Heziketa digitala

Nerabeak, online apustuak, kasinoak eta inbertsioak

Julen Linazasoro
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Sare sozialen bidez zabaldu eta sustatzen den desinformazio handienetako bat lanik egin gabe dirua irabazi daitekeela da. Badira honelako gauzak esaten dituzten influencer asko: «1.000 euro irabazten badituzu, tontoa zara», «25 urterekin jabetzan etxerik ez baduzu, porrot egin duzu». Mezu horiek nerabeei edo heldu gazteei zuzenduta daude, batez ere mutilei.

Influencer horietako batzuek aholkuak ematen dituzte eta ikastaroak sortzen dituzte dirua irabazten ikasteko, diru-sarrera pasiboak izateko, inbertitzeko eta etekin ekonomiko handiak lortzeko... baina lanik egin gabe dirua irabaztea ezinezkoa denez, gutxienez legez, gutxi gorabehera lehen zeuden bezala geratzen dira ikastaroak bukatu eta ordaindu ondoren. Influencer horietako askok manipulazio psikologikoko metodoak erabiltzen dituzte, garun garbiketa-ren antzekoak direnak, eta garapen pertsonaleko diskurtsoak dirua irabazteko teknikekin nahasten dituzte harpidedunengan obedientziako egoera mentalak sortzeko asmoz. Ikastaroak amaitzean edo aholku hauei jarraitzen denbora bat igarotakoan, harpidedunek uste dute haien bizitzak asko hobetu direla, nahiz eta diru gutxiagorekin egon eta, oro har, lagunekin eta senideekin harremanak eten, «inguruko pertsona askok ez dutelako irabazle-pentsamendurik eta oztopo bat direlako».

Influencer horietako batzuek haien kurtsoak piramide iruzurren antzeko bihurtzen dituzte. Haien kurtsoetara pertsona bat eramaten badugu, kurtsoa merkeagoa da guretzat, bi pertsona eramaten baditugu, pixka bat merkeagoa... eta jende asko eramaten badugu dirua irabazi dezakegu.

Beste batzuetan ikastaroetan ematen duten informazio asko okerra da, edo ez dago osatuta, eta haien aholkuei jarraitzen dietenek diru asko galtzen dute. Adibide garbia gazteek kriptodiruarekin galdutakoa izan daiteke, edo haien aholkuei jarraituz Dropshipping negozio eredua martxan jarri zuten askok izandako galerak.

Jende askok nahastu egiten du komunikatzaile ona izatea pertsona zintzoa, koherentea edo jakintsua izatearekin. Iruzurgile horiei sare sozialetan jende askok jarraitzen die eta milioidun bihurtzen dituzte beren ikastaro eta ekitaldietara joanez, eta liburuak eta merchandising-a erosiz.

DBHko nerabeekin saioak egiten ditugunean, ikastetxe askotan, normalean DBH3 eta DBH4 mailetan, mutil askok kirol-apustuak egin ohi dituztela esaten digute. Normalean erabiltzaileen adina kontrolatzen ez duten hainbat app-en bidez egiten dituzte apustuak. Tipster-en aholkuak ere ordaindu eta jarraitzen dituzte. Tipster-ak irabazteko non edo nola apustu egin jakiteko aholkuak ematen dituzten pertsonak dira. Apustu kopuru handia asmatzen dutela ziurtatzen dute, eta, oro har, aholkuak Telegram aplikazioan ematen dituzte. Bi kanal izan ohi dituzte, bat doakoa, non bizimodu nahiko altua erakusten duten, etxeak, autoak eta luxuzko gainerako artikuluak nabarmenduz, eta beste ordainpeko kanal bat, non apustuak egiteko aholkuak ematen dituzten. Telegramen egon ohi dira hango kanalak norabide bakarrekoak direlako, hau da, milaka pertsonarengana iristen den zerbait argitara dezakete, baina inork ezin die erantzun, inor ezin da publikoki kexatu.

Era guztietako tranpak egiten dituzte, hala nola huts egindako apustuak beren kanaletik ezabatzea eta arrakasta izan dutenak bakarrik uztea, edo aldi berean gauza bat eta kontrakoa apustu egitea, beti zerbaitetan asmatu dezaten, asmatu dutena erakusten dute eta gainerakoa ezabatzen dute. Horrela, norbaitek apustuen historia ikusten duenean, arrakasta izan dutenak baino ez ditu ikusten, eta bere aholkuekin diru asko irabaziko duela pentsatzen du.

Tipster-ek ez dute dirurik irabazten apustu eginez, aholkuak emanez irabazten dute dirua, kontseiluengatik ordaintzen dieten pertsonen harpidetzekin. Ezin gara aberastu apustu eginez haiek aldarrikatzen duten bezala. Alde batetik, gure legediak ez du uzten diru asko irabazten apustuekin, muga bat dago. Bestalde, apustuen ezaugarri nagusia da ezin dela amaiera asmatu, ausazkoa baita. Asmatzea ezinezkoa da, bestela ez litzateke apustu bat izango. Pertsona hauek iruzurgileak dira, ke-saltzaileak, beren pronostikoetan gutako edozeinek asmatu dezakeguna asmatzen dutenak.

Iruzurgile horietako askok apustu-etxeekin kontratuak dituzte, dirua irabazten dute apustu egiteko daramaten pertsona bakoitzeko. Hau da, alde batetik harpidedunengandik kobratzen dute eta bestetik, apustu-etxeetatik. Eskrupulurik gabeko pertsonak dira, eta berdin zaie iruzurtzen dituzten nerabeek edo gazteek diru guztia galtzen duten edo ludopatia, apustuekiko menpekotasuna, garatzen duten edo ez.

Sare sozialetan dirua erraz irabazteko zabaltzen den beste modu bat online kasinoak dira. Influencer askok online kasinoen publizitatea egiten dute, zuzeneko apustuak eginez eta dirua zuzenean nola irabazten duten erakutsiz. Dena milaka eta milaka nerabe eta gazteren aurrean. Influencer horiek kasinoek ematen dieten kredituarekin egiten dute apustu, ez dute beren dirua jokatzen, eta apustu egiteko kreditu handia dutenez, irabazteko aukera gehiago dituzte.

Familia askok ez dakite haien nerabe eta gazteek maiztasun handiarekin online apustuak egiten dituztela, inbertsioak egiten dituztela edo online kasinoetan ibiltzen direla. Jarrera eta jarduera horiek prebenitzen lagundu beharrean, Interneterako sarbide librea eta mugagabea izateko aukera ematen diete kontrolik gabe, prestakuntzarik gabe, gidarik gabe, adinak errespetatu gabe, arriskuak antzemateko eta arriskuei aurre egiteko aukerarik eskaini gabe. Eta horrela nerabeek beti galtzen dute, zentzu guztietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.