Euskal naziogintza krisi larrian murgildua aurkitzen da, gaur egun duela 50 urte baino modu nabarmenagoan. Denbora erreferentzia hori ez da besterik gabe hautatua, ez. Garai hartan, arlo politiko edota instituzionala nabarmen arrotzak eta inposatuak baziren ere, arlo ideologiko eta kulturalean kapital sinboliko propioaren jabe zen euskal naziogintza emergentea, eta erabateko haustura agertzen zen euskal gizartearen habitus berrituen eta estatuen sistema dominatzaileek garatu nahi zuten barne-kolonizazio logikaren artean. Naziogintza berrituak nazio epika propioa sortzeari ekin zion, habitus berri hori habitat propioa bihurtzeari, arlo propioetan antolatutako errealitate objektibo eta subjektiboa lortzeko bidean.
Haustura subjektibo hori eta borroka ideologiko, kultural eta, ondorioz, politikoa, ezinbesteko baldintzak ziren estatu-sistemen logika unibokoa ukatu eta oso bestelako nazio logika edo zentzun nazional berria kontrajartzeko orduan. Gauzak horrela, estatuek ezin zuten dominazio sinbolikoa erabat konplitu, kontrara altxatzen zelako nazio zapalduaren logika propio alternatiboa.
Zer aldatu da? Kultura aldatu da, zentzu zabalean hartuta. Lehen mailako errealitate objektiboan gertatu diren aldaketek(nazioarteko ekonomian eta politikan, estatuen mailako arlo politiko-instituzionaletan) bigarren mailako errealitate subjektibora ere kultura eta ideologia aldaketa sakonak eratorri dituzte. Habitus desberdinak garatu dira, maila globalean eta, ondorioz, nazio mailan ere bai. Gizarte portaerak oso bestelakoak dira horren ondorioz. Pentsamendu eta jokabide hutsalak edo funts gabeak nagusitu dira gizarte bizitzan, denbora-pasaren ohitura, macdonalizazioa deitu izan dena hedatu da nonahi, kontsumo funts gabearen azpi kultura.
Kultura hutsal, indibidualizatu eta zabal horrek botere berri urrunduen soziologia salatzen du, aginte arrotz eta kontrolaezinena. Egitura sozial globalizatu eta uniformizatu honek bere tresna zein jokaera espezifikoak dakartza, nagusiki Internet bitarteko, eta honekin batera ingelesaren nagusitasun ia erabatekoa.
Arloa eta habitus-a sintonian kokatzen direnean gertatzen da kontsentsua. Bada, arlo politiko-instituzionalean, estatuen eta euskal alderdien sistemaren artean kontsentsu zabal eta sakona garatzen ari da. Estatua, lehenago kuestionatua izan eta borrokatua izatetik, arlo partekatu berean kokatzen den eta habitus berekoa densistema izatera aldatzen ari da. Horren ondorioz, euskal alderdiak kapital sinboliko propioa galtzen ari dira, estatuaren beraren mundu ikuskerarekin bat eginez. Euskal alderdiak estatuaren beraren arlo berean lehiatzen dira, haren kongresuan, haren hauteskundeetan, haren aliantzetan eta helburuetan parte hartuz. Ondorioz, konfrontazioa eta alternatiba erabatekoak abandonatu egiten dira, arlo eta habitus propioak sortzeko borrokak ahaztu egiten dira. Pentsamendu eukaristikoa nagusitu da euskal alderdietan: James Joyce idazle irlandarrak egin zuen Ulises eleberrian pentsamendu eukaristiko honen aurkezpen zorrotza, Leopold Bloom protagonistak eliza katoliko batera sartu eta eukaristiaren praktika deskribatzen duenean; komunioak nola uzten zituen eliztarrak aingeruen pareko, grazia egoeran, lebitazioan bezala, tentel aurpegiz inguruari begiratu beste ezer egin ezinik. Tamalez, halako zerbait gertatzen ari zaigu euskaldunoi grazia egoera estreinatu berri honetan, espainiar gobernu eta alderdi «progresista» delakoekin komunioan.
