Nazio identitatearen kontsumoa

2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Benetan interesgarri larunbatean Joxe Manuel Odriozolari argitaratutako artikulua. Naziotasunaren balizko merkealdiaz hausnartzen du, Kataluniako eta Eskoziako naziotasunen indartze prozesuetan «nazionalismo ekonomikoa» hartzen ari den garrantziaren harira. Nazionalismo ekonomiko horrek eragingo luke lehenago espainiar edo britainiar zirenak orain katalan eta eskoziar independentistak izatea, beren egoera sozioekonomikoa hobetuko delakoan. Baina nazioz aldatzeko argudio «merke» horren aurrean, «arbasoekiko enpatia historikoa» proposatzen du, nazioz aldatzeko argudio jator eta baliagarri bezala. Hortik abiatuta, naziotasunari eta norbanakoen nortasunari buruz hausnarketa txiki bat partekatu nahi nuke.

Nortasuna elementu ezberdin eta dinamikoek osatuta dago. Hau da, «nor naiz ni?» galderari erantzun asko eman diezazkiokegu, eta gure bizitzan erantzun hori aldakorra da. Adibidez, mutiko batek «nor naiz ni?» bere buruari galdetuz gero, erantzun lezake: Su Ta Gar taldearen jarraitzaile fidela, Osasunako zale sutsua eta matematikako irakaslearen etsairik okerrena. Baina urte batzuk geroago, pertsona berberak erantzun dezake: Idoia eta Maitaneren aita eta enpresa komitean gogor aldarrikatzen duen lankidea. Gure nor(garen)tasunean, osagai ezberdinak konbinatzen ditugu, garai ezberdinetan batzuek edo besteek indar gehiago edo gutxiago hartuz. Naziotasunaren atxikimendua beste osagarri bat da identitate aniztun horretan.

Azken urteotan, Katalunian eta Eskozian pertsonek «nor naiz ni?» beren buruari galdetu diotenean, gero eta pisu handiagoa hartu du naziotasun bati edo besteari atxikitzeak. Izan ere, bi naziotasun elkarren lehian bizi diren eremuak dira bata eta bestea. Nazioak laguntzen digu gure bizitzari zentzua ematen, geure burua kolektibo baten baitan ulertzen, nonbaitetik datorren eta nonbaitera doan kolektiboan. Naziotasuna oso atsegina da alde horretatik: alde batetik, norbanakoak komunitatearekin lotzen gaitu, sentimendu garrantzitsuak sortuz harreman horretan. Bestetik, bakoitzak komunitate hori bere erara ulertzea ahalbidetzen du. Gabonak hurbil ditugula aprobetxatuz, nazioaren kontsumoari buruz hitz egin dezakegu.

Pentsa dezagun norbanakoak kontsumitzaileak/erosleak garela eta naziotasuna, saltzen diguten produktua. Kontua da produktu berbera oso marka ezberdinek eskaintzen dutela: ez da gauza bera espainiar nazioa Intereconomían kontsumitzea edo La Sextan, futbol taldeekin edo rock taldeekin. Intereconomía maite duten asko eta gorroto duten hainbeste, guztiak izan daitezke espainol, eta berdin futbola sutsuki bizi dutenak edo munduko txapeldunen euforiatik ihes egiten dutenak. Irudika dezagun orain gure adibideko nazio espainola esnea dela. Eros dezakegu marka bat edo bestea, baina aspaldian esnea edateak garraztu egiten gaitu, bihotzerrea sorrarazten digu eta gorputzaldi eskasa uzten. Erreparatu diogu, aldi berean, ardi gazta ere saltzen dutenari. Behin frogatuta, oso goxoa dago. Ez genuen uste inoiz utziko genionik esnea edateari, baina, azkenaldian, guztiz baztertu eta bazkalostean ardi gazta zati bat jaten dugu egunero.

