Hamar urtetan 14.000 etxegabetze baino gehiago. 5.000 pertsonatik gora etxerik gabe. Babes ofizialeko etxebizitzen itxaron-zerrendan dauden pertsonak ia 120.000 dira. Mahaiaren beste aldean, 100.000 etxebizitza baino gehiago hutsik. 8.000 inguru erabilera turistikora bideratuta, erregistratu gabe daudenak kontuan izan gabe. Eta hauek soilik Hego Euskal Herriko datuak dira.
Estatistikak ez dira gai etxebizitzarena bezalako auzi baten konplexutasuna bere osotasunean antzemateko. Aipatutako datuek, ordea, gauza bat adierazten digute argi eta garbi: gizarte hau gidatzen duen logikak ez du lehentasuntzat hartzen biztanleria guztiaren oinarrizko beharrak asebetetzea. Edo, beste era batera esanda, etxebizitza politiken helburua ez da mundu guztiarentzako kalitatezko etxebizitza bermatzea. Izan ere, Estatuak eta haren barnean integratutako alderdi politiko guztiek etxebizitzaren negozioaren esanetara jarduten dute. Nola azal liteke, bestela, hartzen dituzten neurrietako batek berak ere ez jartzea zalantzan etxejabeen irabazi ekonomikoak? Eta nola, 2008ko burbuilaren irakaspenen ondoren eta krisi ekonomiko zein ekologiko betean, apustua berriz ere etxebizitzen eraikuntza masiboa izatea?
Kolore guztietako politikariek ideia bera errepikatzen digute: etxebizitzaren negozioa gizendu behar da; horrela, haren soberakinetatik apaldu ahalko dugu behekook gure gosea. Errentagarritasunaren beharrei azpiratutako ogi-apurren politikak dira honakoak, eta dagoeneko badakigu nor gelditzen den beti apurren banaketa honetatik kanpo: gizarteko sektorerik zapalduenak. Horren erakusle dira etxegabetzeak debekatu ez zituen moratoria, edo prezioak jaistera ausartu ez eta igoerei zenbait muga ezartzea besterik planteatzen ez duen erregulazio berria.
Eskema honekin apurtu nahi dugunok hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon abenduaren 14an. Gizarte honek badu nahikoa baliabide mundu guztiari kalitatezko etxebizitzarako sarbidea bermatzeko, doan eta modu iraunkorrean. Arazoa da baliabideok errentagarriagoak direla interes espekulatiboen menpe: hutsik edo turismora bideratuta, esaterako. Negozio honek sortzen duen etekin ekonomikoa da zalantzan jarri behar dena. Konponbidea ez da etorriko espekulatzaileen poltsikoak betez; kontrara, haien poltsikoen kontura egin behar zaio aurre egoerari. Etxebizitza eskubide unibertsalaren alde, eta negozioaren zein instituzioen konplizitatearen aurka, bete ditzagun kaleak.