditu historiak, erabat konbentzituta nago eta nobela historikoa horrela ulertu eta horrela erabiltzen den bitartean ez dago arazorik. Nolabait ere historialarien gremioan nagoen heinean, nobela historikoaren inguruko arazoa muturreko bi jarreretatik datorrela uste dut. Batzuek nobela historikoa irakurri eta tratamendu historikoari soilik erreparatu eta akatsak besterik ez ditu bilatuko nonahi eta horien bila joango da (ETB2ko La noche de-ko gazapoak bezala), berdin bestelako generotan ere (telesailak, erakusketak, dokumentalak...), eta kritikatuko du egilea historiaren erabilera arbitrarioarengatik, eta deitoragarria irudituko zaio bere obra guztia. Bestetik, aldiz, irakurle soila dago, bizitza honetan dena nobela historiko batean bezala gertatu zela uste duena eta Toti Martinez de Lezearen pertsonaiak Gasteizko alde zaharrean topatzea espero duena.
Oso bi muturreko kasuetan jarri naizela badakit, barkatu, baina jarrera batean zein bestean, nobela historikoa, historiako eskuliburu gisa tratatzean dago. Historiaz gehiago jakin nahiez gero, lan zientifiko oso onak daude eta bibliografia zerrenda luzeak eman ditzakegu garai historiko bakoitzerako.
Diskusio latzak eduki izan ditut nobela historikoaren detraktoreekin, ezin dutelako eraman zenbait autorek nobelaren eraikuntzarako egiten duten historiaren manipulazio konsziente hori. Eta, bestetik, saiatu izan naiz zenbait laguni ulertarazten ez dakigula zehazki Bartzelonako Katedralaren lehen harriak Arnaud izeneko batek jarri ote zituen, edo Goi Paleolitoan lehoiak domestikatzen zituen emakume miragarririk zegoen...
Denak ez du balio esango dit norbaitek, datu historikoak zehatz eta zorrotz erabiliz eraiki daitezkeela istorio onak. Eta egia da, gauza guztiak daukate muga bat; ezin dugu dinosauroak eta Homo sapiens-ak nahasten ibili aldiro, istorio apasionanteago bat eraikitze aldera. Baina mugak muga, fikzioa, fikzioa baino ez da, eta norberaren irizpideen arabera dago muga non jarri eta zenbateraino sinetsi gauza bakoitza. Baina egia da norbere irizpidea ere landu eta hezi egin behar dela, nolabait.
Hori bai konfesatu behar dizuet: ez etorri niregana nobela historiko batean irakurritakoa egia den edo ez galdetzera, aspaldi utzi nion nobela historikoa irakurtzeari, deformazio profesionalak ez baitzidan uzten nobelaz gozatzen eta nobela hutsera pasatu naiz, fikzioaz ederki gozatuz, inongo ardurarik gabe eta nire historia kritikatzeko gaitasuna kinkan jarriko duen nobela astun horietatik ihesi.
Beraz, erlaxatu, utzi aurreritziak, eta disfrutatu irakurketaz, edozein generotakoa dela ere, eta, batez ere, gure historiako karrerako irakasle batek zioen moduan: «Ez sinetsi sekula irakurtzen duzuen guztia».
Nobela versus historia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu