Neurri autoritarioak gelditu

2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Iruñerriko Kontseilu Sozialistak manifestaziora deitu du abenduaren 30erako, Neurri autoritarioak gelditu! lemapean, pandemiari aurre egiteko ezarri diren eta ezartzen ari diren neurrien izaera seinalatuz. Baten batek bere buruari galde liezaioke ea zentzurik ote duen neurriok oinarrizko eskubideen urraketak eta kontrol soziala areagotzen dituztela salatzeak; izan ere, diskurtso ofizialak onarpenerako deia luzatzen digu: adituek eta politikariek neurri hauek gomendatzen badituzte, men egitea beste erremediorik ez dugu, denon ongizatea baita lehentasuna.

Hortaz, azaldu nahiko nuke zergatik egiten dudan bat Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren irakurketarekin, horretarako Covid ziurtagiriaren adibide konkretutik abiatuz. Neurri honek, Nafarroan dugun egoeran osasun perspektiba batetik izan dezakeen eraginkortasun zalantzagarritik haratago, aurrekari arriskutsu bat ezartzen du. Izan ere, Covid ziurtagiriak datu pertsonalen babesaren ezabapenean pauso bat gehiago eman eta langileon bizitza are gehiago irizpidetzen du, txertaketa de facto derrigorrezko bilakatuz eta zenbait eskubideren bermea burgesiaren erabaki aldakorren esku utziz. Joera hau garbi antzeman dezakegu Europa mailan, eta hori adierazten du gurean ere ziurtagiria esparru gehiagotara zabaltzeko asmoak.

Bestetik, ziurtagiri honek, aurretik hartu diren hainbat neurri murriztailek bezala (konfinamendua, konfinamendu perimetralak, etxeratze-agindua...), testuinguru errepresiboa areagotzen dute, neurriok betetzen ez dituztenenganako errepresioa eta bazterketa sustatzen dutelako, pandemiaren aitzakiapean segurtasun-indarren eskumenak eta pisua areagotuz. Unearen araberasektore jakin bat egon da diskurtso ofizialaren kriminalizazioaren jopuntuan: lehenago gazteak eta gaueko aisialdia baziren pandemiaren erantzule, gaur egun txertatu gabeko pertsonak omen dira arrisku sozialik beldurgarriena.

Gaur egungo osasun egoera azaltzeko, baina, ez al dira askoz ere esanguratsuagoak osasun baliabideen irismen faltaeta kalitate eskasia? Ahaztu gabe goraka doan pobrezia eta honek bestelako osasun arazoetan duen eragina. Hona iritsita, argitu nahiko nuke ez gaudela txertaketaren aurka, baina ez ditugu inolazere babestuko bazterkeria soziala, kriminalizazioa eta aterabide poliziala sustatzen duten neurriak, Covid ziurtagiria kasurako.

Aipatutako neurriek krisi testuinguruan betetzen duten funtzioa ulertu behar dugu, pobreziaren gorakada progresiboarekin batera haziz doan ondoez soziala eta balizko erantzunak neutralizatzeko oso lagungarria izan baitaiteke ezartzen ari diren «giro» autoritario eta errepresiboa. Hortaz, ez dezagun atzerapausorik eman askatasun politiko eta zibilen ezabapenaren aurrean, eta gainera datorkigun ofentsiba ekonomiko eta politikoari perspektiba integraletik aurre egin diezaiogun, proletariotzaren antolakuntza independentea indartuz. Bihar, abenduaren 30ean, 19:00etan Sarasate Pasealekutik abiatuko den manifestazioan ikusiko dugu elkar.

Neurri autoritarioak gelditu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.