Nire herriko alkatea

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
El alcalde de mi pueblo
tiene mucha ilustración,
sabe tocar la txistu...
y se llama... ¿San Odón?

Osakidetzak ordaindutako opor egun batzuk pasa eta, goiko abestia entzun ustez esnatu nintzen anestesiatik. Banekien batzuetan burua nahastu egiten zela. Ez, baina. Erizainak txutxu-mutxuan ari ziren: Odon Elorzak berriro nahi zuela Donostiako alkate. Nonbait hogei urte gutxi iruditu zitzaizkion. Niri, aldiz, izugarri luze gertatu.

Txiripaz heldu zen Elorza Donostiako alkatetzara. EAJk ezin onartu EAk, Xabier Albistur buru, hauteskundeak irabazi izana eta, PSOE eta PPrekin batera, orain Frankenstein hitzarmen deitzen duten horietakoa antolatu zuten. Ustekabez, Odontxo gaztea alkate. Tratuan noski bakoitzak bere mokadua hartuta. PPk Illunbeko zezen plaza. Hasieran apal antzera ibili zen Odon, baina karguari behin eta berriz heltzearen ondorioz, Donostiako Errege sentitzera iritsi zen eta, hogei urteren buruan, ezker abertzalearen arrakastak, EAJren damuak eta bere partidu barruko ezinikusiek ataka itxi ziotenean, kasketa galaktikoak harrapatu zuen. Jakina, buruan Elizabeth II.aren eredua zuen. Kantak-eta egin zizkioten.

Odon ez zen izan Donostiak izan zezakeen alkaterik txarrena, ezta berak uste duen bezain ona ere. Lan on batzuk ere bideratu zituen, tartean besteek abiatu eta berak merituak zurrupatutakoak. Baina, batez ere, populismoa erabili zuen donostiartasun likatsu eta faltsua suspertzeko. Horretan finkatu zuen orain aipatzen eta bere ustez behar den buruzagitza. Eta ondare historikoaren aldetik zero sentsibilitatea erakutsi zuen: Donostiako merkatu guztien birrinketa edo Boulevard baliotsuaren desegite erridikuluarekin. Odonen agintepean, Bretxan jarri eta kendu egin zen Canovas gunea bereziki aipagarria da. Hamar urteren buruan eraiki eta eraitsi, beti propaganda handiz eta beti hiritarrok ordainduz. Odonek piztu zuen gure auzo zaharra enkante librean jartzeko suziriaren metxa.

Baldintza bakarrez prest ninteke haren alde egiteko: Illunbeko jokaldiaren truke, programan jarriko balu su artifizialen aurkako mugimendua. Nahikoa dugu zarata, arriskua, zikinkeria eta alferrikako kutsadurarekin. Hasi beharko zaio ba anabasa horri ordezko ekologiko eta txukuna bilatzen.

Alkate hitza, euskarazko eta gaztelaniazko asko bezala, arabieratik dator: al qadi, zentzu zabalean epaile edo patriarka berbatik. Komunitate txikietan kriterio eta fama zuzeneko pertsona zen kadia, denek onartua. Eta gure gizartean oraindik badu itzal hori herritarren artean. Agian horregatik da hain kargu desiratua, eta askok heldu nahi diote.

Irail hasierako garaitsu honetan, eta ekain amaieretan, urtero harritzen nau nolako tema duten Hondarribiko eta Irungo alkateek euren makilari eusten, Alardeen liskar ero errepikakorra bideratzeko gauza ez direla argi geratu den arren. Hain da erraza dimisioa ematea. Begira Carlos Lesmesi.

Orain hogeita bost urte honela idatzi nuen: «Berandu baino laster emakumezkoek Irungo eta Hondarribiko alardeetan gizonezkoen antzera hartuko dute parte. Eta azkeneko boladan inozokeria gaiztoak esan dituzten asko, lotsatuta, isilik geratuko dira».

Aurten, gorputza grapaz josita daukadan arren, maleziak barre eginarazi dit. Gutxi barru, herritarren esnaera ikusirik, iragarpen hura bete egingo dela sumatzen baita. Eta Sagarzazu eta Santano alkateek Hondarribiko traineruaren patroia kontratatu beharko dute, Ioseba Amunarriz, datorkien sekulako ziaboga nola egin asmatzeko. Agian Odon Elorza aholkulari hartuta errazago. Honek ere ziaboga politak egiten bazekien eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.