Nikaragua. Ezkerra eta auzo lotsa

2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan Nikaraguan gertatzen denarekin kezkaz beteta nabil, eta baita euskal ezkerrak duen isiltasun lotsagarriarekin ere. Kezka areagotzeko, gainera, jakin berri dut Monika Baltonado gerrillari eta diputatu ohiaren anaia Ricardo Baltonado, unibertsitateko irakaslea, poliziak atxilotu duela muntaia itxura duen terrorismo salaketarekin. Eta horrela askorekin.

Zorionez, berriro ere, hipotekarik gabeko feminismotik datozen iritzi kritikoek poztu naute zerbait, ene auzo lotsa arinduz. Hasteko, adierazi nahi dut BERRIAn June Fernandez kazetariak argitaraturiko Nikaragua eta matxismo ezkertiarra iritzi artikuluarekin bene-benetako adostasuna dudala. Izan ere, 2006an, Nikaraguan 1837tik indarrean zegoen abortu terapeutikoaren legea bertan behera geratu zen FSLNren laguntzarekin, eta feminismoa jipoitzen jarraitu du. Erabaki horrekin katoliko atzerakoien botoa erakarri nahi zuten fronteak; baita lortu ere, handik gutxira Ortegak hauteskundeak irabazi baitzituen. Modu zikin horretan gobernura heltzen denak zikin jokatzen jarraituko du behin gobernura helduta. Eta, zoritxarrez, hala izan da.

Niretzat, jarrera horregatik (eta bere andrearen alaba Zoilamerikari egindakoagatik), aski da Ortega-Murillo eta FSLN ezkerreko mapatik ezabatzeko. «Putasemeak dira baina gure putasemeak, eta horregatik babestu egin behar ditugu» esaera hark inperioarentzat edo burgesiarentzat balio lezake, beren interesak gauza guztien gainetik eta aurretik jartzen baitituzte; baina ez gizateriaren emantzipazioa helmuga duen ezkerrarentzat! Horregatik, zeharo gaitzesgarria iruditzen zait ezkerraren zati batek azaltzen duen Ortegarekiko onespena edo salaketarik eza. «Ortegaren eta inperialismoaren artean erantzuna argi daukat», erantzuten dute. Baina kontua ez da Ortegaren eta inperialismoaren artean hautatzea, jipoitzen eta sarraskitzen ari den Diktadorea eta matxinatu den herriaren artean baizik! Gainera, une honetan ez dago (Venezuelarekin bezala) Ortegaren eta Inperialismoaren arteko gatazka. Ortegak bere burua zuritzeko asmatutako aitzakia da. Inperialismoa muturra sartzen ari dela? Jakina, eta non ez! (eta hori guztiz salagarria da). Eta gehiago sartu ahalko du Ortegaren errepresioa lagun. Inperioa omnipresentea da Erdialdeko Amerikan, baina horrek ez du esan nahi inperialismoak mugitzen dituenik herri gatazkak.

Aspaldi da Ortega buru duen FSLNk iraultzailea izateari, are, ezkerreko talde duin eta ondratua izateari utzi ziola. Gobernua galdu zutenean, iraultzarekin jarraitzeko dirua behar zela-eta, Piñata deituriko lapurretaren bitartez, Ortegaren sokakoek (salbuespenak salbuespen) bere poltsikorako ebatsi zituzten hainbat herri jabego: lurrak, diru funtsak, hotelak eta industriak... Hor hasi zen FSLN eta bere buruzagien usteltze prozesua. Orduz gero, elizarekin, bertako burgesiarekin, eta Munduko Diru Funtsaren agintariekin tratulari leialak izan dira Ortega eta enparauak. Horren ondorioz, benetako milaka sandinistak alderdia utzi egin zuten.

Joera negargarri hori, zoritxarrez, hain zabaldua dago ezkerraren alorrean, ezen ohikoa edo normaltzat jotzen dugu «pragmatismoaren» izenean. Ni ez nago ados, alabaina, herri haserreari errepresio gordinarekin erantzun dionean, ustelkeriaz harago joan da FSLN: poliziak, paramilitarrak eta partiduaren taldeekin hilak (ia 400), zaurituak, atxilotuak eta torturak eragindakoak. Hor marra gorri guztiak igaro dira. Eta hemen, gurean, ezkerrekook isilik.

Hori eta geo-estrategiaren izenean egiten diren lerratze harrigarriak. Adibidez, Errusia eta Al-Assaden aldeko lerratze kriminala. Hori bai, antiinperialismoaren izenean. Horientzat Siriako kurduen borroka guztiz ulertezina da. Norbaitek «ergelen antiinperialismoa» deitu zion joera horri. Arrazoi guztia zuen. Horientzat errazena Nikaraguako herri mobilizazioak «kolpistak» bihurtzea, eta kito arazoa. (Kataluniari buruz ere halako zerbait entzuna dugu, ezta?).

Duela hilabete bat nazioarteko arloko euskal aditu batek (Argia-n) idatzi zuen une honetan Amerika Latinoan jardun duten «iraultza» saiakera guztiek (hor sartuz era eta izaera desberdineko mugimendu asko) eskubira jo dutela, eta ez dutela kolokan jartzen estatusa. Entzun izan dugu, sarriegi, Arabiar Udaberriak azken finean inperialismoaren mesederako izan zirela.

Izugarria halako abiapuntua. Ni, Rosa Luxemburgekin bat nator hauxe zioenean: herriek eskubidea dutela eginahalean kale egiteko, okertzeko, azken finean! Herri mugimenduekiko halako mesfidantzak adierazten du zein ezgai, erratu eta antzu bihurtzen ari den ezker (nolabait deitzearren) mota bat, zeinari beren gidaritzapean edo parametroetan sartzen ez den oro arriskutsua iruditzen zaion, inperialismoaren jostailua bihurtuz. M15 mugimenduak ere antzeko harridura sorrarazi zuen hasiera batean, bere parametroetan ez baitzen sartzen mugimendu hura.

Halako ezkerrarekin ez da harritzekoa herriak eskuinera jotzea; baina ez berezkoa duelako, baizik ezker inpresentable horrek eskuinari aurpegia garbitzen diolako, Sao Pauloko Foroaren erabaki lotsagarria lekuko. Kubako iraultzaren mireslea nauzue, baina ez itsua Kubako Alderdi Komunistaren erabaki askorekin, batez ere nazioarte arloan. Ezin ahaztu 68an, orain 50 urte, Sozialismoaren izenean Fidel Castrok ontzat eman zuela Sobietar Batasunak Pragako udaberria tankeekin ito izanaz. Edo duela urte batzuk Al-Assadi sostengua adierazi ziola...

Joera horrek, nire uste apalean, ez du zerikusirik internazionalismoarekin, eta bai burokraten arteko diplomaziarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.