Karmelo Landa
Historialaria

Nazioa gara Garazitik Durangora

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Euskal Herria nazioa gara Garazitik Durangora, Baionatik Tuterara,  Mauletik Enkarterrira eta Arabar Errioxara. Nazioa gara, bai. Baina aldarrikatze hutsa ez da nahikoa.  Ekiteko garaia da.

«Nazioa gara», adosten dute berriro alderdi abertzaleek han-hemenka, bakoitzaren kongresuaren atarian. Nazioa baldin bagara, nork eta nola abiatuko ditu euskal nazio demokratikoaren egitura propioak? Nork eraiki, zabaldu eta indarrean jarriko ditu euskal lurralde guztietara nazio moderno batek ezinbestean behar dituen oinarriak, arau orokorrak, botere-egiturak eta elkarbizitzarako sistemak? Nork agertzen du gaur egun Euskal Herrian bide hori egiteko estrategia, erabakitasuna, ekinbide sinesgarri eta gauzagarria? Nazio antolatua oso errealitate zehatza baita. 

Paradoxaz, alderdi abertzale instituzionalei emandako boto kopurua goraka doan garai hauetan, desnazionalizazio prozesua ere modu azeleratuan zabaltzen ari da bi estatuetatik gure etxe barrura. Euskara ikasi duen herritarren kopuruak ere gora egin duen garai berean, euskararen erabilera ahuldu, trabatu, galgatu eta atzeraka hasi eta guztiz galtzeko arriskuan dakusagu. 

Larrialdi egoeran daukagu euskal nazioa, hori da egia. Eta ez zaigu, gaur egun,  galbide hori irauli eta, euskal nazioa oinarri hartuta, euskal herritarron etxea, Euskal Herri independentea eraikitzeko proposamen sinesgarririk iristen, alderdi abertzale instituzionalen aldetik behintzat. 

Zama astuneko bi estatu jarri zaizkigu gainean, bai, eta bakoitzak bere «naziotasuna» eta «hizkuntza unibertsala» indarrez eta modu eraginkorrean hedatu du Euskal Herriaren alde banatan. Espainiar edota frantziar izatera, sentitzera eta mintzatzera behartu gaituzte, eta gurean ez dira gutxi dagoeneko inposizio hori gertaera naturaltzat hartzen dutenak. Horretarako bitarteko ugari baitute bai Frantziak bai Espainiak. Kinka larria da, gure euskal naziotasuna ukatu, desagerrarazi, eta beraien naziotasun espainiarra zein frantziarra inposatu, gainezarri eta betikotzeko trantzean jartzen baikaituzte. 

Esan dezagun argi hau ere: etorkizuneko proiektu gisa, Espainia eta Frantzia ez dira, ez, guretzat batere desiragarriak. Zergatik? Begira dezagun Frantzia: estatu mailako aliantza progresista deitua hauteskundeetan garaile izan arren, makronismotik eskuin mutur lepenistarantz doazen gobernantza egiturak nagusitzen dira, tradizio ultra ozpinduenean.

Begiratu Espainiara, egitura zurruneko itsasontzia da Espainia betiereko hori: brankan du monarkia ustela, borboiak txandaka lemazain, eskuineko amulan militarrak, beste aldekoan epaileak; enpresarien elitearen kasta zubian nagusi; txopan, berriz, txandakako gobernu beti otzana eta haren marinel, morroi eta txo laguntzaileak. Itsasontzi lastatua da Espainia deitua, eta lasta edo zama guztia istriborrera pilatzen zaio, eskuin muturrera beti. Nola ontziratuko gara, bada, hor euskaldunok? Ez gure borondatez!

Horrela bada, Euskal Herria nazioa bagara, jo dezagun aurrera eta euskal nazio demokratikoaren egiturak eraiki. Argi eta garbi esanda, euskal alderdi abertzaleetan norabide aldaketa eskatzen du honek. Oraingo bidetik jarraitzen badute, orain pairatzen dugun gainbehera areagotu besterik ez da egingo. 

Herritarron garaia da, beraz. Herritarron mugimendu zabal eta sendoa behar dugu nazio eraikuntza bide egokian abiatzeko. Behartu behar dugu  akordio zabal eta sendoa euskal nazioaren aldeko alderdi, sindikatu, herri erakunde eta jendartean oinarri hartuta. Plazaratu eta abiatu dezagun nazio estrategia erakargarri eta eraginkorra. 

Itsaso zabaletan nabigatzen beti izan dugun trebezia berreskuratu behar dugu. Baina itsasontzi propio egokian, nazio propioaren porturako bandan abiatu eta eskifaia egokia osatuz. Ez onartu inola ere estatu bi horiek erabaki dezaten gure nazioaren egitura, gure historia, kultura, hizkuntza, jendarte antolaketa, gure norabidea eta etorkizuna. 

Nazioa bagara, nazioa izatearen ardura gure eskuetan hartu behar dugu behingoz, ondorio guztiekin. Ez gara jarriko defentsiban, estatuen erasoen zaparradaren azpian euritakoak zabalduz. Ez. 

Zer dugu gure alde? Euskal herritarron nortasuna, euskaldun izateko borondate zabal nagusia. Horri eman behar diogu bide. Euskal Herriaren historiatik berreskuratu behar dugu hari baikorra. Gu euskaldunok ez gara inoiz inposatzaile izan, biktima gara, sarritan erabaki irmoz eta indarrez ere defendatu den biktima. Ez dugu ontzat emango gure ibilbide historikoaren bertsio arrotz eta maltzurrik. Ez dugu, beraz, gurea ez den zorrik kitatu behar, ez eta ondoriozko baldintza inposaturik onartu. 

Euskal herritarrok ez gara Euskal Herrian «gutxiengo nazionala», estatuak eta enparauak horretan tematzen diren arren. Euskal herritarron borondatezko naziotasun demokratikoa euskal naziotasuna da. Aldiz, espainiar edota frantziar sentitzen direnak horiek dira Euskal Herrian gutxiengo nazionalak. Ondorioz, euskal nazioaren antolaketa demokratikoak naziotasun euskalduna eta euskara hizkuntza unibertsala bermatu behar ditu. 

Nazioa izatearen ardurak euskal naziogintza demokratikoa garatzea eskatzen digu, Euskal Herri osoan. Bat Gara izena hartuta abiatu da Euskal Herri osoan herritarrak saretu eta elkarlanean aritzeko ekimena. Donibane Garazin egin zuen lehen bilera irailean, eta ordutik Euskal Herriko geografia osoan hedatzen ari da, abenduan Durangon agertzeko asmoz. Eta hortik aurrera. Ekiteko garaia delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.