Era horretan, biolentzia sinbolikoa mantendu egiten da Euskal Herriaren aurka, baina ez du erantzunik jasotzen alderdi euskaldunen partetik. Erabakitzeko eskubidea ukatu egiten zaigu, euskara baztertua eta menderatua da, Euskal Herriaren beraren existentzia ukatu egiten zaigu, baina ez da horren aurkako erreakziorik gertatzen. Eta hori horrela da, hain zuzen ere biolentzia sinbolikoa komunitate baten aurka garatzen delako, betiere komunitatearen beraren onespenaz. Horren adibide argiena hizkuntza politikarena dugu: elebitasuna finkatu izan da ordena demokratiko berri horren printzipio nagusi, eta elebitasunaren inguruan gauzatu da komunio eukaristikoa; bada, elebitasun horren azpian gertatzen ari da euskararen ordezkatze prozesu izugarria, estatuaren aparatu guztiak euskara baztertzera bideratuak, eta euskaldunon aldetik zorioneko elebitasun hori bedeinkatuaz eta eskatuaz.
Estatu arlo desberdinen defentsan estatu-aparatu guztiak aktibatu dituzte. Alderdiak eta komunikabideak dira aparatu hauetako bi, oso eraginkorrak. Komunikazioaren teknokraziak ordezkatu du benetako informazioa, eta komunikazioa zentzu bakarrekoa bihurtu da, goitik beherakoa. Teknokrazia horretan leku aparta hartu dute inkestek, tresna ideologia konformatzaileek. Iritzi politiko eta ez-zientifikoak inposatzen dituzte jendartean, habitus ofiziala ideologia nagusi bihurtuz. Horrela ikusi ahal izan dugu, adibidez, egunotan, gure artean egindako inkesta baten zera saltzen digula, gure errealitate sozialaren aurkezpen zientifikoa bailitzan: «Euskal estatuaren aldeko botoa emango luke erreferendum batean euskaldunen %40,5ak, betiere estatuekin adosturiko erreferendum batean eta emaitzaren aplikazioa ere adostua balitz»(Sic!). Hara hemen pentsamendu eukaristikoa «egia zientifiko» bihurtuta. Baina nork uste du gurean estatuek inoiz halakorik «adostuko» dutela? Hori esatea euskal estatuaren aukera erabat baztertzea da. Kontsentsu berri honen lehen biktima euskal estatuaren aukera da, jakina.
Baina proposamen errealista gauzatuz, egingarria, hau da, batez ere geure barne-indarretan oinarritua, autozentratua, ez estatuen balizko baimen ezinezkoetan. Nazio osoa behar dugu, hau da, polisistema osatu eta propioa; ezin gara gutxiagorekin konformatu, azkenaldian ikusi baitugu proposamenen bat euskaldunon (euskal hiztunon) komunitatearen auto-eraketara mugatzekoa. Azken ideia hau eta arestian aipatu dugun elebitasunarena antzekoak dira: beste multzo zabalago eta indartsuago batean kokatzen diren unetik, disolbatzen edota getifikatzen, ghetto bihurtzen, amaitzen dira beti.
Euskara da naziogintza positiboaren ardatza. Kapital sinboliko propioa euskararen eta euskal nazio beregainaren inguruan elikatu behar dugu. Dominazio sinbolikoaren ordez, borroka harremanak eta konfrontazioa izan behar dira nagusi estatuekiko harremanetan. Elebitasunaren printzipio maltzurra behingoz baztertu eta euskararen nagusitasuna bilatu behar dugu Euskal Herri osoan. Ulertu behar dugu behingoz, Euskal Herri barruan egiten den erdara, dela espainiera, dela frantsesa, zuzen-zuzenean euskararen aurkako erasoa dela, nahi eta nahi ez, borondaterik onenean egina bada ere, bere tokia kentzen diolako euskarari, euskara ezinbestekoa dugunean nazio eraikuntzan.
Ezin dugu estatuen balizko logika demokratiko instituzionala partekatu, logika unibokoa eta inposatzailea delako. Ezin dugu estatuekin arlo bera partekatu, arlo propioak garatu behar ditugulako. Arlo desberdinek logika desberdinak dakartzate, ezinbestean. Arlo propioak, habitus propioak... subjektibitate berezia sortubehar dugu. Habitus berri horiek habitat berritua bilakatu arte.
Naziogintzaren oinarrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu