Nerbioak iraultza askoren jatorrian daude. Nerbioak iraultzaileak dira». Jone Martínez-Palaciosen hitzak dira horiek, No te pongas nerviosa izenburupean idatzi duen liburuaren aurkezpen batean esanak. Testuan zehar, eta adibide zein iturri ezberdinak erabiliz, egileak urduritasunak, lasaitasunak eta botere harremanak nola artikulatzen diren erakusten du. Emakumeak, askotan, asaldatuta eta nerbioetatik jota agerrarazten gaituzte; gizonezkoak, aldiz, baretasunaren eta neurritasunaren eredu izan ohi dira, gero eta boteretsuagoak, gero eta trankilagoak gainera. Gure nerbioen gaineko kudeaketaz hausnartzera gonbidatzen gaitu liburuak, Mendebaldeak baretasun globala eta erabatekoa lortzera inoiz baino bitarteko eta baliabide gehiago eskaintzen duen garai honetan.
Lasai, neska, ez urduritu.
Jone Martínez-Palaciosek hari-mutur bat utzi digu mahai gainean, soka luzea ekar dezakeena, baina ez bakarrik gaiak berak hausnarketarako eta analisirako eman dezakeenagatik. Egileak, gainera, egunerokotasunean bizi izandako eszena xumeetan jarri du arreta, anekdota edo pasadizo txiki diruditenak, bestelako elementu makroek eta egiturazkoek sostengatzen dituztela azalduz. Feminismoaren garapenak bazterkeriaren kontrako eta berdintasunaren aldeko tresna anitzak ekarri ditu. Aitzindarien artean, ezagunenak, hezkuntza eta bozkatzeko eskubide unibertsalak izango lirateke. Gero, gehienbat berdintasun politiken bidetik, nazioarteko zein tokiko mailako erakunde publikoek garatutakoak leudeke. Batzuk aipatzeagatik, berdintasunerako planak, berdintasunerako legeak edota ordenantzak, genero-aurrekontuak...
Tresna horiek bere bidea egin dute eta egingo dute, tartean beste berri batzuei sarbidea emanez. Baina aspalditik jabetuta dago feminismoa bestelako estrategia batzuk ere behar direla egoerari buelta ematen laguntzeko. Batetik, toki askotan berdintasun planak edo antzeko baliabideak oraindik ezarrita edota guztiz errotuta ez daudelako; beste batzuetan, berdintasunerako legeak indarrean egonda ere, Legebiltzarretik kafe makinaren aurrean gertatzen den solasaldira, lan bilera arrunt batera edota herriko jaietako txosna batera dagoen bidea, Gasteiztik Ipar Polora doana bezain luzea eta ez oso abegitsua izan daitekeelako.
Adibidez, 80ko edo 90eko hamarkadekin konparatuta, feminismora iristeko aukerak biderkatu edo hirukoiztu direla esan daiteke. Egun, inoiz baino baliabide gehiago daude informazioa topatzeko, hura eskuratzeko eta irakurtzeko, ikusteko edo entzuteko. Feminismoa teleberrietako portadan, irratiko tertulietan, sare sozialetan, prentsa idatzietan eta alderdi politikoen programan oso presente dago. Hala eta guztiz ere, badago maiz errepikatzen den egoera bat laguntzen duena irudikatzen zein bide luze eta konplexua geratzen den erakusleiho eta esfera publiko horretatik eguneroko pasarte eta eszena txikietara: azalpenak eman beharra. Feminismoaren olatua bizi dugun garai honetan ere, oso maiz horren gaineko azalpenak eman behar dira, baita oinarrizko gauzei buruz ere. Egongo da zerbait feminismoak baino azalpen gehiago behar duena?
Rebecca Solnit-ek Los Hombres me explican cosas (2015) liburua argitaratu zuenetik mansplaining kontzeptua zabaldu da, bere testuan azaltzen duen egoera mota izendatzeko. Kontzeptuak bi termino biltzen ditu: man (gizona) eta explaining (azaldu), eta fenomeno edo egoera zehatz bati egiten dio erreferentzia: sarritan, gizonezko batek emakumezko bati zerbait azaltzen dionean ziurtzat jotzen du emakume horrek baino gehiago dakiela. Ez zaio inporta emakume hori eztabaidatzen ari den gaian aditua den ala ez, berak (gizonezkoak) badu zerbait azaltzeko, eta hori da axola zaion gauza bakarra.
Solnit-ek berak dioenez, joera hori sexu eta genero ezberdinen artean topatu daiteke noski, baina eragina zuzenagoa du emakumeengan. Egileak, behintzat, lotura egiten du mansplaining-a eta emakume askok isiltasunerako edota automugatzeko duten joeraren artean. Funtsean, Solnit-en iritziz, mansplaining-ak emakumeei isilik egoteko egiten dien gonbidapena izango litzateke.
Entzun, neska, nik azalduko dizut.
Jone Martínez-Palaciosek esaten duenaren arabera, nerbioak eraldatzaileak eta iraultzaileak izan daitezke. Eta isiltasunak? Era guztietako alderdi politikoentzat feminismoa bozgorailu bihurtu den honetan, agian, isiltasuna ere birpentsa daiteke, eta, zenbaitetan, estrategia egoki bilaka daiteke. Burura datorkit Maria Moliner filologo aragoiarraren kasua. Bere bizitzako hamabost urte baino gehiago eman zituen gerora goraipatua izango zen (eta goraipatua den) hiztegi mardul bat egiten. Bizirik zegoen bitartean, Maria Molinerrek aitorpen gutxi jaso zuen. Esate baterako, XX. mendeko lehenengo hamarkadan, Espainiako Errege Akademian sartzeko proposatutako hautagaitza ez zen onartua izan. Isiltasunean bilatu zuen babesa, eta hor aritu zen lanean, etengabe, hiztegian bilduta zeuden 80.000 sarrerak, banan-banan, eskuz idazten. Bere bizitzako azken urtetan gaixotasun larri baten ondorioz hitz egiteko gaitasuna galdu zuen; hitzik ez zitzaion ateratzen ahotik. Denak emanak zituen jada bere hiztegian. Segur aski, gutxitan izan da isiltasuna hain emankorra. Beste behin, aitorpen falta horrek edo emakume baten gaineko isiltasunak agerian uzten ditu aditu eta jakintsuen hutsuneak.
Lasai egon gaitezke gure urduritasunean. Jada gauza asko esanak daude. Horregatik, zenbaitetan isilune bat, azalpena eskatzen ari denak bilatu eta hausnartu dezala esateko modu bat izan daiteke. Horra hor beste estrategia bat.
Nerbioak eta isiluneak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu