Newspeak

2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak %90eko babesarekin Hezkuntza Ituna onetsi du berriki. Eta, printzipioz, akordioak politikarien soldatak igotzerik ez dakarrenez, batzuk jokoz kanpo gelditu gara. Nik behintzat ez dut horrenbesteko adostasunik ezta neure buruarekin ere lortzen.

Akordioa behar genuen eta akordioa erdietsi dute, baina, horretarako, aspaldian ikusi dugun unibertso orweliarraren erakustaldirik bikainena eskaini digute. Orwellek Politika eta Ingeles Hizkuntza saiakeran idatzita jaso zuen: «Hizkuntza politikoa, neurri handi batean, eufemismo, arrazoitze zirkular eta zehaztugabetasun ilun hutsetan oinarritu behar da». Horren harira, 1984 eleberrian Orwellek Newspeak izeneko hizkuntza irudikatu zuen. Newspeak, Hizkuntza Berria, hiztegi murriztuko lengoai kontrolatua da, norbanakoak askatasunez pentsatzeko duen gaitasuna mugatzeko diseinatua. Propaganda-hizkuntza da beraz, hitzen esanahia apropos «iluntzen, mozorrotzen, desitxuratzen edo iraultzen duena».

Hizkuntza Berriaren makulua betidanik erabili da politikan. Gurean eredu gorena Eusko Jaurlaritzan daukagu. Eusko Jaurlaritza ez baita EAEko gobernua. Ez horixe! Berez, Eusko Jaurlaritza ikastetxea duen ospitale bat da, bi arlo horiek aurrekontu osoaren %57a baino gehiago direlako. Orduan zergatik ez diogu Eusko Jaurlaritzari EAEko Ospitale eta Eskolen Batza esaten? Erraza: hauteskundeetan itxaron zerrendei buruz eztabaidatu beharrean orokortasunei buruz hitz egiteko.

Aurrekariak aurrekari, onartu behar da Hezkuntza Itunean Hizkuntza Berria beste maila batera eraman dutela. Dotoreziaz gainera.

Hizkuntza Berriaren baliabidetako bat berben esanahia itxuragabetzean datza. Har ditzagun adibide gisa «itun» zein «akordio» hitzak. Erabilera maltzurraren poderioz egun inortxok ez daki akordio bat zer demontre den, are gutxiago zer dakarren. Akordio zabalak eskatzen dizkiegu ordezkari politikoei, baina, behin lortuta, askok ez dute balentria gogoko. Hori dela eta ituna sinatu eta berehala ohiko susmagarri batzuk minduta agertu dira akordioan euren nahia hitzez hitz jaso ez delako: «Nola izan daiteke? Ez genuen akordio bat sinatu behar?». Oihu egin dute harrituta.

Artaldea nahasteko helburuarekin ere Hizkuntza Berriak Doublespeak izeneko jardunbidea barneratzen du: pentsamendu bikoitza, alegia, non subjektuak, aldi berean, bi sineste kontrajarri zuzentzat hartzen dituen. Orwellek fenomeno hau Gerra bakea da leloan laburtu zuen.

Doakotasunarekin horrelako zerbait gertatu da: Hizkuntza Berrian doakoa kostubidezkoa da. Eta horrela erabili dute Hezkuntza Itunean. Kuoten desagerpena agindu dute kobratzen jarraituko direla soberan dakitenean. Nolatan? Alde nabaria dagoelako itunpeko eskolen eta ikastetxe publikoen gastuen artean (gerenteak eta igerilekuak barne) eta ogasun publikoak ez du holakorik sekulan estaliko. Akordioarekin zerbait lortzen bada, itunpeko sarea merkatzea izango da. Hori bakarrik.

Era berean, nahiz eta Espainiako Konstituzioan 1978. urtetik jasota dagoen, doakotasuna eskubide berritzat saldu digute. Akordio berri bat behar omen zuten orain arte bete ez dena bermatzeko. Ezustekorik ez ordea, alderdi politikoek iruzurra nobedade eta arrakasta moduan zabaldu dute. Eta amua irentsi dugu lehenak eta onenak garela sinesteko dugun joeragatik. Baina joera hori ilusio antzua baino ez da. Nik behintzat, horregatik ez diot nire bikoteari galdera askorik egiten. Badaezpada.

Azkenik, Hizkuntza Berriaren indar suntsitzailea frogatzeko legegileek ondoko miraria asmatu dute: «Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna da, eta bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez egituratzen da (...)». Ardatz bakarra eta egituraketa hirukoitza. Hirutasun santua. Azken bidaietan Hezkuntzako arduradunak Finlandian baino Vatikanoan egon direla ematen du. Nolanahi ere, eragile dezente gustura gelditu dira ditxosozko esaldiarekin. Bakoitzak nahi duena ulertu eta egingo duenaren seinale.

Eta holaxe. Newspeak. Berri ona da Hezkuntza Ituna. Hala ere, samurtasuna sortzen du legeei ematen diegun garrantziak. Beteko balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.