Steilas sindikatuko ordezkariak

Negoziazioa, negarrerako zioa

Yolanda Porres, Haizea Arbide eta Javi Kerexazu
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtean berriztatu gabeko lan hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea ditugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados jartzeko, konfiantza eta eskuzabaltasuna oinarri izan behar dira, helburu jakin batera iristeko. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrerak ez du laguntzen helburura iristen: ahoz esaten dutena ez dute betetzen, partzialak dira bidaltzen dituzten proposamenak, berandu bidaltzen dituzte gainera, eta eskaintzen dutena bera iraingarria da Euskal Eskola Publikoa erreferente izatea nahi duen ororentzat.

Urtarrilean Hezkuntza Publikoko hainbat kolektibok mobilizazio dinamikak martxan jarri genituen sindikatuon gehiengo zabalarekin. Kolektibo denak elkarrekin, bakoitza bere espazioarekin: irakasleak, Haurreskolak partzuergoko hezitzaile eta langileak, eta sukaldari-garbitzaileak. Kolektibo bakoitzak bere ibilbidea izan du, eta gaur-gaurkoz irakasleen lan gatazka da konpontzeko gelditzen den bakarra.

Irakasleon sektorean sindikatuok hartu-eman desberdinak izan ditugu Hezkuntza Sailarekin. Urtarrilean eta otsailean greba deialdiak adostu eta burutu genituen Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, lan gatazka konpontzeko helburuarekin, argi baitago grebak direla administrazioa mugiarazten duen erreminta bakarra. Greba hauei esker, azken hamabost urteetan egon ez den nolabaiteko martxa hartu du negoziazioak. Esan genezake abiapuntu erreala eta materiala martxoaren 25ean ordu txikietan eskaini zutena izan zela, nahiz eta goizaldean Hezkuntza Sailak alde bakarrez hautsi zuen negoziazioa. Urtarrilean eta otsailean egindako greba jendetsuei, martxoan bost greba egun arrakastatsu gehitu dizkiegu, eta, horrez gain, euskal eskola publikoko komunitateko kideek babes zabala eskaini diote gure aldarrikapenei; eta, hala ere, eta honen guztiaren kontra, Hezkuntza Saila negoziazio mahaiaren jitea larritasuneraino tenkatzen ari da.

Hezkuntza Sailaren azken eskaintza esku artean, negoziazioko bloke guztietan gabeziak eta xuhurkeriak agerikoak dira: gazteberritze planeko atzerapausoak, soldataren igoera ñimiño baldintzatua, baliabideei dagokienez eskasia edonon; orokorrean, zakurraren putza!

Steilas sindikatuak Hezkuntza Publikoko irakasleen lan akordioaren negoziazioa erantzukizun osoz hartzen du, egoerak berak hala eskatzen baitu. Eskuzabaltasunean eta konfiantzan oinarrituta ari garen arren, Hezkuntza Saila, sektorean lehen indarra garen sindikatua serio hartu ez, eta barre eta trufa egiten ari zaigun sentipena dugu.

Negoziazioak egiazki negarrerako zioak ipintzen dizkigu aurrez aurre. Amorruak eta aurrera egin ezin horrek negargurari ematen dio bide batetik, bestetik, ordea, malko horiek elikatzen dute baita borroka dinamika berriak aurrera eramateko grina eta indarra: maiatzean aste osoko grebara deitu ditugu irakasleak. Negoziatzeko prestasun garbia du Steilas sindikatuak, borrokarakoa ere bai, ordea. Argi dugu Euskal Eskola Publikoko irakasleok lan hitzarmen berria eta eguneratua behar dugula, ez hamabost urte zaharkitua dagoena.

Sindikatuon aldarrikapen zehatzak eta aletuak badituzte jada. Horrexegatik, Euskal Eskola Publikoa duintzeko borondatea da nabarmen falta zaiena. Lan gatazka gainditzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.