Nire eskerrik beroena, bihotzez

2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Urte batzuk igaro dira, dagoeneko, XVI. mendearen amaieratik, garai hartan ezohikoa zen gertakari erradikala gertatu zenetik: José deCalasanz pedagogoak lehen eskola publikoa bultzatu zuen Europan. Santuen izendegiak urtero gogoratzen du, baina, erlijio-fedeak gorabehera, hezkuntza-eremuko berritzaile horren irudiak munduko lanbide liluragarrienetako bat aldarrikatzeko balio digu: maisu-maistrena.

Ekitatea, aukera-berdintasuna, zalantzarik gabe, gure hezkuntza-sistemaren altxor handienetako bat da, eta bereziki iradokitzailea da, pandemia ikasturtean aurrera egiteko zailtasunak jartzeko tematuta dagoen garai hauetan. Gaur, hezkuntza ikasle guztien eskura izatea, goizero ikasgelako ateak irekitzea da; eta horretaz arduratzen dira egunero milaka eta milaka profesional. Katea garbiketako langileekin hasten da; ahalegin bizia egiten dute, eskolek ahalik eta berme gehienekin hartu ahal izateko ikasleak. Ondoren, zuzendaritza-taldeak daude, baliabideak kudeatu eta familiei arreta ematen, garraioko arduradunak, jangelako langileak eta administrazioko langileak. Eta haiekin guztiekin batera, eskutik hartuta, maisu-maistrak eta irakasleak, hezkuntza-maila edozein dela ere.

Eskerrak eman nahi dizkiet, publikoki, kolektibo horiei guztiei, pertsona horiei guztiei, gure ikasleek ikasgelan, ikaskideekin batera, prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izateko erakusten duten inplikazioagatik. Baina, gaur, zein egun den kontuan hartuta, eskerrik beroena maisu-maistrei eta irakasleei, oro har.

Hil korapilatsu hauetan, haien lana are garrantzitsuagoa ari da izaten; irakasleak lan pedagogiko bikoitza egiten ari dira, beren ohiko lana egiteaz gainera, ikasleei prebentzioaren eta osasunaren zaintzaren kultura ere transmititzen baitiete. Gure ikastetxeetako neska-mutilen funtsezko erreferentea da irakaslea, eta, haren lanari esker, milaka neska-mutilek berehala asmatu dute murrizketa gehiago dituen eskola-bizitzara egokitzen. Ziur nago familiak ere ahalegin horren jakitun direla, eta beren seme-alabak eskolara egunero konfiantzaz eta segurtasunez joan ahal izateko egiten ari diren lana eskertzen dietela.

Izan ere, ikasgela eta eskola ez dira espazio hutsak. Gure gizartearen kultura eta balioak transmititzeko guneak dira. Metro koadro horiek oraina eta etorkizuna batzeko balio dute; hezkuntza zabalagoa dela ulertzeko, ikuspegi humanistaduna eta holistikoduna dela ulertzeko, Unescok aldarrikatzen duen bezala. Hezkuntzak, batik bat, jarrera eta balioak esan nahi du, baina baita autoexijentzia, jakin-min intelektuala eta egokitzeko gaitasuna ere. Hezkuntza, azken batean, gizarteak duen tresnarik ahaltsuena da. Eta tresna hori eguneratu, ondo zaindu eta babestu egin behar da.

Erronka kontuan hartzekoa da, baina, horretarako, eskola-komunitate osoa ondoan izatearen abantaila dugu. Eta badakit denok goazela noranzko berean arraunean, aurrerantz, aurrera begira doan patroia bezala, baina bizkarrez arraunean, gakoak berrasmatu ahal izateko, Jorge Oteizaren hitzetan. Egia da, oraindik hobeto koordinatu behar ditugu arraunkadak, erritmoa egoera bakoitzera egokitu behar dugu, baina horretarako borondatea antzematen dut. Ikastetxeetan autonomia gehiago egotearen alde egingo dugu, hezkuntza-esparru eraldatzailearen buru izateko, digitalizazio-estrategiaren alde, lanbide-ingurunean eta hizkuntza-prestakuntza sendoan oinarritzen den prestakuntza teoriko-praktikoaren alde.

Gure hezkuntza-sistemak hori eta askoz ere gehiago eskaintzen digu. Eta hori guztia eta askoz ere gehiago dute xede gure ikastetxeetan ari diren irakasleek.

Administrazioan ere, Eusko Jaurlaritzan, gure ikastetxeak ikasturte osoan zehar ikaslez eta maisu-maistraz eta irakaslez beterik jarraitzea dugu xede. Hori horrela, Osasun Sailaren aldetik une oro izaten ari garen elkarlanaren balioa nabarmendu nahi dut; koordinazio horren emaitzak agerikoak dira, dagoeneko.

Ezerk ezin ditu ordezkatu aurrez aurreko klaseak, maitasuna, hezkuntzako gure profesionalen konpromisoa. Ikastetxeek gure ikasleen irribarrea jasotzen jarrai dezaten lortzeko lanean jarraituko dugu, nahiz eta maskarek benetan irribarre horiek ikusten utzi ez. Ikasturtea ondo hasi da, aurreikusitakoa baino hobeto, eta, erantzukizunei esker—gurea, banakoa, eta kolektiboa—, gure gizarteak aurre egingo diopandemiari.

Maisu-maistrok, irakasleok, eskerrik asko, bihotzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.