Niretik gurera

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuk, harrituta geratu nintzen pertsona batek txio batean adierazi zuenagatik: alderdiak (auskalo zeinek) bere militanteen arteko sexu harremanak aztertzea nahi zuen (eta, behar izatera, baimentzea). Likido eta indibidualistatzat neuzkan garaion kontrakarrean modernitatearen balioak irmo erreibindikatzen zituen mezu horri beste txio batek segitzen zion, non egileak aurreko mezuko ortografia akats bat zuzentzen zuen. Anekdota horrek erakusten duenez, bere burua indibidualismoaren aurkari sutsutzat duenak ere —larrutan egiteko ere komunitatearen pisua (alderdiak haragitua) eskatzen baitu— horren azal fina du bere ni-aren (self-aren) proiekzioaz, ezin baitu jasan ortografia akats batek bere irudia ahul dezan. Ez ditut Che edo Durruti halakoez kezkatuta imajinatzen.

Hala, ondo legoke onartzea 60ko hamarkadan abiarazitako eraldaketa materialek (ekoizpen moduetan, komunikazio sareetan eta praktika sozialetan izandakoek) azkartu egin zutela indibidualismoaren inportantzia, gizarte tradizionaletan ia ez zegoena (pentsa zer garrantzitsua zen etxea) eta nazio edo klase modura artikulatu zena modernitatean. Alabaina, 68ko Maiatzak emergentzia bat azaleratu zuen, hots, aurreko hausturei erantsi zitzaizkien haustura berriak: belaunaldien artekoak, generoari, arrazari, hizkuntzari, sexu identitateari dagozkienak, eta abar. Haustura horiek erridikuluraino puztu daitezke, modu interesatuan, zenbait analistak zentzuz salatu duten antzera, kritikatuz zer joera zentripetu eta suntsitzailea daukan borroka batek baldin eta haren funtsa bada ikustea «ea nork duen handiagoa», kasu honetan zapalkuntza. Kuriosoa da nola oharkabean horren antzeko logika bat darabilen ustez beste muturrean dagoen pertsona batek, eskatzen duenean alderdiak sexua baimen diezaiola baina... aldi berean zinkurinka aritzen denean ortografia akats batengatik.

Era berean, onartu behar da despolitizazio testuinguru batean gaudela. Baldin eta politikoa dena zera bada, arazo bat pribatutzat hartzeari utzi eta auzi publikoei dagokiela onartzea, orduan, erantzukizun publikoa pribatizatzean oinarritzen da eredu neoliberala: instituzioetatik herritarrengana lekualdatzen du erantzukizun hori, hartara instituzioak kapitalaren errendimendua bermatzen jardun daitezen, eta herritarrak, berriz, bizitza kudeatzen (hau da, bakoitza molda dadila ahal duen bezala, adibidez eskolara bueltan). Ikuspuntu horretatik, giltzarria da berriz politizatzea herritar gehienen gogoan despolitizatu egin dena, zeren herritarrak sufritzen ari baitira, baina erabat absente daude aktibismoan eta herritar konpromisoan. Kontrara, arlo soziala lantzeko taktika modura konbentzituentzako diskurtsoak bakarrik erabiltzeak (hau da, aktibistentzako diskurtsoak, izan alderdiari edozertarako baimena eskatzen dioten modernoentzat, izan generoa ere diluitzen duten postmodernoentzat) helburu bakarra dauka estrategikoki: hautatu horien sinesmenak berrestea. Herritar gehienak, aldiz, absente eta despolitizaturik daude, eta terraplanismoaren eta faxismoaren diskurtso limurtzaile usteletan erortzen dira.

Horiek horrela, zenbait arlotan —garapen komunitarioan, sareen egituratzean, gu-a berriz artikulatzean— gutxiago begiratu behar zaie gureei, eta gehiago erreparatu min partikularrei —besteenei—. Horrela bakarrik ikusarazi ahalko da berriz haustura jakinetatik —belaunaldien artekoetatik, gaitasunei, generoari edota identitate sexual edo kulturalei dagozkienetatik— elikatzen diren min horiek beti daudela menderakuntza matrize batek zeharkatuta, eta hori klase terminoetan berrinterpreta daiteke.

Testuinguru neoliberalean, hasieran azaldutako bi jarreren (indibidualismoak ukatzea eta infinituraino puztea) azpian datzan logika gainditzen saiatuta, ohartu behar dugu zera dagoela bi muturren azpian: gailentasuna erakusteko borroka bat. Bi kasuetan, ni-a da bukaera (kolektiboan edo partikularrean diluitzea amesten duen ni bat); azken finean, ni-a da diskurtsoaren erdigunea. Horiek horrela, logika litzateke taktikoki onartzea ni-aren zentraltasuna, eta, hortik abiatuta, estrategikoki, gu-rantz proiektatzea posizio indibidualizatu, aitortu eta balioetsi hori. Bestela esanda: eredu neoliberalak indibidualizatutako sare sozialak aktibatzea, oinarri gisa hartutako estrategietan «eta nirea zer» esatetik abiatu eta «eta gurea zer» esatera orientatuta. Alde horretatik, bizi garen osasun krisiak aukera ederrak ematen dizkigu, ikusarazten baitigu «eta nirea zer» horrek beti daukala zerikusia «eta gurea zer» horrekin: bakardadea ikusi dugu gure zaharren bakartzean; osasun eta hezkuntza baliabideen faltak markatuko ditu datozen hilabeteak; gizartea zaurgarritasunak zeharkatuta dago; immigranteen, haurren eta gazteen aurkako aurreiritziak zabaltzen dira… Eta, batez ere, eredu neoliberalak sare sozialak hausten ditu, eta gu noraezean naufrago uzten. Errauskine jabetzen denean sufritzen duen menderakuntza ez dela pribatua, baizik eta botere logiken ondorioa, orduan, errauskinek ipuina alda dezake.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.