Tasio Erkizia.
Ezker abertzaleko militantea

Nekazarien haserrea eta elikadura

2024ko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Tarteka-marteka hedabideetan agertzen dira aspalditik kronikoa den nekazarien egoera tamalgarria eta elikadurarekin gertatzen ari den hondamenari buruzko berriak. Jakin badakigu mila milioi pertsona gosez bizi diren planeta honetan, produzitzen den janariaren erdia alferrik galtzen dela. Eta jakin badakigu planeta berean, lurgintzatik bizi diren nekazariak ezinean ari diren bitartean, janariaren prezioak izugarri igo direla. Bitartean, eta planeta berean, ehunka multinazionalek izugarrizko negozioa egiten dute elikaduraren merkaturatzearekin. Aldi berean, nekazaritza modu ekologikoan, beraz modu jasangarri bakarrean, lantzen duten gutxieneko lurgintzako langileek naturarentzat babes neurriak etengabe gehitzea eskatzen duten bitartean, urtarril-otsailetan Frantziako autobideak oztopatzen ari diren milaka traktoredun nekazariak ingurugiroari buruzko neurriak gutxitzea eskatzen ari dira. Hots, natura arinago eta gehiago ustiatzeko erraztasunak eskatzen dituzte.

Eromena eta nahasmena. Kontraesanez beteriko egoera konplexua. Nekazari handiek zein txikiek dituzte arrazoiak protestarako. Guztiak ari dira ezinean. Ekologikoan produzitzen ari direnak, oso larri, eta modu industrialean ari direnak ere, hilzorian. Europako diru laguntzen %80 produkzio industrialera bideratu arren, ezin biziaz ari dira oso merke erosten dielako, eta merkatura erostera doan herritarra ere kexu da, produktuak oso garesti direlako. Nor ari da negozioa egiten? Hazien monopolioa duen Monsanto bezalako multinazionalak; pestizida eta herbiziden monopolioa duten enpresa kimikoak; salmenta gune handiak dituzten Carrefour edo Mercadona bezalako enpresak.

Nekazariak oso haserre dabiltza. Frantzian lehertu da iskanbila, eta kalera irten dira, baina Europa guztian ez ezik, mundu osoan ere egoera oso larrian da lurgintzatik bizi den oro. Ez bakarrik nekazariak, lurra lantzetik bizi den sektore zabala dabil kexu, abeltzaintza edo arrantza barne. Guztien lan baldintzak aski gogorrak izatetik aparte ez diote etorkizunik ikusten beraien bizimoduari. Argitzetik iluntzera lanean aritu arren, ezin bizirik; esklabo bezala lan egin eta halere miseria gorrian. Mundu guztiarentzat elikadura erein, landu eta biltzen ari direnak, kantu zaharrak dionaren arabera, «hau da txoria gari tartean goseak egon beharra».

Zergatik heltzen gara egoera honetara? Janariarekin eta oro har lurgintzarekin gertatzen ari dena guztiz ilogikoa da, munduko aldrebeskeria handienetarikoa. Merkatua eta diruaren arabera antolaturiko gizarte eroaren ondorio zuzena. Naturaren legeak hautsi eta neurririk gabeko ustiapena bultzatzeak dakarren hondamena. Nekazaritza bideragarria izan zedin, produkzioa gehitzeko ongarri kimikoak eta naturari ahalik eta azkarren zukua ateratzeko teknikak bultzatu zituzten, eta horra non, laster batean lurra agortu zaigun. Desertizazioa abiadura izugarrian hedatzen ari da eta produkzio industrialak ez du balio izan munduko gosea arintzeko.

EAEko gobernuaren zein Nafarroakoaren ildoa ere berdina izan da, produkzio industrialaren apustu itsua egin dute. Lurraren lanketa eta herritarren elikadura merkatuaren esku utzi dira, eta batzuen negozioaren mesedetan biak ala biak xahutzen ari dira. Euskal Herrian bertan kontsumitzen dugunaren %10 bakarrik produzitzen dugu, oso goitik jota. Elikadura prozesuek eskatzen duten lurrak eta urak beste tratamendu bat eskatzen dute. Kapitalismoak ez du naturarentzat eta elikadurarentzat soluziobiderik. Irtenbiderik gabeko atakara eraman gaitu.

Orduan, egoera larri honek badu irtenbiderik? Bai, noski, baina oso zaila. Eraldaketa erradikala, sistema errotik aldatzea alegia, eskatzen baitigu. Lehenik, naturaren mugak eta erritmoak errespetatzea. Produkzio ekologikoa edo naturala ez da kapritxoa, aukera bakarra baizik. Bestetik, elikaduraren salmenta sarea hankaz gora aldatuz, multinazionalen salmenta gune erraldoien ordez, bertatik bertarako banaketa sareak hedatzea. Eta hirugarrenik, instituzioek esku hartu behar dute, elikadura gaia merkatu kapitalismoaren atzaparretik aldendu eta modu jasangarrian antolatzeko laguntza eskaintzeko.

Elikadura gure bizitzaren muina da. Beraz, alboratu ezin dugun gaia izanik, irtenbidea aurkitu behar diogu. Han-hemen herritar asko ari dira gaiaz kezkatuta proiektu zirkularrak sustatzen. Ekologian ari diren nekazariak egon badaude. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan aspaldi ari dira bide propioak irekitzen, hurbiletik hurbileko salmenta bultzatuz. Ekoaldea bezalako proiektuen bidez produzitzaileak eta erosleak saretzeko ahaleginak indartzen ari dira. Errigorak erakusten digu elikaduraren bidez lurraldetasuna eta euskara uztartu daitekeela. Oiartzungo Labore; Lazkaoko bizi-ola; Iruñeko Landare edo Laudioko Aiara hainbat proiektu herritarren lekukoak dira. Kezka eta ahaleginak badira, baina lekuko proiektu zehatz horiei herri proiektuaren dimentsioa aitortzeko urratsak falta zaizkigu.

Bada ordua, eragile soziopolitiko, instituzio zein norbanakoen aldetik, gai hau serio hartu eta jorratze bidean urrats berriak egiteko. Baserritarren eta lurgintzako eragileen protestak berriro ere diru pixka batekin isilduko dituzte, baina gaiaren larritasunak berdin dirau. Planetaren eta bizitzaren geroa dugu jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.