Idazle eta historialaria

Noaingo bataila, Amaiur eta Hondarribiaren defentsa

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Jauntxoak eta eliza komuneroen aurkako gerran bete-betean sartuta zirela, 1521ean, Nafarroako Henrike II.ak bere koinatu Frantziako Frantzisko I.a erregearen laguntza lortu zuen Gaztelak bederatzi urte lehenago inbaditu, konkistatu eta okupatutako Nafarroako erresuma berreskuratzeko.

Lehendik ere Henrike II.aren gurasoak Joan Albret eta Foixko Katalina makina bat aldiz saiatu ziren gaztelarrak Nafarroatik bidaltzen; baina, 1521ekoa zirudien «oraingoan bai» esateko modukoa. Henrike semea errege zela eta bere zerbitzura jarritako nafar eta Biarnoko osteei frantsesen laguntza «epela» gehituta garaile izan ziren Iruñeko ateetaraino. Hiriburuko jende leialaren laguntzaz, gaztelarrentzat defendatzen zuen Ignazio Loiolakoa zauritu eta Iruñeko erresumaren azken gotorlekura iritsi ziren, Logroñori setioa jarrita.

Villalarreko porrotaren ondoren, ahulduta komuneroak eta Gaztelako nobleek, elizak eta enperadore berriaren tropak landa lurreko nekazariak lehen lerroan jarrita, atzerarazi zituzten nafar-frantsesak. Karlos V.a zen Inperio Sakratuaren Enperadorea, Filipe Habsburgokoaren eta Gaztelako Joana I.aren semea. Ganten jaioa zen, Belgika iparraldean, gaztelaniaz tutik jakin ez arren amaren sena eta amorrazio inperiala jaso zituen. Berak eta bere tropa alemaniarrak gidatu zituzten Nafarroa desagerrarazteko azken aurreko batailak: Noain, 1521ean, Amaiur 1522an eta Hondarribia 1524an. Erresumak Nafarroa Beherean bizirik jarraitu zuen.

Zenbakien desberdintasun handia

Kolpe handiena 1521ean jaso zen. Gudua Ezkirotz, Erreniega eta Noaingo zelaien artean jokatu zen. Gaztelako kondestableak zuzendutako kontraerasoa 30.000 soldaduz osatua zegoen eta nafar-bearnesak apenas 8.000 ziren. Gutxirako balio izan zuten defentsarako kanoi astunek eta eliteko frantses jendarmeek, are gutxiago horiek diziplina hautsi eta lerrotik ihes egin zutenean. Nafar-gaskoi tropen 5.000 lagun hilda utzi zituen; gaztelarrak ez dago garbi, baina gutxi.

Salbatu ziren nafar gutxiek mendialdeko bidea hartu behar izan zuten, Iruñea inbaditzaileen eskura erori zen berriro eta Henrike II.ak berak eta bere leialek Pirinioetako bortuz bestaldeko haranetan antolatu zuten erresistentzia.

Handik urtebetera, 1522an, ehundik gorako nafar leialek Amaiur gaztelua hartu zuten Jaime Belaz Medrano kapitainaren agindupean. Gaztelarrek gaztelua setiatu egin zuten eta hamasei kanoi espainiarrek gaztelua bonbardatu zuten eguna joan eta eguna etorri. Espainiarrak ez izateko borrokatzen ziren haiek ezin izan zuten ezer egin etsaiaren indarraren aurrean.

Karlos V.a enperadoreak frantziarren kontrako erasoa antolatu zuen 1523-24ko neguan. Alabaina, Europan porrot egin eta bere armadaren hondarrak Hondarribia blokeatzera bidali zituen. 1524ko otsailean frantsesek hiria utzi zuten, hortaz, nafarrak bakarrik geratu ziren Petri Nafarroakoaren izen bereko semearen aginduetara. Hondarribia 1524ko apirilaren 29an errenditu zen espainolen aurrean, 824. urtean erresuma sortu eta handik 700 urtera. Nafarroako erresuma 1620an desagertu zen Europako estatu subiranoen zerrendatik, baina euskalnafarrak ez dira izan ez erauziak, ez asimilatuak eta are gutxiago betirako garaituak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.