Nekazalturismoa eta landetxea ez dira gauza bera

2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Nekazalturismoak nekazaritza-ustiategia izan behar du derrigor; landetxeak, aldiz, ez. Gipuzkoa barneko eskualdeko hainbat nekazalturismotan antzezten den eszenaratzea azalduko dut jarraian. Sei eszenaz osaturik dago, eta hamar urte baino gehiagoko denbora-prozesua biltzen dute, baita historian sartu-irtenen bat ere.

1.eszena.- Bizitzaren istorioa

«Bai, gu beti baserrian. Ez dela konturik esaten da, baina etxeari eutsi nahi diogu eta etxeari pixka bat eustea nahi baduzu, bertan lan egin beharra egoten da».

Adierazpen horiek egin zituen emakumearen testuingurua aldatu egin da 50 urtetan, dena soroa zen lekuan egotetik, hiriko industria-parkearen muturrean egotera pasatu da. Emakume horrek azaltzen du hainbat kilometro egiten zituela astoaren gainean egunero bere produktuak azokara eramateko; elkar zaintzen irakatsi ziela bere seme-alabei, eta izebaren edo aitonaren kargupean uzten zituela; abarkak ezkutatu eta igandetako mezara joateko zapatak jantzi izan zituela. Oraindik ere, bere seme-alabetako batzuk (asko zituen) baserrian bizi ziren. Oraindik ere, familia zabal hura sagarren, piperren, babarrunen eta abarren bilketa egiteko elkartzen da, eta txerri-hilketan ere parte hartzen dute. Semeetako bat da ustiategiaren jabea, baita hura lantzen duena ere. Laborantza-mozkinak estrukturalki urriak zirela medio, borda bat eraldatu eta nekazalturismoa sortu zuten; familiaren etxetik banatuta dago nekazalturismoa, eta, garraio publikoari dagokionez, ondo komunikatua dago probintziako hiriburuarekin. Bere iritziz, aldaketak ez die kalterik egin. Familia osoa da partaide. Nekazalturismoan bezeroak dituztenean, etxetik irten aurretik gosaria prestatzen dute, gero logelak garbitzen dituzte eta, azkenik, beraien eskaerei erantzuten diete. Ondare-balio altua du beraien baserriak, eta, familia osoaren lanari esker, berriztatu egin dute. Industria-parke batean dagoen arren, turismoari begira erakargarria den paisaia berdeari eutsi dio. Abiadura Handiko Trenak, baserri paretik pasatuko denak, landa-etxerako paisaiarik eta baserririk gabe utziko dituzten beldur dira orain.

2.eszena.- Arauak eta egiturak (I)

1985eko dekretu bat zela kausa erosi zituzten baserri asko hamarkadetan zehar bertako errentari izandakoek. Jabeek nekez konpondu zituzten baserri horiek. Zenbait emakumek oroitzen dute, beraien kasuan, berrizte-lan garestien zati bat Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak emandako diru-laguntzekin ordaindu zutela, baserria nekazalturismoa bilakatzeko emandako laguntzekin, hain zuzen ere. Nahiz eta arautegian hitzartutako epea amaitu ostean itxi zezaketen, beraien nekazalturismoen buru izaten jarraitzen dute.

3. eszena.- Arauak eta egiturak (II)

Zenbait turismo eta landa-garapen teknikarik hitz egiten dute. Lehenik eta behin, nekazalturismoak ireki ziren, nekazaritza-ustiategien osagarri gisa; baina 1996. urtetik aurrera, esklusibotasun osoz turismoan ziharduten landetxeak izan ziren gehienak. Ondoz ondoko araudien bitartez, eskakizunak handitzen eta laguntzak gutxitzen joan ziren. Turismoak erosotasuna eskatzen du, eta landa-hotel eta landa-etxebizitzek luxua eskaintzen dute naturaren erdi-erdian. Nekazalturismoak hastapeneko egoeran badaude ere, egokitu egin dira.

4.eszena.- Aurrealdea eta atzealdea

Bertan egon nintzen. Antropologo eta turista izan nintzen, eta nire lekukotza ematen dut. Emakume horiek deskantsurik gabe lan egiten duten arren, beraien lanaren zati handi bat ikusezina da. Beraien senar eta semeek lagundu egiten diete lanetik eta eskolatik itzultzen direnean. Zenbaitek ziurtatzen didate irabaziak etxean berrinbertitzen direla. Batek dio bere lana utzi zuela, nekazalturismoan lan egin eta familia hobeto zaintzeko asmoz. Turisten iritziak biltzen dituzten liburuxketan emakume horienganako goraipamen asko irakurtzen ditut. Aitorpen hori beraien eskaintzaren truke jasoko duten saririk onena dela suposa daiteke. Etxeko ekonomiari buruz ezer gutxi galdetu ahal izan dut; familiako kideen artean egiten duten mozkinen banaketa akordio pribatutzat baitute.

5. eszena.- Kapitalaren itzulera

1990etik zabalik dauden lehen landa-ostatuek oheak baino gehiago eskaintzen dituzte. Landa eremuaren balioa handitzea ahalbidetu du emakume horien lanak, turismo-kapitalaren onurarako. Erramu azoketan baserriak eta paisaia berdeak jartzen dituzte ikusgai orain; lehen, berriz, monumentuak eta hondartzak besterik ez ziren agertzen. Landa-idilioak hirikumeak erakartzen ditu. Enpresa ugarik eskaintzen dituzte naturan egiteko jarduerak, eta beste zenbaitetan nekazal-lana aurkezten dute begirada turistikoarentzat.

6. eszena.- Amaiera

Jasangarria al da landa-turismoa? Seguruenik ez. Familia batzuek, jarduera turistikoak mozkin asko ekoizten dituela ikusirik, nekazaritza-ustiategia itxi eta landetxe bilakatu dute. Zenbait emakumek beraien alabek ordezkatuko dituzten esperantza dute, baina ikasteko aukera izan dezaten bermatzeak arduratzen ditu gehiago. Bertan ostatu hartzen duten turistek nekazaritza-lanarekiko interes gutxi agertzen dute. Hirikume profesionalek, gehienetan gizonek, kudeatzen dituzte landa-hotelak eta landa- etxebizitzak. Nekazalturismoak, behin beraien funtzioa bete ostean, desager daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.