Ez dakit haserretuen Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kanpaldietan, benetako demokrazia eskatzen duten horietan, eztabaidarik sortu den kanpaldien beren oinarrizko printzipioen inguruan eta, Madrilgoa alde batera utzita, ziurtzat jo den Euskal Herriak bere aldarrikapenak dituela eta ezin dela benetako demokraziarik egon herriek autodeterminaziorako eskubidea erabiltzerik ez badute. Hori diot zeren Katalunian, non egoera politikoa Euskal Herriko bera den, eztabaida ideologikoa lehenengo egunetik egon da, eta ez da erraza izan sektore espainolistek amore eman eta onar zezaten demokrata bat inoiz ezin dela egon herrien askatasunaren aurka.
Arrazoi horrexegatik, Kataluniako eta Euskal Herriko kanpaldiek, Espainiakoaren, Frantziakoaren, Ingalaterrakoaren eta Alemaniakoaren aldean, izateko eskubidea aldarrikatzea dute aparteko osagai. Eta logikoa da; izan ere, gauza bat da hobekuntza sozial bat aldarrikatzea, aipatutako estatuetan gertatzen den bezala, eta beste gauza bat da beste guztien aurreko eskubide oinarrizko bat eskatzea; askatasuna, esaterako. Espainolek, frantsesek, ingelesek eta alemanek gauza asko eska ditzakete, baina inoiz ez euren herrialdeen askatasuna, bai baitaukate. Askeak baitira, eta euren izenarekin bidaiatzen baitute munduan. Katalanak eta euskaldunak ez. Katalanek eta euskaldunek Mendebaldeko bertako arazo sozialak dituzte, eta, gainera, derrigortuta sentitzen dira errespetua eskatzera hain oinarrizkoa den gauza batengatik: euren nortasunagatik.
Eztabaidaren jatorria, beraz, hauxe da: kanpatutako guztiak ez daude errespetu horren alde. Onenean ere, ez zaie axola edo haren alde daude baldin eta herria bera Katalunia edo Euskal Herria ez bada. Beste herriak bai; Katalunia eta Euskal Herria ez. Eta, horrela, eskuineko eta ezkerreko nazionalismo espainolak gidatuta, zenbait sektore agertu dira, zeinak, langabeziaren, ustelkeria politikoaren eta gobernuaren neurri zorrotzen aurka egoteaz gain, banderen aurka ere badauden. Bai, banderen aurka. Baina ez guztien aurka. Bandera nazionalisten aurka bakarrik. Bandera nazionalistak eta nazionalistak ez direnak baitaude. Haiek guztiek NA espainolean daramaten hori ez da bandera nazionalista bat. Horregatik eramaten dute, eta horregatik ibiltzen dute munduan, nazionalistak ez diren herrialdeak bisitatzera oporretara joaten direnean.
Hain dira unibertsalistak Espainia, Frantzia, Ingalaterra eta Alemania, non haien banderek, hainbeste erakutsita ere, ikusezinak diruditen. Inork ez ditu ikusten, normal-normalak direlako, eta, mundu guztiak dakien bezala, normaltasunaren ezaugarri nagusia da oharkabean pasatzen dela. Horregatik, aldarrikatzeko ezer ez daukatenez —euren oinarrizko eskubide guztiak aitortuta daudelako eta batere baztertzailea ez den Nazio Batuen klub bikaineko partaide direlako—, euren egiteko bakarra banderak eraikin publikoetan erakustea da, kolonizatutako herrietakoetan batik bat.
Horrela, modu subliminalean gogorarazten diete han nork agintzen duen, eta lortzen dute euren imajinario kolektiboan sustraitzea euren nortasuna, euren herria eta euren hizkuntza direla kolonizatzailearen nortasuna, herria eta hizkuntza komuna. Beste gauza bat da kolonizatzaileak, demokrata eskuzabala izanik, onartzea kolonizatuaren bandera —beti bigarren planoan, noski— bere ondoan egotea.
Modu horretan, jendeak ikus dezake nazionalista ez den bandera unibertsalista eta aurrerakoi baten eta bandera nazionalista, herriko eta arrunt baten arteko desberdintasuna. Catalan Revolution bezain nazionalista, herriko eta arrunta. Zerikusirik ez Spanish Revolution delakoarekin. Ezta inondik ere! Aurrenekoa folklorikoa da; bigarrena, kosmopolita. Herritar izen nazionalistak eta ez-nazionalistak egotearen ondorio da hori. Espainola bazara, integratzailea zara. Katalana edo euskalduna bazara, baztertzailea zara. Spanish Revolution horren pean bildutako ez-nazionalistek arrazoi horregatik edukiko dute hain argi spanish termino unibertsal bat dela eta ez nazionala.
Honetaraz gero, esan daiteke dagoen nazionalismo bakarra hau dela: aitortza juridikorik aldarrikatu beharrik gabe, nazio ahulagoei inposatzen zaiena, haien lepotik aberasten dena, haien nortasuna, hizkuntza eta kultura suntsitzen dituena eta bere zati bihurtzen dituena. Eta, hori posible izateko, beharrezkoa da kolaboratzaile erregimentu bat lan zikina egingo diona, eta, nagusiaren ontasunak aldarrikatuz, beretarrak gaitzetsiko dituena, buruberotzat joz. Hori bai, aldarrikapen eta irain guztiak eskuliburukoak dira. Alderdi Sozialistaren eskuliburukoak, hala nola kanpatutako talde bateko bozeramaileak esandakoa: «Zertarako nahi duzue Espainiak harrapatutako dirua [22.000 milioi euro urtean]? Convergencia i Unioko betiko lau horiek har dezaten?». Bada, diskurtso hori erabat atzerakoia eta demagogikoa da. Herri baten —bere herriaren— harrapakina bere harrapakariaren aurkako mendetasuna ezkutatzeko justifikatzen duen norbaiten diskurtsoa da.
Eta, noski, bere buruaren aurrean justifikatzeko beharrak itsututa, zentzugabekeria bat egiten du: bere bizi-maila hobetzeko eskatu, eta hori finantzatzeko dirua ere bai. Baina zer diru? Ba al dago ezer irrigarriagorik familiako ongizatea exijitu eta, aldi berean, hori beteko luketen baliabideak eramaten dituen lapurra defendatzea baino? Kataluniaren edo Euskal Herriaren independentzia ez da eskuineko edo ezkerreko gai bat —atxikitze/adskribatze sozial guztiak izateko eskubidearen ondorengoak dira—: bizirik irautea da kontua, eta, beraz, sen onez jokatzea.
Nazionalista ez den 'spanish revolution' hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu