Euskal lurraldeek euskal demokrazia gisa irauteko behar dituzten baldintzez aritu naiz azken liburuan, eta pare bat ideia ekarri nahiko nituzke nazioaz, identitateaz, lurraldeaz eta demokraziaz esaten diren astakeria batzuei aurre egiteko.
Identitate eta leialtasun politiko orok behar ditu baliabideak eta instituzionalizazio maila bat, identitate horrek denboran eta espazioan irauteko helburua badu. Ondorioz, «nazionala» ez da soilik identitate bat, ez bada gaitasun politiko bat. Estatu-egitura duen naziotasun bat horixe baita, identitate politiko subirano bat, bai eta gaitasun bat ere, estatua eta herria batera mantentzen dituena, zenbait botere teknologia, autoritate eta lurralderen bidez.
Horregatik azpimarratu nahi dut hurrengoa demokrata kosmopolita ororen aurrean: ez badaukagu lurralde gisa markatutako eremurik, ez daukagu populaziorik. Populaziorik gabe ez daukagu herririk, eta herririk gabe ez dugu herri burujabetzarik. Hortaz, herri burujabetzak edo autogobernuak lurraldea behar du, ezin baita autogobernurako gaitasun politiko indibidual eta kolektiborik eduki (demokrazia) materialki markatutako eremu politiko zehatzik gabe, baina gaur egun ezin da funtzionala den eremu politiko materialik izan eremu horrek ez baditu instituzio eskudun eta lotesleak, eta instituzio publiko lotesle orok lurraldeturik baino ezin du existitu eta funtzionatu.
Hortaz, globala den guztia tokian tokikoa da ezinbestean. Horregatik da ezinezkoa demokrazia globala tokian tokiko demokraziarik gabe; hartara, lurraldetutako burujabetzarik gabe.
Mugatutasunaren eta lurraldearen kontzeptuak birpentsatu behar ditugu; izan ere, ongizate lurraldeturik eta boteretze edo gaitze instituzionalik gabe ez baita demokratizaziorik izango Euskal Herrian. Gure lurraldean zer sartzen den kontrolatu nahi izatea nola izan daiteke ez-demokratikoa? Ez al gara borrokatzen egunero gure gorputzean guk erabakitakoa bakarrik sar dadin? Nola gauzatu lurralde demokratiko bat ezin baditugu multinazionalak (monsantoak), mafiak eta elite finantzarioaren trafikoa kanpo utzi? Arazoa ez dira muga edo lurraldea kontzeptu hertsiak eta primitiboak direla, baizik eta nola sortu demokrazia, edo gaitze eta autogobernu kolektiboa ahalbidetuko dituen lurralde, lurraldetasun, eta, beraz, muga. Gobernatzearen kontzeptuak (autogobernua barne) lurraldetasunaren ideia behar du (erreparatu: zuen etxea gobernatzeko ere, lurraldetasun mota ezberdinak dituzue), eta mugaren ideia anitza behar du izan (soldatak muga mota bat dira, legeak beste bat, langabea, analfabetoa edo arrazializatua izatea ere bai).
Demokratizazioaz mintzatzerakoan, tokiaren, egitura publikoen, gaitze kolektiboaren eta ongizatearen arteko lotura kontuan hartu behar dugu, baldin eta autogobernua helburu duen gaitze kolektibotzat jotzen badugu demokratizazioa. Lurraldetasunak lotura funtsezko bat ezartzen du gizartearen eta espazioaren artean, gai hauen guztien harira: identitatea eta leialtasuna, jarduera eta baliabideen biltzea, txertatzea eta baztertzea, hots, komunitatearen eraikuntza. Eta komunitate politikoa ez da alderdi bat, klase bat, nire kuadrilla edo zure familia; ezta interes komun baten inguruan bildutako indibiduoen multzoa ere. Horri lobby esaten zaio, ez komunitate politiko.
Demokrazia, beraz, espazioaren antolaketa politikoaren aldaera jakin bat bezala uler genezake, lurraldetasun mota bat, hainbaten artean.
Eta, horregatik, euskal (katalan) eta espainiar komunitate politikoen arteko gatazka ez da soilik bi identitate nazionalen arteko gatazka, baizik eta bi proiektu demokratikoren artekoa.
Pribatizazio (kapitalista) globalaren dimentsio eta eskala anitzeko prozesuak, besteak beste, espazio berriak eratzen ditu, eta lurraldeak ezartze eta desegite horrek des-demokratizazio prozesu ezegonkor eta ezberdinak dakartza, espazio politiko-instituzional mugatuaren kanpoan eta barruan, eta hori dela eta, Nafarroako Foru Erkidegoaren, Ipar Euskal Herriren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren egoerak zeharo desberdinak dira. Euskal demokrazia eraikitzea zaila izango da, non eta ez den birlurraldetze eta instituzionalizazio prozesu bereizi bat gertatzen. Esan bezala, aro kapitalista globalaren ezaugarri da nazioen desmuntatzea, baina tokiko birmuntatzerik gabe ez dago birmuntatze globalik (are gutxiago demokrazia globalik). Horregatik behar dute nazio deituriko tokiko mihiztadura horiek soberania territoriala eta instituzionala, horixe ulertuz komunitate batek bere burua gobernatzeko daukan gaitasun politiko gisa.
Euskal nazioa mihiztadura historiko gisa uler genezake, lurraldeak, egitura politiko eta ekonomikoek, gaitasunek, autoritateek, borrokak eta identitateak osaturiko mihiztadura. Hemen, bi gaitasun-mota hartzen ditugu kontuan: gaitasun formala (ahalmena), subiranotasunaren eta eskubideen teoria klasikoaren araberakoa, eta gaitasun materiala, kasu honetan, gaitasun publiko diziplinario eta biopolitikoa. Demokratizazioa edo berdintasun politikoa eta sozioekonomikoa dakarten mekanismo diziplinario eta biopolitikoak (hezkuntza eta osasungintza publikoak, adibidez) ez dira soilik borroka politikoaren bidez ezartzen, baizik eta lurraldetutako egitura politikoen bidez (ezker espainiar komunista eta kosmopolitak sistematikoki ahazten badu ere); eta horien politika publiko, ongizate eta ekoizpen erregimenek ekartzen dituzte demokratizazioak behar dituen baldintza materialak.
Hortaz, estatu-egitura duen naziotasuna identitate politiko subiranoa da, baina feminismoak oso ondo erakutsi digu identitate subiranoak gaitasun politikoarekin duela zerikusia, gaitasun kolektiboa beti dela materiala eta lurraldetua behar duela efektibo izateko. Gure gorputza baita gure lurraldea, gure lurraldea baita gure gorputza. Ongizatea gorpuztutako fenomenoa da, hots, lurraldetuta dator beti.
Kontuan izanik Europako herritarren %85ek bere nazioa duela identitate iturri nagusietakotzat, azaldu dezatela kosmopolita ez-nazionalistek nola eraikiko duten demokrazia globala tokian tokiko demokraziarik gabe, eta nola gauzatuko duten tokian tokiko demokrazia jada existitzen diren gorpuztutako eta lurraldetutako identitate nazionalik gabe.
Nazioa, lurraldea eta demokrazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu