Eta ez dut uste ohartzen garenik zer esan nahi duen bi edo lau abortu egin izanarekin bizi behar izateak», horrela zioen aurreko igandean BERRIA-n elkarrizketatutako Txusa Balbasek, Zarautzen bizi den ginekologo eta homeopatak. «Gazteagoa nintzenean, abortuaren alde nengoen, eta asko borrokatu naiz emakumeek aukeratzeko askatasuna izan zezaten, baina gero iritziz aldatu nintzen», dio Balbasek, abortu legearen inguruan galdetuta. Galdera garrantzitsua zen, une honetan oinarrizko eskubide hau erabat arriskuan dagoelako. Nik ez dut uste ohartzen garenik zer esan nahi duen abortuaren penalizaziora bueltatzea, zer esan nahi duen abioi bat hartu behar izatea Londresen abortatu ahal izateko, edo zer esan nahi duen 16 urteko neska batek guraso katolikoekbaimena ematen ez dutelako ama bihurtu behar izatea bere nahiaren kontra.
Eta Balbasek botatako mamuari erantzun nahi diot. Nik bizitzan bi abortu izan ditut, eta «abortatu izanarekin» bizi naiz. Badakit gure harremanetan oraindik nahiko tabu dela horrelakorik esatea, baina niretzako ez da aitorpen bat. Erabaki egokia hartu nuela sentitzen dut. Nahigabeko haurdunaldiak gertatzen ziren, gertatzen dira, eta gertatuko dira. Oraindik ez dugu nahi dugun sexualitate eredu hori, non hau ez den inoiz gertatzen.
Ez da inoren gustukoa abortatu behar izatea, baina nahiaren kontra ama bihurtzea baino erabaki hobea dela sinetsita nago. Emakumeon gaitasun erreproduktiboak berrogei urte iraun dezake, eta berrogei urte horietan gurean dugun harreman kultura sexistan gauza asko gerta daitezke.
Gaur egun 43 urte ditut eta ama naiz. Badakit guraso bihurtu nintzela guraso izan nahi nuen unean, ni horretarako prest eta gogoz nintzen unean. Eta hori oso garrantzitsua da, «gurasotasunak» (ama eta aitatasuna) bizitza erabat eraldatzen duelako, denazeharkatzen eta baldintzatzen duelako.
Gogora dezagun. Emakumeok luzez abortatu behar izan dugu Londresen, Amsterdamen... aspaldiko bidaia horren oroimen latza grabatua dut. Urte luzeetan ere hemen abortatu dugu, baina beti umiliazioaren tuneletik pasatuta: psikiatra batekin elkarrizketa izaten genuen, berak gureosasun mentala arriskuan ikusten zuela ziurtatzeko.
Abortua ordaindu behar izan dugu, garesti, baita psikiatraren elkarrizketa ere. Eta azkenean, duela oso gutxi, onartu egin da epeen legea. Horrek ere ez digu gure eskubide osoa aitortzen; baina, behintzat, umiliaziorik gabe abortatzea posible da, eta hori galtzeko zorian dago.
Eliza katolikoak eta haren ordezkari zibil Alderdi Popularrak emakumeon gorputzetan agindu nahi du. Antisorgailuen kontra dago, hurrengo eguneko pilularen kontra dago, baita kondoiaren kontra ere (imajinatu horren eragin hilkorra hiesaz oso kutsatutako herrialdeetan!), eta, noski, abortuaren kontra dago. Elizak izugarrizko eragina du herrialde askoren politiketan, toki askotan lortzen du familia plangintzako osasun politikak gelditzea, antisorgailuak boikotatzea, alegia. Elizakatolikoaren arabera, emakumeon gorputza ez da geurea, baizik eta jaungoikoaren tresna bizitza sortzeko. Baina, barkatu, gaitasuna geurea da, eta ez gizonezko jainko batena. Ebidentzia hori ez zaio inoiz gustatu Elizari, eta emakumeon gorputzak kolonizatzen saiatzen da. Kontua da orain inposatzen zaizkigun lege zibilak eta penalak ere definitzen dituztela Elizaren ordezkari nagusiek Espainiako Estatuan.
Kataluniako feministek Martxoaren 8an erabilitako leloa berreskuratuz, atera zuen errosarioak gure obarioetatik!. Duela 40 urteko pankarten hautsa astintzen hasi beharko dugu.
Duela berrogei urte bezala, orain ere esan beharko dugu «nik ere abortatu dut », tabu izan ez dadin. Geurea da gure gorputza. Ez dezala inork gure erabakia bahitu!
Nik ere abortatu dut
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu