Nazioarteko hauteskunde-behaketa

2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Espiak. Etsaiak. Horrelakotzat jo ditu Nicolas Madurok Europar Batasuneko hauteskunde-behatzaileak. Hortik gutxirat Venezuelako Gobernuak bisak luzatzeari uko egin zion aurretiaz adostu bezala, eta bortz eguneko epea eman zien lekutzeko. Argi da etsaiak eta espiak izan balira, ez zietela bisarik emanen hastapenetik: afera da agintariek komeni zaien arabera baloratzen dutela nazioarteko hauteskunde-behatzaileen lana. Hori dela eta, usu hau bezalako ika-miken berri izaten dugu, bereziki nazioarteko politikaren fokuan diren herrialdeetan. Nazioarteko hauteskunde-behaketaren nondik norakoen ezjakintasunean edota (batzuetan nahitako) gaizki-ulertuetan dute oinarri, eta, tamalez, sarri ,horiek ondorio ere izaten dira. Horregatik, egokia dirudit zenbait zehaztapen eta gogoeta mahaigaineratzea.

Nazioarteko hauteskunde-behaketa hauteskunde-prozesuen ebaluazio objektibo eta neutrala egiteko mekanismoa da. Horren helburua trantsizio politikoan edo gatazka ondoko egoeran dauden herrialdeei sostengua ematean datza. Horregatik, hain zuzen, Latinoamerikan abiaturiko demokratizazio prozesuekin garatzen hasi zen 1980eko hamarkadan, eta Berlingo Harresiaren erorketaren ondoko trantsizio demokratikoekin azkartu zen. Hauteskundeak gizartean diren gatazkak eremu politikorat bideratzeko tresna diren heinean, horien behaketa inpartzialak hauteskunde-prozesuaren gardentasuna aztertzen du, horien legitimazioan eraginez. Zentzu horretan, demokrazia, giza eskubideak eta bakea sustatzen laguntzen du. Izan ere, hauteskunde-behaketaren oinarri juridikoen artean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, Europar Batasuneko Ituna, 1990ko Kopenhageko Akordioa, AEEren Karta daude, bertzeak bertze.

Gaur egun hauteskunde-behaketan diharduten nazioarteko erakundeak ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea, Europar Batasuna, AEE Amerikako Estatuen Erakundea eta Batasun Afrikarra dira. Badira ere horretan aritzen diren nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak, hala nola The Carter Center, National Democratic Institute (NDI) edo International Republican Institute (IRI). Hauek guztiek hauteskunde-behaketa misioak zabaltzen dituzte.

Bertzalde, Europako Parlamentua edo Europako Kontseilua bezalako erakundeek ere hauteskunde-behaketan aritzen dira, ordezkaritza parlamentarioen bidez. Hala ere, hauek oso bertzelako osaketa, metodologia eta helburuak dituztenez, horien egitekoa diplomazia parlamentarioaren baitan kokatu behar da. Horregatik, sarri, hauek joko politikorako tarte handiagoa ematen dute.

Horrela, bada, nazioarteko hauteskunde-behaketa misioen zereginari buruzko zenbait jakingarri eskaini nahi nituzke:

1. Hauteskundea eginen duen herrialdearen gobernuak gonbidatu egin behar du erakundea hark hauteskunde-misioa igor dezan. Gonbidapen ofizialik gabe, ez da hauteskunde-misiorik. Berriki Nikaraguako hauteskundeak izan zirenean Managuak ez zuen AEE gonbidatu, eta hortaz horrek ez zuen misiorik igorri.

2. Gonbidatua den erakundeak behaketa modu egokian garatzeko gutxieneko baldintzak badirenetz aztertzen du, eta, horren arabera ,gomita onartu ala baztertzen du, eta zein hauteskunde-misio mota izan behar duen zehazten du. Errate baterako, pasa den buruilean Kremlineko gomita jasota, ESLA Errusiako legebiltzarreko hauteskundeak behatzeko misioa igortzekoa zen, baina gobernuak ez zuen aurreikusitako behatzaile kopurua onartu. Horrek hauteskunde-egunean estatistikoki adierazgarria den datu-lagina lortzea eragotziko zuenez, azkenik ESLAk misiorik ez bidaltzea erabaki zuen.

3. Hauteskunde-behaketa misioak hauteskunde-prozesuaren fase ezberdinak sakon aztertzen ditu, hauteskunde-zikloaren ikuspegia erabiliz. Hortaz, eskuarki bi hilabete inguru irauten du. Bistan denez, hauteskunde-eguna puntu gorena da, baina hura bezain garrantzitsuak dira aurreko eta ondoko etapak.

4. Hauteskunde-prozesuari buruzko ebaluazioak profesionala, objektiboa, neutrala, inpartziala eta independentea behar du izan. Profesionala, erakunde igorleak behaketarako metodologia zehatza segitzen duelako, ikerketa-teknika kualitatiboak eta kuantitatiboak uztartuz. Objektiboa, arreta hauteskunde-prozesuaren elementuetan jartzen duelako, zuzeneko datu-bilketa lehenetsiz. Neutrala, prozesuan interferitzeari uko egiten diolako. Inpartziala, inolako tokiko eragileren alde egiten ez duelako. Eta independentea, behin misioa osatuta, hura erakunde igorleak eta edozein estatu-kidearekiko modu independentean aritzen delako. Ezaugarri hauek guztiak betetzen ez baldin badira, misioaren mandatua bera urratzen ariko da.

5. Hauteskunde-behaketa misioak hauteskunde-prozesuaren kalitatea ebaluatzen du, herrialde anfitrioiaren legeria eta nazioarteko estandar eta praktika onen arabera. Hau da, herrialdeak sinaturiko nazioarteko hitzarmenak praktikan zein neurritan betetzen diren aztertzen du.

6. Misioaren emaitzak atariko deklarazioa eta azken txostena dira: horietan hauteskunde-prozesu osoaren ebaluazioaren ondorioak eta gomendio sorta aurkezten dira. Hauen helburua da eragile guztiei prozesuaren kalitate demokratikoa hobetzeko tresnak eskaintzea.

Honetatik guztitatik bi funtsezko ideia ondorioztatzen dira. Lehenik, nazioarteko hauteskunde-behaketa hauteskunde-prozesuaren garapenean dagoela interesatuta, eta ez hauteskunde-emaitzetan. Hauteskundeak ez dira demokraziaren sinonimoa, baina hauteskunderik gabe ez dago demokraziarik. Hortaz, zer-nolako hauteskundeak egiten diren gakoa da. Bigarrenik, hauteskunde-prozesu guztiak sistema politiko guztiak bezala hobe daitezkeela. Horregatik, trantsizio demokratikoan diren herrialdeetan eta demokrazia gazteetan ez ezik, nazioarteko hauteskunde-behaketa demokrazia sendoetan ere gauzatzen da.

Laburbilduz, usu nazioarteko hauteskunde-behaketa eztabaidagai bihurtzen baldin bada, hark buruturiko ebaluazioak iruzurra egiteari kostu handia ekartzen diolako da. Horrek herrialde barneko eta nazioarteko zilegitasun galera suposa dezake, eta ondorioz gobernagarritasuna zein nazioarteko elkarrizketa zail ditzake. Alta, aldi berean prozesu demokratizatzaileen akuilu bihur daiteke. Horregatik batzuen iduriko, deabru, eta beste batzuen ustez, aingeru da: haatik, funtsean, ez bata, ez bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.