Filosofoa

Nazioaren betiereko itzuleraz

2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Ulises Moulines filosofoak, Marxen Manifestu komunista-ri erreferentzia eginez, esan zigun mamu bat zebilela Europan zehar: nazionalismoaren mamua, alegia. Euskal Herrian ere, nazionalismoa eta nazionalismoaren subjektua den nazioa, politikaren lehen lerroan mamu baten moduan agertzen zaizkigu ziklikoki. Desagertu direla uste dugunean gutxien esperotako zirrikitutik agertuko zaizkigu berriro ere. Nazioa baita, oraindik, mundua ulertzeko dugun modua. Unibertsoaren mugetatik harago dagoen denborarik eta espaziorik gabeko zera hori imajinatzeko gai ez garen modu berean, nazioaren mundu ikuskeratik harago irudikatzea ere ezinezkoa egiten zaigu antza.

Nazioaren itzulera berri baten testigu gara. Batzuek nazioa garela azpimarratzen dute, aldarrikapen gorena bailitzan. Besteek, garrantzitsuena nazioa babestea dela dioskute; politika, finean, nazio diferenteen arteko talka dela baieztatuz. Bizi dugun momentua hobeto ulertzeko nazioa zentroan jartzen duten bi joera hauek aztertzea garrantzitsua dela uste dut. Azterketa horrek dugun arazo potolo baten sintoma direla erakutsiko digula uste baitut.

EH Bilduren kasuan, adibidez, Nazioa gara leloak momentu honetan koalizioak duen estrategiari erantzuten dio bete-betean: Espainian autodeterminazio eskubidea onartzeko aukera-leihoa irekia omen dugu. Baina horretarako, lehenik, nazioa garela aitortu eta jarraian autodeterminazio eskubidea onartu beharko ligukete zapaltzen gaituztenek.

Erabakimena ukatzen diguten Estatuek egin beharko liguketen nazio izaeraren errekonozimenduak autodeterminazio eskubidea ekarri beharko ligukeela pentsatzen duen bideak, nazionalismoaren teoria zaharkituetan eta legedi internazionalaren idealizazioan du oinarria. Presio modu gogorragoekin probatutako eta porrot egindako estrategia dela uste dut. Argi esan dezagun, Espainiak eta Frantziak ez dute sekula erabakitzeko eskubiderik onartuko. Eta jendarte osoak hori badakienez, ez du agrabiorik eta ondorioz ez du aktibaziorik ere sortuko. Politikaren jite zaharkitu guztiak bere gain dituen bide itsua dela uste dut; zapaltzailearekiko subordinazioa betikotzen duena.

Bestetik, gurean, estrategia-krisi garai honetan, protagonismoa hartzen ari dira nazioak eta soilik nazioak ardaztu behar duela subjektu askatzailea diotenak. Politikaren eta estatu propioaren xedea nazioaren balizko esentziak babestea dela diote. Beste edozein eskari, berriz, bigarren mailakoa dela dioskute. Altxorra beretzat bakarrik nahi duenaren antzera, euskal partikularra unibertsalizatzeak beldurra ematen die. Norberaren gorputzetik jariatzen den hilotz kiratsa usaintzeko izara azpian ezkutatzeari gustua hartu dionaren joera da hori. Marxismorik gabeko nazionalismora modu naturalean gerturatzen ari den bidea da gainera. Eta horrek, bizi dugun garaiotan, badakigu nora eraman gaitzakeen. Eskuin muturraren markora gerturatzen ari den independentismoaren eta euskaltzaletasunaren lehen zantzuak hor ditugu.

Batzuek nazio aitortzaren bitartez erabakimena ukatzen digutenen onarpena bilatzen jarraitzen dute, fedea beste oinarririk ez duen kasik modu erlijiosoan. Besteek, atzerakadan dauden subjektu politikoek egin ohi duten moduan, nazioan aurkitu nahi dute helduleku segurua. Seguruegia.

Nazioa berrehun urte pasatxo dituen nahi politikoa artikulatzeko erreminta bat da. Nazio sentimendu batek nagusitasuna duen tokietan erreminta eraginkorra izan daiteke. Gurea bezalako jendarte anitzean, berriz, elementu zentraltzat hartzea suizidio estrategikoa da. Ez du balio ez euskal errepublika, ez sozialismoa, ez feminismoa eta ezta Euskal Herria euskalduna lortzeko ere. Baina erreminta helburu bilakatu zaigunez, nazioa absolutizatu eta estrategia berriak pentsatzeko gaitasuna kamustu zaigu. Aipatu bezala, nazioa da mundua ulertzeko dugun modua eta ondorioz, nazioa da mundua eraldatzeko dugun topea ere.

Nazioaren itzulera berri hau arazo potolo baten sintoma dela aipatu dut artikulu honen hasieran. Arazoa mugimendu askatzailean eta independentistan bide berriak irudikatzeko dugun ezintasuna da. 

Horrela, bi kasuetan, nazioaren konfort-eremutik ezin aterata gabiltza. Ezaguna denak ematen digun segurtasun antzua aukeratu dugu, beraz.

Nazioa subjektu politiko nagusitzat hartzea ez da aukera bakarra, ezta aukerarik egokiena ere. Nazioak zapaltzailearen onarpenari begiratzen dio. Herriaren ideiak autoeraketan jartzen du argia; ekintzek egingo gaituzte modu bateko edo besteko herri. Bokazio integratzailea du herriak, baztertzailea marxismorik gabeko nazioak. Nazio onarpena helburu duen estrategiak politikaren subjektua alderdiak egiten ditu. Herriaren ideiak, berriz, jendartea egiten du subjektu. Finean, nazioaren estrategiak aurrera egitea hirugarren baten esku uzten duenez, efektu paralizantea baitu jendartean.

Herriaren ideiari heltzeak, nazioak gure aurrean jartzen digun pareta estrategikoaren gainetik salto egiten lagundu gaitzakeela uste dut. Betiko mugetatik at pentsatzen hasi eta nazioaren ainguratzerik gabeko estrategia independentistaren eta askatzailearen inguruko eztabaida publikoa egin behar dugu. Eratu eta indartu dezagun herria esparru guzietan gureak diren burujabetzak praktikara eramanez. Ekintzak egingo gaitu aske.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.