Nire eskubidea baita

2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Orain naizena baino gazteagoa banintz, ostiraletan pintxo-poteoa egin, larunbatetan afaria eta igandeetan kirol stadiumera joango nintzateke, arnasa ondo hartzen uzten ez duen musuko madarikatua baztertu eta lagun-koadrilan ohi bezala gozatzera, nire eskubidea baita bizitza nire erara antolatzea. Diru pixka bat baneuka, hegazkina hartu eta oporretara abiatuko nintzateke, unea iritsita, Karibera, Vietnamera edo Kenyara, gaixotasun tropikalen kontrako txertoa gustura ipinita, inork ez baitit niri esan behar zein txerto ipini behar ditudan eta zeintzuk ez. Haur koxkorren gurasoa banintz, ohi bezala ospatuko nituzke haien urtebetetze-egunak, gelako lagun gehienekin, eta ondoren, guraso-taldearekin egingo nuke afari-merienda, nire eta haurren eskubidea baita pozarren bizitzea.

Ostalari edo tabernari banintz, parez pare irekiko nituzke lokalaren ateak, barra, mahaiak eta terraza bezeroentzat behar den bezala prestatuta, goizetik gaueko ordu txikietara, nire eskubidea baita negozioa nire erara kudeatu, lokala topera eduki, bizimodua aurrera atera eta txukun bizitzea. Dantza-leku baten jabea banintz, ohiko dantzaldiak ez ezik, ikuskizunak eta kontzertuak antolatuko nituzke, ahalik eta sonatuenak, ahalik eta bariatuenak, nire eskubidea baita jendeak apreziatuko duen lokal eredugarria edukitzea, zurruta, tabakoa eta abar debekatu gabe.

Zahar-etxean dagoen agurea banintz, bilobak estu-estu besarkatuko nituzke, astean behin alabaren etxera bazkaltzera joango nintzateke, eguerdian vermut goxoa hartu ondoren; nire adinekoentzako bidaietan parte hartuko nuke, betidanik gustukoak ditudan gauzak egiten jarraituko nuke, inork ez baitit niri eskubide hori ebatsiko gelditzen zaizkidan urteotan.

Aski botere baneuka aginduak emateko, jendeari nahi duena egiteko eskatuko nioke, bistan baitago erantzukizun handikoak direla gehienak, ez nieke eskatuko distantziak gordetzeko edo eskuak garbitzeko, hori dutxatzea eskatzea bezain itsusia baita, eta ni ez bainaiz inor jendeari esateko zer egin behar duen, nora joan behar duen, eta norekin batu behar duen kalean edo bere etxean, oherako edo zurruterako.

Birusa banintz, berriz, pozez lehertzen ibiliko nintzateke, nire izakideekin partekatuz: «gizaki hauek ergelak dituk, gero!»; aldiz, sanitarioa banintz, onean ofizioa uzteko, eta txarrean modurik erosoenean nire buruaz beste egiteko aukerak aztertzen jardungo nuke.

Herritar jubilatu xumea naizenez, eta inongo botererik gabea, neure buruari galdezka jarraitu beharko dut: zergatik garraioetan, autobusetan eta metroan adibidez, ez da aforo-murrizketa markatzen, eta zergatik garraio horiek lepo doazenean axolarik gabe erabiltzen ditugu?; zergatik, praktikan, jendea supermerkatuetan eta zentro komertzialetan multzokatu daiteke inork ezer esan gabe?; zergatik eliteko jokalariak, tantoa egin orduko, mundu guztiaren aurrean elkarren artean musukatu eta besarkatu daitezke, gauzarik naturalena balitz bezala?; zergatik txertatu dituzte lehenago bulegoetan dauden ertzainak edo poliziak, 65 urte baino gehiago ditugunok edo etxeetan elbarriak zaintzen dauden migranteak baino?; zergatik behartzen naute musukoa ez ezik gainerako neurri guztiak betezera, eta ez naute behartzen txertoa hartzera, dakitenean barrera onena dela?; zergatik gara hain kexatiak eta ipurterreak, eta egun batzuk, aste-pare bat, kalera atera ezinik egonez gero desesperaturik gabiltza? (uste dut Unai Parotek daukala erantzuna); zergatik gure agintariek tantaka hartzen dituzte neurriak, behingoz gogorragoak eta luzeagoak eman ordez?; zergatik lasaitzen dira neurriak intzidentzia-tasak behera egin ahala, eta ez dute itxaroten bolada batean egonkortu arte?, eta abar.

Nago, horrela jokatzen jarraituz gero, pandemia ad infinitum luzatzeko arriskua dagoela. Martxa eta desmartxa honetan, 2021ean gabe, 2022ko Gabonetan ere berdin egongo gara, igogailu geldiezinean gora eta behera...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.