Neandertalaren ikuspegia Ukrainaz

2022ko martxoaren 21a
14:39
Entzun

Mendien magalean bizi gara eta itsasotik ez hain urruti.

Hemen, orain, nahiko bakean gabiltza Arrotzekin; elkarrekin nahiko ondo konpontzen gara aspaldian. Leinu biotako sexu-harremanak ere gertatzen dira hainbatean. Halere, ezin ezabatu gure gogotik arestian Arrotzekin izandako gatazka haiek. Gure arteko zauriak utzi dituzte. Eta ez dugu nahi gure historia ahanzturan gera dadin. Zeren, gure Memoriari esker ikasten baitugu hainbat lezio.

Izan ere, hemen bertoko gure leinukook Arrotzekin bakean bizi garen arren, gerra-hotsak dantzugu inguruan, edo ez dakigu gure Memoriaren barne-ilunbetako oihartzunak ote diren. Baina bai ikaraz betetzen gaituztela.

Atzo iluntzean bertan izan genuen Izpiritu Saioa, Ilbeherako egun askotan ohi dugunez. Gerla sutsu bat idurikatu genuen, urrutietako lurralde ezezagun batean. Gure leinukoak dardara batean utzi gintuen.

Gauza ankerrak iruditu genituen.Ni behintzat erdi zorabiaturik atera nintzen Saiotik, eta ez naiz izan bakarra. Beharbada belar-ur gehiegi edan genuelako-edo, nork jakin. Kontua da ze, atzo, Egu egunean, gure leinuko amona horrek elestatu zigunez, gauza izugarriak ikusi genituen. Arrotzetariko batzuk ere, harrituta eta txundituta geratu ziren atzoko Saioan.

Gure amonak Ipar-mendebaldean-edo kokatzen zuen zorioneko lurralde hartan, halako arma izugarriak ageri ziren; ezin alderatu gure lantza-punta harrizkoekin, ezta beste ezerekin. Arma eta tramankulu horietan zihoazen gizaki maskaratuak elkarri erasoz ziharduten, batik bat oinezko jendeari. Eta hauek, gizajoak izan behar, tropelean iheska, besoak goian eta umeak besoetan zituztela? Itzela benetan! Negargarria, zinez. Kanpoan eraikita zeuden koba antzeko batzuk sutan zeuden, eta airean lehertuta apurtzen ziren. Ezin irudikatu ere egin han barruan bizi ziren gizakiak. Jende tropelak, ihes etsian zihoazen artean, gehien-gehienak, ia denak, emakumezkoak ziren, haur jaio berriak besoetan zituztela…

Hango nahas-mahasi hartan, denetariko jendea zegoela zirudien, mundu guztiko gizaki-leinuak gora begira, Goiko izar guztiak, Zeru Sabai osoa, buru gainean jausiko bailitzaien, eta haiek Goiari Eutsika ari bailiren. Geuk ere sarritan izaten dugu amesgaizto hori, edozein unetan Sabaia buru gainera jausi dakigulako sentipena. Zeren sentipen hori, amamek diotenez, aspaldikoa omen da.

Izar-antzeko gauza distiratsu batzuk ere ikus zitezkeen, beren ahoetatik su dariela edo. Otsoak ere bazebiltzan gizaki haien artean, eta arreta eman zigun zein mantso! Amonak txakur deritzena. Otsoak ez ezik, gizaki zantarrak ere badirela esan digu, euren artean, leinuak leinu, bapo konpontzen diren giza gaiztoak, eta haiek direla, hain zuzen, gerrak pizten dituztenak, jentilitate ororen hondamendirako. Baina hori dena ulertezina bezain sinestezina da guretzat.

Bestela, gure artean komentatu duguna: sator-zulo agerikoz jositako landa hartan, gizakien inurritegi urduri hartaz gain, ez zen ageri bestelako bizitza-arrastorik: ez zuhaitzik ez belarrik. Amonak esan digunez, lurralde hartan ba omen dira, halere, gurean bezainbeste zuhaizti eta oihan, baita hobeak ere. Frutak dingilizka dituzten zuhaitz motak, baita belardiak, gereziak eta abar. Eta baita eguzki-lore antzekoak, zeinetatik likido bat ekoizten duten, amonak olioa deritzona. Paradisu antzeko lurraldea omen da. Lurralde aberatsa, gezurra dirudien arren, atzokoa ikusita.

Eta hori ere komentatu dugu gure artean: zelan daiteke jende horiena hain Lurralde aberatsa izan, eta atzo ikusi genuen koadroa izatea? Zorte txarra edo patua? Edota gizaki zantarrek eragina? Hori ere ezin dugu ulertu guk. Eta, batzuetan, amonek diotena bera ere zalantzan jartzen dugu. Zere atzo ikusi genuena demasa izan baitzen. Adibidez, han zegoen bat, zeinek bere koba-leihoan enborki-zati ziruditenekin osatutako horma baitzeukan barrikadatzat. Eta inurritegi hartako jendartean ez zen ageri inolako jentiltasun, leinu edo gizabideren arrastorik.

Atzoko Saiotik irtetean, zirrarak hunkituta eta bihotza asaldatuta, gure artean dagoenari begira, pentsakor gelditu ginen. Baita han egon ziren Arrotzak ere. «Hemen zerbait egin behar dugu» esan gura bezala zuzendu ziguten begirada-keinua. Orduan, gure artean erabaki irmo bat hartu behar genuela sentitu genuen barrunbeetan. Eta berriz ere gogora ekarri genuen sasoi batean Haiekin izan genituen istilu larriak. Haiek, gure leinuarekiko Arrotzak izanik, ez zuten ulertu (eta oraindik ere ez dira jabetzen sarri), ez dagoela batere ondo gure jendarte-mota eta hizkuntza mespretxatzea.

Hori dela eta, aski tenka-gune izan dugu Haiekin. Neandertal euskaldunok ezin dugu galdu gure Memoria. Baina bai, zerbait egin behar dugu, leinu-artekoon jentilitate sano eta baketsua lortze bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.