Netflix eredua, arriskua eta aukerak

Libe Mimenza eta Igor Astibia
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ez dakigu, zenbait adituk dioten bezala, Lost telesail estatubatuarra izan ote zen egun gailentzen ari den telebista ikusteko era berriaren aitzindaria. Dakiguna zera da, telesail hori, eta beste hainbat, euskaraz ikusteko aukera ia bakarra boluntarioek sortutako azpidatzien bidezkoa izan dela eta zoritxarrez hori dela, abiada bizian eraldatzen ari den eremu horretan, euskarak bizi duen egoeraren nolabaiteko laburpena.

Aurreko hamarkadetan nahiko egonkorra izan den telebisten eremua eraldatzen ari da, besteak beste, gero eta ugariagoak diren streaming zerbitzuen ondorioz. Nahi duzuna nahi duzun unean ikusteko aukera, hori da gailentzen ari den eredua. Eraldaketa horren oinarrian, noski, Internet sarearen hedapena eta azkartzea daude, edo bestela esanda, datu mugikorren gaitasuna handitzea eta teknologia hori baliatzeko aukera eskaintzen duten gailuen orokortzea. Netflix, HBO, Amazon Prime eta antzeko nazioarteko zerbitzuak izan dira abagunea baliatzen lehenak, baina laster lehiakide berriak gehituko zaizkie (Apple, Disney+, Warner, Movistar...). Mugimendu horiek guztiak ikusita, badirudi ondorengo urteotan eredu hori izango dela nagusi.

Telebista ikusteko modu berri hau ez da ezerezetik sortu. Azken hamarkada luzean Interneten hedapena eta zehazki Youtube bezalako zerbitzuek ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituretan eragin duten aldaketa plataforma berri horien hazkundearen aurrekari izan dira. Urte gutxian eraldaketa sakona gertatu da. Sandvine konpainiak 2018ko urrian argitaratutako Global Internet Phenomena txostenaren arabera, Interneteko trafiko osoaren %58 video streaming zerbitzuek bereganatzen dute jada, eta Netflixek soilik trafiko osoaren %15 (eta Youtubek beste %11).

Euskararen berreskurapen prozesuaren ikuspegitik, testuinguru berri honek jada oso desorekatua den egoera are gehiago oker lezake, besteak beste, erdaretan eskura daitekeen ikus-entzunezko eskaintza ugaritzen ari den bitartean, kasurik onenean, euskarazkoa mantendu besterik egiten ez delako. Garai batean Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako telebista kate publikoak soilik ikus zitezkeen; gerora ETB1 sortu zen, eta beranduago ETB2, baita tokiko telebista batzuk ere, baina berehala kate pribatuen olatua etorri zen, eta segidan, Lurreko Telebista Digitalaren bidez nazioarteko ehunka kate ikusteko aukera. Tarte horretan guztian, euskarazko eskaintza oso gutxi hazi da: ETB3, tokiko telebistak eta Hamaika Telebista bezalako herri-ekimen txalogarriak. Bada, azken urteotako desoreka lazgarri horri streaming bidezko zerbitzuen uholdea gehitu zaie orain bete-betean.

Atzerriko hizkuntzetan iristen zaigun eskaintza ugaritzen ari den testuinguru honetan, premiazkoa da euskarazko edukien eskaintza handitzea. Ez da nahikoa urtean euskarazko film bat ekoiztearekin edota haurrentzako bi edo hiru pelikula euskaraz bikoiztearekin. Netflixek bere katalogoan euskarazko hiru film eskaintzea oso ongi dago, baina, hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik, ekarpen mugatua da.

Euskarazko edukien eskaintza ugarituko duen estrategia oso bat behar dugu, alde batetik euskarazko ekoizpena sustatuko duena, eta, bestetik, beste hizkuntzetan egiten dena euskarara ekarriko duena —bikoizketa zein azpidatzien bidez, biak ala biak erabiliz—. Izan ere, gaur egungo teknologiek bikoizketan zein azpidatzien erabileran oinarritutako eskaintza egitea ahalbidetzen dute. Bikoizketa ezinbestekoa da bere hizkuntza berreskuratu eta normalizatu nahian ari den gurea bezalako herri batentzat. Boladan dauden telesailak, estreinaldiak, haur eta gaztetxoentzako kalitatezko edukiak... euskaraz ikus-entzunezko aukerak biderkatzeko bikoizketa eta azpidatziak, biak behar ditugu.

Zentzu honetan, ez da ulergarria azken urteotan euskarazko bikoizketaren eremuan gertatu den murrizketa: 1990eko hamarkadan, urtero euskaraz 1.000 ordu inguru bikoizten baziren, egun 100 ordu baino ez dira egiten. Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen datuak dira. Bestela esanda, eta filmetara soilik mugatuta: garai batean urtero 150 film baino gehiago bikoizten baziren, egun 15 baino gutxiago bikoizten dira. Jakina denez, bilakaera horren atzean ETBren eskari murrizketa dago, bera baita euskarazko bikoizketaren erosle nagusia. Baina ez, ez da joera orokorra: inguruko estatuetan inoiz baino gehiago bikoizten da, eta ETB2n ere egunero bikoizten dira filmak, hori bai, gaztelaniara.

Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, ezinbestekoa da egoera hau irauliko duen estrategia berri bat abian jartzea, administrazioek eta eragileek elkarlanean, lehentasunak zehaztu eta xede-talde desberdinei begira, bikoizketan zein azpidatzietan oinarritutako euskarazko eskaintza handitzen joatea. Eta horretarako, besteak beste, plangintza orokor bat eta plangintza zehatzak behar dira, eta, noski, plangintza horiek garatzeko baliabideak, baita araudia ere.

Egoera kezkagarria da, hala ere; gertatzen ari diren aurrerapen teknologikoek eta horiek eragindako kontsumo ohituren aldaketek aukera berriak ere eskaintzen dituzte. Euskarazko edukiak sortu, bikoiztu edota azpidatzi eta (sarean) eskuragarri jartzeko aukerak inoiz ez bezalakoak dira. Agian ez dugu euskarazko Netflix bat sortzeko ahalmenik (agian nahi ere, ez dugu nahi) baina baditugu euskaraz sortzeko gai diren ehunka profesional eta baditugu besteek sortutakoa bikoizteko edota azpidazteko gai diren ehunka lagun ere. Baditugu eduki horien hedapenerako hainbat kanal ere, publikoak, pribatuak zein herri ekimenekoak. Eta garrantzitsuena: gero eta gehiago dira euskaraz bizi nahi duten herritarrak.

Bultza dezagun indar eta ahalmen hori guztia, jar ditzagun euskaraz lanean. Administrazioek eta eragileek adostutako estrategia garatuz, elkarlanean baina bakoitzak berari dagozkion urratsak eginez. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok eskertuko dugu, eta euskararen normalizazio prozesuan aurrerapauso garrantzitsua emango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.