Esnea bezala, ardi gazta markak ere asko dira: batzuek nahiago dute suabea, besteek zapore gogorragoa bilatzen dute, badaude gazta ketua maite dutenak ere… Nazioz aldatzea, produktuz bezala, posible da. Zuzenean ari gara ikusten prozesu hori bai Herrialde Katalanetan eta bai Eskozian. Milaka arrazoi egon daitezke aldaketa hori egiteko; bakoitzak bereak izango ditu. Esan bezala, naziotasuna gure nor(garen)tasunaren elementuetako bat da. Eta geure buruaren kontakizuna egitean, faktore sozioekonomikoek aspaldian ez zuten garrantzia hartu dute. Gero eta presenteago dago sozioekonomia «zer moduz zaude?» galderari ematen zaizkion erantzunetan: lanean, langabezian, justu-justu gabiltza, zortez enpresan ez dugu erregulazio espedienterik… Nortasunaren benetan osagai garrantzitsua, ekidinezina, bihurtu da egoera sozioekonomikoa. Eta, nola ez, gure identitatearen beste osagarri bat den naziotasunarekin uztartu da. Bakoitzaren naziotasuna azpimarratzeko orduan, faktore kulturalek, hizkuntzazkoek, historikoek eta abar pisua galdu dute eta, oro har, jendartean, faktore sozioekonomikoa lehen lerroan dago. «Guk hobeto egingo genuke» da pentsatzen duguna.

Ezin diogu testuinguru honetan nazioz aldatzeari erabaki merke deitu. Geure buruaren ulerkeran eta kontakizunean, naziotasunez aldatzea benetan prozesu sakona da, eta, besteak beste, independentzia bai ala ez erabakitzean alor sozioekonomikoaren pisua egungo momentu historikoaren isla da. Izan ere, gure erabaki guztietan dago lehen lerroan: afaltzera nora joan erabakitzean, familia osatu edo itxarotea adostean, beste herrialde batera migratzean... Horren aurrean, «arbasoekiko enpatia historikoa» proposa daiteke, esan bezala. Baina hitz egin dezakegu «gure» arbasoez populazioaren zati handi bat migrante familien seme-alaba den herrialde batean? Zein arbasoz ari gara, Extremadurako laborariez? Galiziako marisko biltzaileez? Nafarroan ezarri ziren merkatari frankoez? Kanporatuak izan ziren juduez? Nortzuk dira benetako euskal nazioko arbasoak?

Historiari begiratzea nazio guztiek egin duten zerbait da. Baina historia horretan, milaka datu, fenomeno, pertsonaia, gertakizun eta prozesu topa daitezke. Historia nazionalek ez dituzte gure arbasoen historiak kontatzen, baizik eta lurralde bateko historia. Euskal herritarron zati handi baten arbasoak bertan bizi ez ziren lurralde baten historia, orduan bizi zirenen ondorengoen gehiengoa munduan zehar barreiatuta dagoen bitartean. Historiak lagun dezake geure burua ulertzen, gure komunitatea historian zehar imajinatzen. Jende askok Francoren aginduz fusilatutako Txiki paradigma dugu, bere arbasoekiko enpatia apur dezake eta gurasoena ez den komunitate nazional bati atxiki, nazio horren historiaren parte bihurtuz. Katalunian eta Eskozian gertatzen ari da. Euskal Herriak eta Kataluniak produktu interesgarriago bat eskaini dute, Espainiak ez baitio jendeari kalitatezko ekoizpenik eskaini: ez du gure hizkuntza normaltasunez onartzen, ez gaitu langile bezala errespetatzen, statusa zalantzan jarri duenari zaunkaka eta hozka eginez erantzuten dio… Utz diezaiogun jendearen kontsumo ohiturak aldatzeko erabakia kritikatzeari, eta ekin diezaiogun produktu berri horien nondik norakoak ezartzeari. Nolako Estatu Katalana nahi dugu? Nolako Eskozia? Nolako Euskal Herria? Azken finean, nolako mundua? Eraiki ditzagun horiek, orain eta hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.