Zer dago kontsumitzen ditugun elikagaien atzean? Nork eta non ekoizten ditu? Nola eta noiz? Non erosten ditugu? Zergatik? Zein da elikagai horiek ekoizten dituzten ustiategien tamaina eta lurra lantzeko sistema? Zer ari gara jaten?
Asteroko erosketa eta eguneroko jatorduetako elikagaiez hitz egitean, ezinbestekoa da nekazaritzaz eta horrek lurralde antolamenduan izan duen eta duen trataeraz eta garrantzirik ezaz aritzea. Agian, hobe litzateke zuzenean esatea: lurraldearen planifikazioan nekazaritza, nekazaritza lurrak eta nekazariak ez dira ia kontuan hartu. Euskal Herrian azken hamarkadetan garatutako lurralde eredu desarrollista horren adibide garbia da, sistematikoki nekazaritza lurrak beste jarduera, azpiegitura edota uneko «lehentasunak» betetzeko erabili baitira. Herri eta eskualde guztietan gertatu da.
Azken urte hauetan, ez dut izenik eman ohiko udako ikastaroetan. Udako ikastaro ofizialik ez baina makroekonomia, geopolitika eta, batez ere, eguneroko ekonomia errealaz inon baino gehiago ikasteko aukera izan dut, oinak lurrean. Ikastaro trinkoa izan dut aurten berriz; izan ere, hizketaldi eta elkarrizketa luzeak partekatzeko aukera eduki dut Lizarraldeko herri txiki bateko nekazari eta artzainekin. Txikitasunetik, begirada eta hausnarketa zorrotzak jaso ditut: oraina eta etorkizuna, bai nekazaritza eta bai landa eremuetako herrienak ere.
Mundu mailan elikagaien kontrola duten zenbait botere ekonomiko eta transnazionalek hartutako erabaki eta horiek guregan dituzten eraginez gain, tokiko produktuak merkaturatzeko gertuko zirkuituak, sasoiko produktuak, eskualdeko ekonomien beharra/garrantzia eta ekoizle/kontsumitzaileon erantzukizuna mahaigaineratu dira etengabe elkarrizketa horietan.
Noski, tokiko esperientziak ezinbestekotzat jotzen dira, txikitasunean eta gertutasunean oinarritutakoak: landa garapen agentzia zein modu autogestionatuaz bideratutako produktore-kontsumitzaile harremanak (kontsumo taldeak, otzarak, trukeak, …), zenbait denda, astero zein tarteka izaten diren zuzeneko azokak, tokiko produktuak identifikatzeko zigiluak/markak... Bai, baina oraindik ere aski ez dela argi dago, «esperantzara kondenatuak».
Hori horrela eta analisi sakon bezain zorrotzak jaso eta gero, nekazariak burumakur ikusi izan ditut, beste behin, «etorkizun latza». Eta egoera honetan, gune urbanoetako hiritarron jarrera eta erantzukizunaz aritzea ezinbestekoa da; nola, bestela? Gure eskualdeko edota gertueneko nekazariek ekoitzitako elikagaien kontsumitzaile bihurtzea litzateke gakoa, sinplea ezta? Bada, ez omen. Landa eremu eta gune urbanoen arteko erlazioan, gertuko ekonomia eta fluxuak egonkortzean datza prozesua ere. Erreza bezain konplexua, «gure baitan daude biak». Eguneroko ekintza xumea baina eredu aldaketa ekar dezakeena.
Auzoetako denda txikietan gertuko nekazarien produktuak izatea, kontsumitzaileon kooperatibak edota taldeak sortzea, zuzeneko merkatu egonkorrak sortzea... agian, Mercadonapolis ereduari alternatiba bat sortzeko bidea litzateke, zaila baina posiblea.
Nekazaritza lurralde planifikazioan
Euskal Herriko gune urbanoek gero eta biztanle gehiago dituzte, eta proportzioan izango dituzte ere. Hiri eta landa eremuen arteko desoreka gero eta nabarmenagoa da. Horrekin batera, eskualde zein herri askotako oraina eta etorkizun hurbila bermatzea erreza ez dela ematen du.
Herri txikietako etorkizuna lurrari atxiki behar da, lurralde antolamendua eskualdeko baliabideei egokitu behar den bezala. Nekazaritza eskualde bakoitzeko errealitate, baliabide eta aukeretan oinarritu beharko litzateke, esaterako, ur baliabideen araberako ekoizpenak. Horregatik, eskualdeetako antolamendurako plangintzetan bestelako tratamendua izan beharko luke lehen edo oinarrizko sektoreak.
Lurralde planifikazioan gutxitan babestu dira nekazaritza lurrak eta nekazaritza eremuak (lur emankorrak, adibidez) azpiegitura eta bestelako sektore bateko aurreikuspen edota proiektuen aurrean. Zenbait plangintzatan nekazaritza eremuak babesteko figurak agertu arren, gehienetan alde sinbolikoan gelditu dira, gehiegi garatu gabe. Ez zaio sekula lehentasunik eman elikagaiak ekoizten dituen sektoreari. Ez hori bakarrik, sektore honek populazioa herrietan mantentzen du, baso eta mendi eremuak kudeatzen ditu eta, nola ez, paisaiaren eragile, kudeatzaile eta babeslerik handiena da. Era berean, beste sektore ekonomikoen aurrean bigarren mailako (zerbait esatearren) trataera estrategikoa jaso du, turismo gidetan portada folklorikoak bete arren. Erakusleihorako bai, koloretako zelofana bai... lehentasunezko sektore ekonomikoa eta landa eremuetako herrien biziberritzearen oinarri... ez!
Antolamendu planen barruan paisaiaren azterketa, zainketa eta planifikazioak gero eta nabarmenagoa suertatzen ari da. Horregatik, paisaian eragin nabarmena duten jarduerek ere bere garrantzia eta balorazioa beharko lukete.
Kontrapuntua, herriko bi gazte nekazaritzaz bizitzea erabaki dute. Landa eremuetako herriak, eta herri txikiak, bizirik mantentzeko oinarrizko baldintza. Lurra lantzeko ingurunearekiko errespetuzko sistema bereganatzea eta eskualdeko ekonomiak sortzen laguntzea dira nekazari gazte horiek dituzten erronkak. Ez dira beraienak bakarrik, asfaltoko hiritarrona ere badira.
Nekazaritzaz, lurralde planifikazioaz... eta elikagaiez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu