Next Generation, euskalgintzarako aukera

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gelditu dezatela mundua, jaitsi egin behar dut eta. Groucho Marxen esaldi hori erabili zuen Eduardo Galeano idazleak teknologiarekiko zuen mesfidantza adierazteko: zergatik bota behar genituen bigarren erabilera zuten egunkariak, zergatik bota garbitu eta berrerabil zitezkeen fardelak, zergatik aldatu urtero telefonoz, kotxez...? Gauza berri guztiak berez onak al dira? Nora garamatza kontrolik gabeko garapenak? Zer mundu utzi behar diegu ondorengoei?... Honelako lurra irudikatu du hurrengo belaunaldirako Europako Batasunak: «Ekologikoa, digitala eta erresilientea».

Pertsona eta kultura guztiak barne hartzen dituen ekonomia bat garatzea nahi du eta, ezer baino lehen, pandemiak sortutako kalteetatik suspertzeko Next Generation plana landu dute: 806.900 milioi euroko funtsa du planak, Europako Batasuneko estatu eta herrialdeen artean banatzeko. Bizimodua, aukerak eta lana ekarriko dituen ekonomia eraldatzailea aldarrikatzen ditu; haien hitzetan, «bizitzeko desio izateko Europa bat» eraikiko da eraldaketa ekonomikoaren bitartez.

Kultura eta hizkuntza aniztasunak ekologiarekin, digitalizazioarekin, erresilientziarekin eta ekonomiarekin batera joan behar dute. Era horretara, lurra bizigarriagoa izango da.

Baina herritarrok proaktibo izan behar dugu, onurak ez baitira berez etorriko. Dinamika neoliberalak ez dira bat-batean desagertuko, eta mehatxu izaten jarraituko dute hizkuntza/kultura aniztasunarentzat eta herritarren ongizatearentzat.

Euskararen eta euskal kulturaren erresilientzia komunitate trinko batekin lortuko da. Hizkuntzaren minorizazioak ekartzen dizkion zailtasunei aurre egiteko gai izateaz gain, urrats bat aurrerago egingo duen komunitatea izan behar du. Aurrean duen egoerari etekina aterako diona, eta arazoak komunitate trinko gisa hazi eta garatzeko erabiliko dituena.

Ekologia kontzeptu zabala da oso, eta ingurumenarekin du lotura bere jatorrian, landare eta animalia espezieen bioaniztasuna ez galtzearekin, hain zuzen. Baina, ohiko ikuspegitik harago joatearen alde agertzen ari dira zientzialariak. Honela zioen berriki elkarrizketa batean Unai Pascual ingurumen-ekonomialariak: «Hizkuntza gutxituak defendatzea tresna ahaltsua da planetaren jasangarritasuna lortzeko».

Teknologiari dagokionez, argi dago gizakien etorkizuna teknologiatik pasatzen dela; gaixotasunak detektatu eta zuzentzeko zientzia eta ikerketa aurrerapenei buruz ari bagara, adibidez. Beste gauza bat da etorkizuna teknologiaren esku uztea, artifizialki aldatzeko. Digitalizazioa bezalako garapen teknologikoak abiada eta nagusitasuna hartu dute azken garaian. Eta horiek inklusiboak izateko (kolektibo eta belaunaldi guztiak barne hartzen dituena) eta kultur anitzak izateko ahaleginean jarraitu behar dugu.

Euskalgintza digitala ate joka

Euskarari begira, oinarri sendoak, estrategikoak, ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Gizarte planean, 2005. urtean. Ikuspegi zabalez, lehentasunen artean, industriak hizkuntza teknologiak ezarri zituen. Horri esker, hainbat teknologia garatu eta merkaturatu ziren eta industria propioak garatu ziren. Ikertu eta garatu dira zuzentzaileak, itzultzaileak, ahots sintetizagailuak... eta hainbat eta hainbat euskal teknologia.

Euskal kultur, sorkuntza eta hizkuntza industriek aurrera egin dezaten baliabideak garatzen jarraitu behar da. Hona estrategia haren argudio eta oinarriak:

— Gizarte eleaniztun batean bizi gara, beraz, teknologiarekin harremanetan jarri behar dugu geure hizkuntzan, modu naturalean. Hizkuntza-teknologiak hizkuntza nagusietarako garatzen ari dira, baina hizkuntza gutxituen kasuan, eta bereziki euskararen kasuan, guk egin behar dugu ahalegin hori sortzen ari den teknologiara egokitzeko.

— Hizkuntzaren Teknologiek herritarra Informazioaren Gizartean integratzen laguntzen dute. Teknologia horiek pertsonen eta makinen arteko komunikazioa hobetzen dute, hizkuntza naturala IKTekin (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) komunikatzeko moduan integratuz. Teknologia horrek minusbaliatuen kolektiboei independentzia handiagoa lortzen lagunduko die, Hizkuntzaren Teknologiei esker.

Horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, teknologia eta gizartea 2005-09 planean ezarritako oinarriak dira. Izan ere, ingeleserako garatzen baitzen teknologia ia gehiena, eta aro digitala ate joka hasia zen. Ikuspegiz jokatu zen eta onurak ekarri zizkion euskalduntzeari. Baina, denboran ahultzen joan da estrategia hori eta, azken hamarkadan bereziki, desagertu egin da Zientzia eta Teknologia planetatik. Ez zaio lehentasunik aitortzen, garai batean egiten zenaz bestera.

Hala ere, euskarak eta euskal kulturak ezin dute gurdi hori galdu, eta unea da honezkero berreskuratzeko. Bete-betean gaude orain digitalizazioan murgilduta, eta pandemiak areagotu egin du haren ezarpena gizartean eta industrian.

Testuinguru honetan, Europako Batasuneko estatu eta herrialde gehienek euren estrategia digitalak idatzi dituzte. Euskal Herriko administrazioek argitaratu dituzten egitasmoetan, baina, ez dute inongo aipamenik egin euskarari buruz, oraingoz... eta hurrengo belaunaldi euskaldunek, zein oraingoek, Next Generation horiek behar-beharrezkoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.