Pasatu berria den 2019ko abenduaren 10ean Eleak-Libre Mugimenduak Mozal Legeak Hego Euskal Herrian eta Estatu espainol osoan bideratzen duen oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen galera salatu du Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzorde aurrean. Eta, bide batez, nazioarteko erakunde horri eskatu dio «Herritarren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa» indargabetua izan dadin lagun dezala.
Izan ere, Nazio Batuetako Erakundearen Giza Eskubide Batzordearen aurrean aurkeztu dugun txostenean azaltzen dugunez, 2015eko uztailaren 1ean indarrean sartu zen Herritarren Babeserako martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, Mozal Legea, indarrean sartu zenetik, nabarmen ugaritu dira polizia ezberdinen gehiegikeriak, oinarrizko eskubideen urraketak, segurtasun juridikoaren, legezkotasunaren, alderdi prozesalen berdintasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioen urraketak. Desastre antidemokratikoa da lau urteotan gertatu dena.
Urte hauetan guztietan ugaritu dira biltzeko, adierazteko, manifestatzeko eta komunikabideei eta kazetariei beren informazio-lanaren garapenean egindako erasoak. Blogarien eskubideen aurkako erasoak ere izan dira, Interneten kritika sozialak egiteagatik. Antzeko erasoak jasan dituzte artistek eta kantariek ere, beren funtzioen edukiengatik. Hego Euskal Herrian eta Espainiar Estatu osoan mugimendu sozial eta sindikalek garatutako protesta sozialaren modalitate guztien aurkako errepresioa areagotu egin da. Eta, azkenik, duela aste batzuk Mozal Digitala ere indarrean jarri du Madrilgo gobernuak, Estatuari Interneten eta sare sozialen erabilera oztopatzeko aukera zabalduz.
Euskal Herriko kasuan, gainera, eraso horiek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bi parlamentu autonomikoen gehiengo politikoaren iritziaren aurka gertatu dira, bi legebiltzar horiek Herritarren Babeserako martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren aurka azaldu baitziren, lege hori 2016an aplikatzearen ondorioz sortutako eskubideen urraketei buruzko osoko eztabaidetan. Tamalez, lau urteotan, bi Parlamentuen borondateari muzin eginez, bai Ertzaintzak, bai Foru Poliziak eta baita Udaltzaingoak ere, Mozal Legea aplikatzen jarraitu dute herritar guztion kaltean.
Izan ere, hain da lausoa Mozal Legearen edukia, eta hain ankerra polizia ezberdinek etengabe egiten duten erabilera, egun herritarrek eta ekintzaile sozialek ez dakite segurtasunez zer egin dezaketen eta zer ez protesta sozialetan.
Espainiar Estatuak aitortu zuenez, Mozal Legearen lehen urtean 285.919 isun jarri zituen, beste horrenbeste pertsona zigortu, eta, denetara, 131.470.206 euroko zigorra ezarri zuen. Eta, ordutik, beste hiru urte pasatu dira. Atera kontuak.
Eleak-Libre Mugimenduak kaleratutako datuen arabera ere, lehen urte hartan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Komunitate Autonomoan 11.000 kasutan baino gehiagotan aplikatu zen Herritarren Segurtasunerako Legea Hego Euskal Herrian. Eta, kasu honetan ere, geroztik bestehiru urte pasatu dira.
Ondorioa argia da. Euskal abokatu ugarik, bereziki Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak (AKAB) kolektibokoek, Herritarren Segurtasunari buruzko lege honi buruz argitaratutako artikulu eta lanetan adierazi duten bezala, lege hori aplikatzeak herritarren oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen urraketa ekarri du, eta, batez ere, izaera kritikoko mugimendu sozial, sindikal edo politikoak erreprimitzera bideratu da, modu horretan biztanleria kritikoa edo disidentea kontrolatzeko edo, administrazio-isunen bidez, herritarrak eta aktibista sozialak beldurtuz. Etorkinek ere, larrutik pairatzen duten Mozal Legearen eragin kaltegarria.
Euskal abokatuek azpimarratzen dutenez, Herritarren Babeserako 4/2015 Legea aplikatzeak praktikan zer suposatu duen ulertzeko, ezinbestekoa da kontuan hartzea, Diputatuen Kongresuan lege hori onartzen zen aldi berean, Zigor Kodearen aldaketa eta Segurtasun Pribatuari buruzko 4/2014 Legea ere onartu zirela. Hirurek herritar guztiak zigortzen dituen Legedi antirrepresiboaren pakete oso bat osatu dute.
Zigor-arloko Legeriaren aldaketa horrek ordenamendu juridikoko «faltak» desagertzea ekarri du, eta batzuk Herritarren Segurtasunerako Lege berrian integratu dira, administrazio-falta gisa, eta beste batzuk gogortzeko, Zigor Kodearen testu berriko delitu bihurtu dituzte. Nahasgarria da bi lege-testuetan jasotako jokabideak egotea, hala nola desobedientzia, erresistentzia edo desordena publikoak, eta horietako batek ere ez du arau bat edo bestea aplikatzeko irizpiderik ezartzen.
Horrek guztiak inpaktu oso larria ekarri du herritarren eta aktibisten eskubide sozial, zibil eta politikoetan, zeinak zorrotz errespetatu beharko liratekeen Estatuko zein autonomietako edota udaletako segurtasun-indar guztien aldetik.
Madrilen orain dago aukera
2018ko irailean Espainiako Kongresuak PSOEren eta EAJren bi proposamen onartu zituen Herritarren Babeserako martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa erreformatzeko eta baztertu zuen EH Bilduk aurkeztutako testu alternatiboa. Tamalez, geroztik gauzak ez dira mugitu.
Aldiz, orain, Espainiar Estatuko azken Hauteskunde Orokorren ondoren Estatuko Gobernu berria osatzeko negoziazioak martxan daudenean, Mozal Legea indargabetzeko aukera dago. Horregatik garrantzitsua izan da guretzat aste honetan bertan Nazio Batuetako Erakundearen Giza Eskubide Batzordean gure lana aurkeztea.
Inoiz baino beharrezkoagoa da Herritarren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa berehala indargabetzea PSOE eta Podemos taldeei eskatzea, hura aplikatzen jarraitzeak, Hego Euskal Herrian ezezik, Espainiar Estatu osoan herritarren eta aktibisten oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoak urratzea baitakar.
NBEko Giza Eskubideen Batzordeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu